Berriro zikloturismoaren ardatz izateko prest
Ekainaren 14an egingo dute Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistikoa aurkeztu dute, Gernika-Lumoko Neguetxean. Zikloturista martxaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta bertan egon da aurten omenduko duten txirrindulari ohia: Pedro Horrillo.

Ekainaren 14an, Gernika-Lumo gurpil biren gainean jarriko da berriro. Beste behin, Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistikoak txirrindularitzaren zaleak elkartuko ditu, “txirrindularitza maite duten” guztientzako data esanguratsuan. Iragan barikuan [apirilak 4] aurkeztu zuten, Gernika-Lumoko Neguetxean, martxaren 15. aldia, eta bertan egon ziren egitasmoaren babesle, antolatzaile nahiz sustatzaileak, Juan Mari Guajardo txirrindularitzan aditutako aurkezleak gidatutako agerraldian.
Ohiko modura, hiru ibilbide edukiko dituzte aukeran parte hartzaileek, bakoitzaren mailari zein profilari egokituta: Iraupen Martxa, Iraupen Erdiko Martxa eta Iraupen Luzeko Martxa. Aurreratu zutenez, gaur-gaurkoz 700 lagunek izena eman dute. Gainera, aurten emakumezko parte hartzaileek kopuruak “gorakada nabarmena” edukiko du: “Momentuz izena emandakoen %20 emakumeak dira”. Proba ez lehiakorra izanda ere, iragarri dute Euskal Herriaren luze-zabaleko herritarrek izena eman dutela, baita Espainiatik bertaratuko diren askok eta askok ere: “Parte hartzaileen erdia Bizkaitik kanpokoa da; Espainiatik ere etorriko dira, eta Herbehereetatik, Frantziatik nahiz Andorratik ere bai”.

Argazkia: Oiz Erronka.
Iraupen Erdiko Martxa da jende gehien bilduko duena, azken urteetako dinamikari jarraiki. 128 kilometroko luzera du eta, Busturialdeaz gain, Uribe Kosta zein Lea Artibai gurutzatzen ditu. Iraupen Luzeko Martxak ere, eskualdeok ukituko ditu, eta Oiz mendiaren gailurra edukiko du ardatz nagusi, 164 kilometroko luzera esanguratsuaz gain. Hirugarren aukera 72 kilometroko Iraupen Martxa izango da, eta Busturialdean nahiz Lea Artibain barrena egingo dute.
Aurtengo omendua Pedro Horrillo txirrindulari profesional ohia izango da. Ziklista ermuarra urte luzez goi mailan aritutakoa da, eta profesional modura edukitako “ibilbide luzeagatik” nahiz “Urdaibaiko bizikleta kulturari egindako ekarpenagatik” omenduko dute. Horrillo bera aurkezpen agerraldian egon zen, eta lagun eduki zituen ziklismo alorreko hainbat ordezkari entzutetsu, batik bat, David Lopez, Beñat Intxausti, Ruben Gorospe, Mikel Zarrabeitia, Mikel Artetxe, Igor Astarloa, Marino Lejarreta, David Etxebarria edota Roberto Laiseka.
Oiz Hiria gunea.
Bestalde, fan zone formatuko Oiz Hiria aisialdi gunea ere plazaratu zuten aurkezpenean. Probaren bezperan, parte hartzaileek beren dortsalak bertan jaso ahalko dituzte, eta “txirrindulari, babesle eta herritarrentzako bilgunea” izango da. Izan ere, ziklismoagaz loturiko enpresak ezagutu ahalko dituzte bertako azokagunean, eta kultur nahiz gastronomia “eskaintza zabala” egongo da.