Euskara eta teknologia, aisialdian ere lagun
Kultura euskaraz eta online lantzeko GUROT jokoagaz bat egin zuen Gernika-Lumoko Udalak 2019an, eta gazteen parte hartzea bultzatu du geroztik. Gaur, NorthSide talde gernika-lumotarra taldekako final handian izango da.

Gaur zenbaitentzat irudikaezina bada ere, gailu elektronikoen aurretik aisialdirako beste eredu batzuk existitu dira, kanikak, kromoak edota harrapaketan aritzea, kasu. Azken hamarkadetan berriz, ume, gazte eta nagusien artean joera aldaketa antzeman da, aisialdia neurri handi batean pantailekin lotu baita. Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen erabilera-ohiturak 2023an txostenaren arabera, gazteen %70ak baino gehiagok hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen ditu, egunero. Horietan, gainera, gehienak (%97,9) gaztelera erabiltzen du, eta gehiago ziren sare sozialetan euskara baino, ingelesa erabiltzen zutenak: % 62,4 eta % 40,7, hurrenez hurren.
Testuinguru horretan, Bizkaiko zenbait udalek, tartean Gernika-Lumoko Udalak, kultura unibertsala eta euskal kultura euskaraz eta online lantzeko GUROT jokoa sortu zuten 2019an. “Izan ere, gainerako hizkuntzekin (batez ere gaztelania eta ingelesarekin) alderatuta, aplikazio eta sare sozialetan euskarazko eta gazteentzat erakargarria den edukia murritza da, gehiago behar dugu”, nabarmendu du Estiñe Astorkia udaleko euskara dinamizatzaileak.
GUROT Bizkaian egiten den 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, tribial formatuan, eta bi fase ditu: banako eta taldekako lehiaketak. Edukia “gazteei egokitutakoa” da, eta gainera, parte hartzaileek aplikazioan eman dezaketen denbora “neurtuta” dago: “Ezin dira engantxatuta egon, mugatuta dago”. Aplikazioak “3.000 galderatik gora” ditu, eta edizio bakoitzean galdera sorta berriak sortzen dituzte, mundu zabalekoak zein tokian tokikoak, eta gai askotakoak: aisia, artea, gizartea, hizkuntza, natura… “Helburua da arlo digitalean euskaraz aritzea, modu ludiko, erakargarri eta dibertigarri batean aritzea posible dela zabaltzea”, azpimarratu du Astorkiak.
Lehenengo banaka
Gaur egun, 14 udal eta mankomunitatek osatzen dute GUROT: Zierbenak, Zornotzak, Erandiok, Etxebarrik, Galdakaok, Gernika-Lumok, Getxok, Lekeitiok, Mungiak, Sestaok, Enkarterrik, Durangaldeak eta Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunitateek, Alkarbideren laguntzagaz. Hezkuntza zentroen bitartez egiten dute dinamikaren zabalkundea: “Ikastetxeekin elkarlana ezinbestekoa da aplikazioaren hedapena egiteko”. Hala, irailean, ikasturte berriaren hasieragaz ekin zioten GUROTen bosgarren aldiari, eta abendura bitartean galderak erantzun eta erantzun aritu ziren Bizkaiko 3.101 ikasle —2019an 238 izan ziren—, horietako 274 Gernika-Lumoko hezkuntza zentroetakoak. Hala ere, udaletik nabarmendu dutenez, “ez da eskolan jolasteko” sortutako ekimena, eta ikasleak “euren kabuz” aritzen dira, kasuren batean ikasgelan horretarako tartea eman izan bazaie ere: “Gazteek teknologiara oso lotuta dagoen aisialdian teknologia hori euskaraz erabiltzea da helburua”.

Argazkia: AlkarbideAlkarbide
Abenduan udalerri bakoitzak banakako lehiaketako hiru onenak saritu zituen; Gernika-Lumoren kasuan, Nile Aberasturik, Ariane Rodriguezek eta Naia Serranok Atxuriko Abadia ihes-gelarako bonuak jaso zituzten. Horrez gain, Uzuri Garcia de Kortazar gernika-lumotarrak Bizkaia mailako bigarren saria jaso zuen Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko euskara zinegotziaren eskutik: Toledora eta Puy Du Fou parkera joateko bidaia eskuratu zuen.
Final handia, gaur
GUROTen erabiltzaileentzat egun berezia da gaurkoa. Abenduan banakako lehiaketa bukatuta, otsailaz geroztik taldekako lehiaketan murgilduta egon dira Bizkaiko 555 lagun. Guztira hiru kideko 185 talde sortu dira, 14 Gernika-Lumon. Udalerri bakoitzeko bi onenek saria (ZEID jaialdirako sarrera bina) jasoko dute gaur, 18:00etan, San Mameseko Ipar Aretoan. Gernika-Lumon NorthSide taldea (Uzuri Garcia de Kortazar, Enara Serna eta Anahi Ojinaga) izen da lehen sailkatua eta Naxtiam taldea (Jon Atristain, Kattalin Marcos eta Eiartze Lejarraga), berriz, bigarrena.
Horrez gain, NorthSide final handian lehiatuko da gainontzeko udalerrietako lehen sailkatuekin batera. Finalaren lehen fasean bi multzotan lehiatuko dira: lehenengo Zierbena, Zornotza, Durangaldea, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri eta Galdakaoko ordezkariak jokatuko dute. 10 galdera erantzun beharko dituzte eta bi talde onenak azken fasera igaroko dira. Jarraian gainontzeko sei taldeen txanda izango da: Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea eta Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatea. Honetan ere, bi sailkatuko dira.
Hala, lau taldeetatik irabazlea zein den ezagutzeko, 10 galdera erantzun eta Tabura jokatu beharko dute. Gailentzen den taldeak Salou eta Port Aventurara bidaia irabaziko du; bigarrenak, berriz, Madrilgo Warner Bros parkera. Hirugarren sailkatuak Puy de Fourako sarrerak lortuko ditu, eta laugarrenak, azkenik, Athletic Cluben museoa ezagutzeko aukera.