Arraiza-Gamindek seigarren txapelik gabe utzi dute Arrizabalaga
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak 18-22 galdu dute Miren Arraiza eta Enara Gaminderen aurkako Binakako Txapelketa Nagusiko finala. Hala, gernikarrak ezin izan du seigarren txapela jantzi.

Momentuz ez. Olatz Arrizbalagak ez du Binakako Txalpelketa Nagusiko seigarren txapelik jantzi. Pilotari gernika-lumotarrak esku pilotaren historiarekin zita zeukan atzo (apirilak 6). Izan ere, Arrate Bergararekin batera Miren Arraiza eta Enara Gaminderen aurkako finala irabaziko balu, binakakoan seigarren txapela eskuratuko lukeen historiako estreinako pilotaria izango litzateke. Baina lau tantoren aldeagaz galdu zuten finalak berak eta Bergarak: 18-22.
Markarik ez zen izan atzokoan, baina bai final lehiatu eta bikain bat, Oiartzungo Madalensoro pilotaleku bete-betean lehiatutakoa; 800 lagun bertaratu ziren, eta 200 inguru sarrerarik barik geratu ziren. Finala “gogorra, luzea eta borrokatua” izan zen, 61 minutu eta 524 pilotakadakoa, eta amaiera horretara sendoago ailegatu ziren Arraiza eta Gaminde, merezitako txapela eskuratuz. Bigarrena da Laukizkoarentzat (lehenengoa Arrizabalagagaz batera lortu zuen 2022an) eta lehena donostiarrarentzat.
Finalak bi zati desberdin izan zituen, eta lehenengoan Arrizabalaga izan zen protagonista. Aurkariak jokoa atzean kargatzen saiatu ziren arren, gernikarra erasokor kantxaratu zen, aukera zeukan bakoitzean erasora joz eta tanto asko amaituz. Bergarak ere berme handia erakutsi zuen atzealdean, hutsegite batzuk egin zituen arren. Hala, finaleko faborito eta beteranoenek lau puntuko alde polita lortu zuten markagailuan lan erdietan (11-7).
Baina, denak bideratuta zirudienean, gidoia erabat aldatu zen. Bergarak lau pilota galdu zituen jarraian, horietako bi erantzun gabeko sakean, eta Arraiza-Gaminde bikotea euren garaipenean sinisten hasi zen. “Lehenengo zatian nahiko ondo jokatu nuen, partida kontrolatuz. Nire jokoa erakutsi nuen, baina gero, gure akats pare bat tarteko, partidan sartu ziren Arraiza eta Gaminde. Estrategia aldatu zuten, nire gainetik askoz hobeto lehiatzen hasi ziren, eta pilota gutxi izan nituen ordutik aurrera. Ez nintzen eraso sentitzen, eta horrek erabaki txar batzuk hartzera eraman ninduen, momentu txarrean etorri zirenak, gainera. Arrateri lagundu nahi nion, baina ez ziren erabaki onak izan”, gogoratu du Arrizabalagak.
Momentu horretatik aurrera, urduritasuna eta konfiantza falta nagusitu ziren Bergararengan eta Arrizabalagarengan.
Finala asko gogortu zen amaieran, 14 tantora eta 18 tantora berdinduz. Nekea agertu zen orduan, eta hutsegiteak ere dezente ugaritu ziren. Hala, egoera horuetan, ondoen moldatu zirenak Arraiza eta Gaminde izan ziren, eta azken lau tantoak segidan lortu zituzten. “Eurak urduriago hasi zuten partida, baina bigarren partean gu aritu ginen konfiantzarik barik. Ni ere kutsatu nintzen horrekin. Tentsioa eta nekea nagusitu ziren, eta detaileetan joan zen partidua euren alde. Nik uste dut guk utzi geniela partiduan sartzen eta konfiantza ere guk eman geniela”, onartu du aurrelari gernikarrak.
Gehitu du lau pilotariak egon zirela urduri, tentsioz beteta, inork ez zuelako aurrera egiten: “Lehenengo guk hartu genuen aurrea markagailuan, gero eurek. Gero berdinketa lortzen genuen markagailuan. Eurek pare bat tanto jarraian egiten zituztenean, gero guk erantzuten genien, edo pare bat akats egiten zituzten. Unero berdinduta genbiltzan. Eta, azkenean 18-18koagaz, ezin dira hutsegiteak egin, eta guk egin egin genituen”.
Partida amaieran “amorratuta” zegoen Arrizabalaga, joko ona erakutsi zutelako bai finaleko lehen zatian, bai txapelketa osoan, eta ezin izan zuelako txapela eskuratu. “Indar gutxigaz heldu nintzen amaierara, eta izan daiteke, jendeak esan modura, defentsa lan asko egin nuelako, pilotakada asko jo nituelako, baina ez zen erraza hori kudeatzea. Gainera nire buruagaz hasarre nengoen, Arrateri gehiago lagundu behar niola pentsatzen bainuen, eta horrek txapela lortzeko aukera areagotuko zuela uste nuelako”, azaldu du. Baina finalak finalak dira.
Seigarrena jarraian zuen Arrizabalagak, zortzigarrena denetara. Eta, inoizko Binakako Txapelketa Nagusirik luzenak tamainako finala izan zuen. “Alde nabarmenagaz izan da finalik lehiatuena. Lehenengo finala pilota mistoagaz irabazi nuenean, Gamindegaz batera, finala ez zen batere lehiatua izan, pilotakada gutxiago egon ziren, eta atzoko finala, adibidez, jendeak ikusteko lehia polita izan zen, gogorra, beste maila batekoa. Zortzigarren fianala da niretzat, eta lehenengoagaz alderatuz gero, bilakaera nabarmena egon da. Pertsonalki, oso gustora nago”, aitortu du.
Bilakaera horren erakusle izan zen finala, eta hurrengo txapelketak are eta zailagoak izango direla uste du aurrelariak: “Maila gero eta handiagoa da, eta lehiakortasuna ere nabariagoa. Urterik urtera gero eta zailagoa izango da finalean egotea. Aurten pilo bat kostatu ziagu, partidu guztiak gogorrak izan dira, bikote guztiak oso gogor aritu dira, eta meritu askorekin ailegatu gara finalera. Eta hori ona da. Kontua, orain, zera da: finalera ailegatzea gero eta zailagoa izango dela, baina ea beste batean egoteko aukera dudan hurrengo urteetan”.
Txapelketa luzea izan da, baina Arrizabalagari “asko gustatu” zaio. Abenduan hasi zuten atzo amaitu zuten lehia, eta horrelako txapelketek “balio gehiago” dutela uste du, “erregulartasuna ere saritzen delako”. Arrizabalagak eta Bergarak jakin dute euren maila ematen eta horregaz geratzen dira: “Txapelketa luze bat eta gero segitu dugulako maila ona ematen. Hurrengo urtera begira, formatu beragaz jarraitzeko asmoa dago, eta gazteak ere indartsu datoz; beraz, gehiago entrenatu beharko da”.
Orain deskantsua hartuko du pilotariak, eta udara begira jarriko da gero, udako txapelketak prestatzen hastea baita hurrengo helburua: “Udara ondo ailegatzea izango da oraingo helburua, udan maila ona emateko”.