'Elanchove' lurrunontziaren historia lurreratzen duen erakusketa
1936ko urriaren 25ean modu misteriotsuan hondoratu zen ‘Elanchove’ lurrunontzia, eta hari buruzko erakusketa inauguratu dute gaur. Irailaren 21era arte bisitatu ahalko da.

Elanchove baporeak urriaren 24an amaitu zuen burdin mineralaren karga Orconerako kargategian, eta Cardifferantz (Gales) abiatu zen. Hilaren 24an baldintza meterologikoak onak ziren, baina urriaren 25ean, 23:30ean, itsasontzia hondoratu egin zen. Sei eskifaiakidek bakarrik lortu zuten itsasoan zegoen txalupa bati heltzea, eta bakarrak biziraun zuen: Jesus Betanzos marinelak. Mariette arrantza ontziak erreskatatu zuen, eta Arroxelera eroan, handik ehun itsas miliatara desagertu baitzen ontzia. Baina zergatik dakigu hain gutxi hondoratze honi buruz? Zer gertatu zen? Istripua izan ote zen? Ez? Zergatik marinelek ez zuten laguntza seinalerik bidaltzeko denborarik izan?
Asko dira galderak, asko erantzun ezin direnak. Hondoratzearen inguruko azalpenak ez daude argi, baina lurrunontzi horretan zihoazen marinel eta ofizial batzuen identitateei buruzko datuak biltzen ditu Elantxobeko Gorgonio Renteria Kultur Etxean dagoen Elanchove erakusketak; irailaren 21era bitartean ikusgai egongo da.
Fernando Abaroa lurrunontziko kapitailaren loba izan zen egun erakusketaren hazia landatu zuena. Echano ontzia hondoratu zuela entzun zuen, eta bere amari galdetu zion ea non hil zen bere aittitte. Harek ontzi batean hondoratuta hil zela esan zion, baina ez horo zein ontzi izan zen. Hala ere, ikerketa abiarazi zuen haren lobak, denetariko dokumentazioa bilatuz. Eta, ikerketagaz jarraitzeko asmoz, Bizkaiko Merkataritza Ontzidiko Kapitainen Elkarteagaz jarri zen harremanetan, eta han Idoia Ibañezi —Espainiako lehen emakume kapitaina— galdetu zion ea zer zekiten horri buruz. Baina Ibañezek eurek egunkarietan argitaratutakoa besterik ez zekitela erantzun zion.
Hala ere, iaz, kapitainen elkarteak kaleratzen duen Recalda izeneko bi hilabeterik behineko aldizkariaren 40. urteurrena zela eta, kasu hori ikertzea erabaki zuten, eta gaia sakontasunez lantzen hasi zen Ibañez bera ere. “Izan ere, 41 pertsona hil ziren, 40 tripulatzaile eta makinetako lehen ofizialaren emaztea. Pertsona bakarra atera zen bizirik”, kontatu du gaur, erakusketaren inaugurazio ekitaldian. Bertan bildu dira ikerlariak zein udal ordezkariak, ontzian joandakoen senideak eta elantxobetarrak.
Hain zuzen ere, Rebeca Gandarias udaleko ordezkariak, erakusketaren garrantzia azpimarratu du: “Eskertuta gaude, uste dugulako herriarentzako zein herritarrentzako garrantzitsua dela bertako historia ezagutzea; jakitea zer zen gertatu zena. Gure historia ezagutzea ezinbestekoa da, eta erakusketa honek hori ahalbidetzen du. Beraz, eskerrik asko hau posible egin duzuen guztioi”.
Hala, Asier Guenagak erakusketan “gauza interesgarri bezain emozionanteak” aurki daitezkeela esan du. Izan ere, bizirik atera zenaren deklarazioa, garaiko egunkariak, dokumentazio gehiagarria, hildakoen alargunen borroka zein hondoratzearen inguruko misterioa gordetzen duten dokumentuak ikusi eta irakurri daitezke.
Hala, kultur etxera sartu eta jarraian, mahai batean, salbamendu txalupa moduko bat irudikatu dute, non ontzia hondoratu zenean txalupa bati lotuta geratu ziren pertsonetako batzuen identitateak jaso dituzten. “Sei geratu omen ziren txalupari lotuta, baina horietako lau bakarrik identifikatu ditugu, tartean kapitaina. Beste biei buruz ez dakigu ezer”, gehitu du Ibañezek.
Betanzos izan zen bizirik iraun zuena, 26 orduz txalupari lotuta egon eta gero, Bilbotik 150 milia iparraldera eta Arroxeletik 100 milia ingurura. “Batzuek esan digute ur horiek ez direla Pameirakoak bezain hotzak, eta horregatik biziraun zuela, ohituta baitzegoen ur hotzagoetan igeri egitera. Gainera, bere anaia ere berarekin egon zen, baina 18 orduz iraun ostean, ito egin zen”, gehitu dute. Behin erreskatatuta, Arroxelera eraman eta handik Bordelera joan zen, gertatutakoari buruzko adierazpena ematera. Bere testigantza horri esker, Bilbora deitu zuten, Elanchove hondoratu zela esateko.
