"Astrari eraso egitea herria erasotzea da"
Astrako eragile eta norbanakoek azken hilabeteetan jasandakoak salatu eta Astra proiektua era askotara kaltetua suertatu dela jakinarazi dute. Astra eremu segurua izatea bermatu nahi dute: "Ez gara marra horretatik igaroko".

Argia eta zuzena da adierazpena, argia eta zuzena da Astrako kideek erakutsitako kezka: “Astrari eraso egitea herria erasotzea da”. Izan ere, Astrako eragile eta norbanakoek azken hilabeteetan jasandakoak salatzeko eta Astrako proiektua era askotara kaltetua suertatu dela erakusteko agerraldia egin dute: “Nahikoa da ozen botatzeko sasoia heldu dela pentsatzen dugu”.
Ze, jakinarazi dutenez, iaztik hasi eta gaur egunera arte, bata bestearen atzetik sufritu dituzten erasoen zerrenda luzea da: lapurreta pila bat jasan dituzte 4.000 eurora arte heltzen diren albokalteekin; eta, euren espazioa inbaditua izan da behin eta berriro, gauez ezkutuan sartu eta “inongo lotsarik barik” leiho, altzari eta ateak apurtu dituen jendearen aldetik. “Oso nabarmena izan da, gainera, gure bi solairutako azpiegiturek jasotako apurketa”, gehitu dute.
Horrez gain, argi eta ozen esan dute Astran ospatutako azken jaietan jasotako egoera batzuk eta emandako “jarrera asko” ez datozela bat Astrak defendatzen dituen balioekin: “Bertaratutakoen jarrera oldarkorrak txandalariekiko, errespetu falta konstanteak, borrokak, jarrera sexistak… horiek ez datoz bat gure proiektuaren balioekin”.
Hori dela eta, argi utzi nahi izan dute Astrari lapurtzea herriari lapurtzea dela. Ze, Gernikari zein eskualdeari eskaintza aberats bat egiten dion arnasgune bat izateaz gain, herriko eta inguruetako pila bat elkarte, kultur eragile, talde politiko, kirol talde eta abarren aterpe ere bada Astra: “Hala, hauek eraso zuzenak dira gauzak egiteko beste era batean sinesten duten hainbeste eragilerentzat. Gure herriari errespetua galtzera heltzeko prest dagoenak ez du gure errespeturik merezi“.
Astra sorreratik izan da “denentzako zabalik” egon den proiektu bat, eta “denentzat” horrek ezinbestekoak diren ildo batzuk dituela mugatzak azpimarratu dute: “Hau eremu antiarrazista, feminista, LGTBIQ+ eta euskaldun bat den heinean, ez ditugu juergetan zein beste edozein ekitalditan sortu litezkeen eraso edo jarrerak onartuko. Gure ateetatik barrura sartzeko komeni da nora gatozen jakitea: hau autogestioz, lan militantez eta borondatezko txanden bitartez eraikitako gune bat da, gure herriak une honetan dituen gabezia askori erantzun bat ematen diena”. Gehitu dute gizarteko hainbat borrokarekin bat egin izan duela beti Astrak, eta, errespetutik eta enpatiatik, gutxieneko politiko “oso beharrezkoekin” lerrokatzen dela.
Hain zuzen ere, gutxieneko garrantzitsu horietako bat da Astra eremu segurua izatea: “Ez gara marra horretatik igaroko. Astra ezagutu eta era konstruktiboan ekarpenak egin nahiko lituzkeen oro beti egongo da sareetatik zabaltzen ditugun parte hartze dinamiketara gonbidatuta”. Ondorioz, Astrak ez duela herria erasotzera doan inor berean onartuko adierazi dute, baita Astra proiektua erasotzera ausartzen den edonorekiko neurriak hartuko dituztela ere: “Utzi Astra bakean”.