Apalantza eta Agirre, abiadura betean
Ikullu Razing etxeko Aitzol Apalantza eta Alain Agirre nagusi izan dira asteburuan Busturialdeko errepideak hartu dituen II. Urdaibai Rallyan.

Ez da egon Aitzol Apalantza eta Alain Agirre baino bizkorragorik. Ikullu Razing eskuderiako bikoteak ez zuen inongo aurkaririk eduki iragan zapatuan [apirilak 5] lehiatutako II. Urdaibai Rallyan, eta, ziztu bizian lehiatuz, beren Skoda Fabia Rally 2 Evoak Busturialdeko errepide bazterretako hautsak harrotu zituen. Boteretsua besteko argia izan zen lortu zuten garaipena: 100 kilometro orduko batezbesteko langa gainditu zuen bikote bakarra izan ziren, eta bigarren sailkatuei, Kastinparro Racingeko Gorka Antxustegiri eta Xabat Urrestiri, minututik gorako aldea atera zieten. Garaileek 50.49,905ean gelditu zuten erlojua; bigarrenek, aldiz, 52.03,214ean; podiuma osatu zuten hirugarren sailkatuek, Ikullu Razingeko Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak, 53.10,621ean biribildu zituzten lanak.
Lehen ordutik, aurreikuspena bete egin zen, eta lehia nagusia hala podium postuetara, nola gainontzeko ohorezko tokietara mugatu zen, Apalantzaren eta Agirreren nagusitasuna tarteko. Ibarrangelutik Gautegiz Arteagarako goizeko lehen tartean, erritmo aldaketak gailendu ziren, biosfera erreserbaren bihotza zeharkatu zuen ibilbidean. Apalantzak eta Agirrek argi utzi zuten arerioei abagunerik utziko ez zietela; Antxustegiren eta Urrestiren Renault Clio Williamsak, ostera, bigarren posturako hautagaitza sendoa plazaratu zuen.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Eguneko hirugarren eta laugarren erlojupeko saioek podiumerako borrokaren sua piztu besterik ez zuten egin. Urdaibai Motorsporteko Mikel Bilbao-Aitor Rocha bikoteak estu hartu zituzten Castro eta Urkiola; bikote bien arteko lehia estu-estua izan zen. Bilbaok ibilbidea sobera ezagutzen zuen, eta hura probestu. Castrok, baina, eskarmentuz jantzitako pilotua da, eta bere asmatu zuen, Urkiolaren laguntzagaz, bere BMW M3a muturrera eroaten.
Goizez bai Gautegiz Arteagako, bai Ibarruriko tarteei bina itzuli egin baldin bazizkieten, arratsaldeko tartea, Foruan hasi eta Gernikan amaitu zena, hirutan egin behar izan zuten autoek. Bosgarren erlojupeko saioa eguneko Power Stage-a zen, alegia, Euskadiko Rallye Txapelketarako lehen puntuak banatu zituzten pasaera hartan. Saria handia izateak, edozelan ere, ez zituen lehiaren dinamikak eraldatu. Lehengo lepotik burua: Apalantza eta Agirrenerena izan zen balizko lege bakarra. Tarte hartako lehen hiru postuetan igaro ziren gerora rallyaren podiuma zapalduko zuten hiru autoak.
Azken tartean, errepide sigisagatsuei mehatxa erantsia gehitu zitzaien: euri iragarpena. Parte hartzaile zein ikusle zerura begira egon ziren uneoro, baina azkenean aroak errespetatu egin zituen guztiak. Ordurako, sailkapena nahikoa egituratua zegoen eta, horrenbestez, Apalantzak eta Agirrek beren lehen postua ziurtatu besterik ez zuten egin behar izan. 26 izan ziren Urdaibai Rallyaren azkenengo helmuga lerroa zeharkatzea lortu zuten erromesak. Bere bigarren ekitaldian, lehiaketa egutegian geratzeko etorri dela sobera frogatu du eskualdeko rallyak.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Saritu guztiak.
Sailkapen orokorraz gain, mailakakoak ere banatu zituzten, baita Julen Bilbao Saria ere; azken hura Alazne Goirik jaso zuen. Lehen mailan, Txaber Aginaga eta Iker Etxarri gailendu ziren; 2. mailan, Natxo Zuloaga eta Ion Ugaldebere; 3. mailan, aldiz, Unai Ponce eta Araitz Ortega. Garikoitz Lopez eta Haizea Txoperena 4. mailako garaileak izan ziren, baina Pirelli Koparako sailkapen puntuagarrian hirugarren postua lortu zuten. Antxustegi eta Urresti bigarren sailkatu orokorrek, beren aldetik, 5. mailan gailentzea lortu zuten. Apalantza eta Agirre, berriz, 6. mailako bizkorrenak izan ziren.
Aratz Zarakondegik eta Asier Urkizak 9. mailan garaipena patrikaratu zuten, eta Julen Bilbao Sarian bigarrenak izan ziren. Jokin Gutierrezek eta Markel Muniategiandikoetxeak 206 Koparako sailkapenaren buru izatea lortu zuten, eta gauza berbera eskuratu zuten, Pirelli Koparako sailkapenean, Gorka Idigorasek eta Nerea Camposek. FL saria Hodei Unsionentzat eta Oier Zapiainentzat izan zen; H1 saria eta Julen Bilbao Sariko hirugarren postua, Aitor Irazabal eta Ander Bikandirentzat.
SAILKAPENA
1. Aitzol Apalantza-Alain Agirre (Ikullu Razing)
2. Gorka Antxustegi-Xabat Urresti (Kastinparro Racing)
3. Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (Ikullu Razing)
4. Mikel Bilbao-Aitor Rocha (Urdaibai Motorsport)
5. Gorka Idigoras-Nerea Campos (Esko Motor)
6. Txus Jaio-Alazne Goiri (Urdaibai Motorsport)
7. Jon Zubeldia-Nagore Errazkin (Ikullu Razing)
8. Ibon Beitia-Ion Zubiaurre (Errebueltie Motor)
9. Mikel Quintana-Julen Arantzeta (Kastinparro Racing)
10. Garikoitz Lopez- Haizea Txoperena (Kastinparro Racing)




