Ondorioz, itsasontzia hondoratu eta hilabetera eman zuten horren berri garaiko egunkariek. Horiek ere ikusgai daude, eta hondoratzeari buruz horiek kontatutakoa jasotzen dute. “Egunkariak ere irakurgai jarri ditugu, hau kultur areto bat delako eta horiek begiratzeko, irakurtzeko eta informatzeko aukera dagoelako”.
Egunkariez gain, gainera, irakurgai dago, baita ere, Betanzosek Bilboko notariotzan emandako testigantza. Hala ere, deklarazio hori armadorearen komenentziarako eman zuela uste dute erakusketaren komisarioek, itsasontzioaren asegurua kobratze aldera. “Denborale bat egon zela eta ontzia denbora gutxian hondoratu zela dio, ezertarako denborarik ez zutela izan esanez”, kontatu dute gaur kapitainaren familiakoek. Baina itsasontzi bat ezin dela denbora gutxian hondoratu diote, armadoreak asegurua “ondo” kobratu zuela gehituta; antza denez, ontzia milioi bat zapirehun eta berrogeita hamar pesetatan erosi zuten, eta bi milioi eta erdiko kobratu zuten asegurua dela eta. “Gainera, badakigu bizirik atera zena ez zela Galiziara joan, bere herrira, Ameriketako Estatu Batuetara baizik. Beraz, ondoriozta genezake armadoreak zuzenduta eman zituela testigantzak”, esan dute familiakoek
Ibañezek gehitu du testigantza horretan kontatutakoa dela dakitena: “Eta zer kontatu zuen? Esan zuen haren anaiak ontziaren kaskoa ongarrituta zegoela esan ziola, baina berak ez ziola jaramonik egin, ondo ikusten zuelako. Horrez gain, lehen makinistak bere emazteari salbamendu uztaia nola jartzen zion ere ikusi zuela jasotzen du deklarazioak, baita bere anaiak azken momentuetan ontzia gaizki zihoala esan izana ere”. Deklarazioaren ondorioa, baina, denboralea izan zela kausa izan zen. Hala ere, mapa meteorologikoek “eguraldi ona” egiten zuela diote.
Bizirik atera zen marinelak bere emazteari idatzitako gutun bat ere ikusgai dago, zeinetan bere emazteari esaten zion ez zela etxera itzuliko.
Ondorioz, hondoratzearen arrazoiak ez daude argi, eta hipotesi nagusiak hiru dira: gerra ekintza (meategi edo torpedo batekin talka egitea); kaskoa apurtzea; edo, bertsio ofiziala dena, denborale gogorrarena. Badira hipotesiak, baina ez ondorio zehatzak. Hala ere, garaiko testuingurua aipatzen du erakusketak, garai hartan zeuden ontziak “gerraren atalean” jasoz. “Elanchove 1936ko abuztuan konfiskatu zuen Espainiako Errepublikkao gobernuak, eta burdina eroan eta ikatza ekartzen zuen. Bertan lan egiten zuten senide batzuek pertsonak ere eroaten zituztela esan digute, gerratik ihesean edo”, gehitu du Ibañezek. Eta, garraiatzen zuen materialaren ideia egiteko, Gallartako museoak utzitako burdin mineralak ere ikusgai daude Elantxobeko kultur etxean.
Horiez guztiez gain, bi maketa ere badaude. Bata Elanchove da, eta bestea, Itsas Museumek utzitako Antolin. Eta, zergatik daude hori? Antolinen motor nagusia eta galdara Elanchove arrantza lurrunontziarenak zirelako. Bi maketa horien gainean, gainera, tintaz eta akuarelaz marraztutako mapa bat ere badago, Elanchovek burdina kargatzen zuen kaia islatzen duena.
Gainera, marinelen familien borroka islatzen duten dokumentuak ere badaude. Izan ere, lehen, marinelak desagertzen zirenean 10 urte pasatu behar ziren desagertutzat jotzeko, eta euren alargunek ez zuten pentsioa kobratzen.
Ikerketan bildutakoez gain, elantxobetarrek ere ekarpenak egin dituzte erakusketa osatzeko. Tartean, Guenagak nabegazioko argiak utzi ditu, baita korapiloen koadroa, orratza eta erlojua ere. Horrez gain, Elantxobeko armarria edo uraren varometroa ere jarri dituzte bilduman.
Elanchoveren tripulazioa euskalduna eta galegoa zen gehienbat, eta horietako batzuk identifikatuta dituzten arren, besteei buruzko informazioa biltzen jarraitzeko asmoa agertu dute gaurkoan. Bitartean, erakusketa bisitatzen dutenei eurek ekarpenak egiteko galdetegi bat ere jarri diete eskura, euren usteak zeintzuk diren jakin asmoz. Ze, zein da ontzia hondoratzearen arrazoia? Zergatik dakigu hain gutxi hondoratze honi buruz? Zer gertatu zen? Istripua izan ote zen? Ez? Zergatik marinelek ez zuten laguntza seinalerik bidaltzeko denborarik izan?













































