Bermeok bandera eta Mundakak zilarrezko domina eskuratu dituzte Euskadiko Batel Txapelketan
Gizonezko absolutuen maila irabazi du Bermeok, Zierbenaren aurretik. Gizonezko haurren mailan, ostera, zilarrezko domina eskuratu du Mundakak.

Bizkaiko batel txapelketetan euren onena emanda, Euskadiko Batel Txapelketa lehiatu dute asteburuan Busturialdeko arraunlariek. Bermeoko eta Mundakako batelek Legutioko urtegiko urak hartu zituzten zapatuan [apirilak 12] sailkapen estropadan, eta toki berean jokatu zituzten finalak ere, domekan [apirilak 13]. Bermeotarrek bandera lortu dute gizonezkoen absolutu mailan, eta mundakarrek, ostera, zilarrezko domina gizonezko haurren mailan.
Gizonezko absolutuei dagokienez, zapatuko sailkatze estropadan bigarren postua eskuratu zuen Bermeok, Zierbenak baino hamar segundo gehiago eginda. Finalean, ostera, lehenengo ziabogatik aurrea hartu zuten bermeotarrek, eta goren goreneko maila mantendu zuten estropada guztian. Hori horrela, 08.38,90eko denboragaz amaitu zuten estropada, eta atzetik geratu zen Zierbena, 08.43,64ko denbora eginda. Hirugarren Itsasoko Ama (09.07,43) eta laugarren Isuntza (09.28,27) geratu ziren.

Bermeo.Bermeo Arraun Argazkiak
Mundakako gizonezko haurrek, ostera, esku puntekin ukitu zuten garaipena. Sailkatze estropadan bigarren postuan geratu ziren, Kaiku baino zortzi ehuneko gehiagoko denbora eginda. Halaber, irabazteko gogoz eta esperantzaz atera ziren Legutioko uretara, eta maila ezin hobea erakutsita, Kaikugaz batera hartu zuten lehenengo ziaboga. Azken metroetan, ostera, Kaikuk hiru segundoko errenta atera zien, eta zilarrezko domina eskuratuta amaitu zuten mundakarrek (04.49,05). Atzetik geratu ziren Arkote (04.53,89) eta Deusto (04.57,36).
Sailkatze estropadan bosgarren postutik zortzigarrenera geratu zirenek aldiz, B finalak lehiatu zituzten domekan. Hala, Mundakako gizonezko gazteek irabaztea lortu zuten (09.15,68) eta Bermeoko emakumezko absolutuek, ostera, laugarren postua (10.29,83).

Ezkerrean mundakarrak, zilarrezko dominagaz.Bermeo Arraun Argazkiak