1.200 zuhaitz landatuta, bidean gozatuta eta helburuak beteta
Sasoiko landaketak 1.200 zuhaitz landare landatuta, bidean gozatuta eta helburuak beteta amaitu dituzte BaSOS elkartekoek negu sasoiko landaketak.

Denak du hasiera, bere bidea, eta amaiera. BaSOSek Muxikako lursailean egindako landaketek ere izan dute hori guztia. Abenduaren 28an hasitako bidea domekan (apirilak 6) biribildu zuten, sasoiko bosgarren eta azken landaketan. Eta hori “ezin zoriontsuago” egin zuten gainera, “bidean asko gozatuta eta zituzten helburuak beteta”.
Hala, hasi zirenetik, 1.200 zuhaitz landare landatu dituzte, baina emaitza ez da landaketena bakarrik izan; izan ere, “politak” izan dira elkarbanatutako momentuak, eta “pozgarriak” horiek naturarekin kontaktuan bizitzea. “Baina ez da bakarrik zuhaitzak landatzea izan, bertara hurbildutako lagun batek esan bezala, ze ondo sentiarazten gaituen burua, bihotza eta eskuak, hirurak bide berean martxan jartzeak”, adierazi dute.
Azken jardunaldian, hamabi lagunek eman zioten hasiera goizari, eta beranduago beste lagun batzuk hurbildu zitzaizkien. “Han ibili ginen, oso gustura, familia giroan bezala, helduok aitzurrekin landaketetan eta umeak bertako putzuetan zapaburutan edo jolasean”, azaldu dute. Eta goiza amaitzeko, azken 200 zuhaitz landareak lur hartuta utzi zituztela gehitu.
Hasi zirenetik denetariko landareak jarri dituzte, baso misto bat sortzeko asmoz: otsalizarrak, haritzak, gereziondoak, urkiak… Eta han geratu dira, udaberri betean, hosto txiki samurrez betetzen hasi diren zuhaitzak, udaberriak dakarren indarrari erantzunez. Hala, BaSOSeko kideek neguko landaketen amaiera ospatu gura izan dute, eta eskerrak eman dizkiete landaketetara bertaratu direnei: “Hasieratik azken landaketara arte, bertara hurbildu zareten guztioi, eskerrik asko, guztion artean egin dugulako hau posible”.