Busturialdeko VI. Txistularien Eguna ospatuko dute domekan
Eskualdeko txistularien ospakizunak Sukarrieta eta Kanalara egingo du jauzi domekan [apirilak 13]. Jaiaren seigarren aldian 60 lagun inguru elkartuko dira kalejiran, eta ostean talde bazkariagaz biribilduko dute eguna.
Ospakizunaren sorreraz geroztik, urtero eskualdeko udalerri batek hartzen du eskualdean txistuaren ohitura eta kultura sendotzeko Busturialdeko Txistularien Eguna. Iaz Elantxobeko kaleak hartu ostean, seigarren aldian Sukarrieta eta Kanalara egingo du jauzi ospakizunak, domekan [apirilak 13]. Txistulariek 09:45ean dute hitzordua, Sukarrietako parkean, bertan ferria hartu eta Kanala joateko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bertara iristean hamaiketakoa jateko aprobetxatuko dute, txistu hotsez lagunduta. Bazkaltzeko Sukarrietara itzuliko dira, baina oraingo honetan, autobusez. Bazkalaurretik baina, emanaldia eskainiko dute txistulariek, pantalana, batzokia, parkea, Txatxarramendi… zeharkatuko dituen kalejiran. Aurreratu dutenez, kalejirarako “60 lagun inguru” elkartuko dira. Busturiko Palas jatetxean egingo duten talde bazkarian, ordea, 37 lagun batuko dira.
Ospakizunaren helburu nagusia “txistulariak elkartu, elkar ezagutu eta egun polita pasatzea” den arren, eskualdeko ondare musikalari ere ekarpena egiten dio jaiak. “Urtero, herri horretan dauden partiturak ateratzen ditugu, danok izateko”, azaldu dute. Sukarrietaren kasuan, San Andres abestiaren partitura sortu dute, herritarren laguntzaz: “Bost edo sei andra nagusik abestia ezagutzen zutenez, grabatu egin dute eta guk partitura atera dugu, kantak berreskuratu eta mantentzeko”.
Seigarrenaren atarian, eskualdeko txistulariak dagoeneko zazpigarren aldiari begira daude. Data zehazteke badute ere, dagoeneko badakite txistuak eskuan, Mundakako kaleak girotuko dituztela datorren urtean.