Negu sasoiko azken landaketarako prest
Bosgarren landaketari ekingo diote domekan BaSOS elkarteko kideek, kasu honetan, deialdi zabala eginez. Aurreikusipenak betetzear daude, gainera; bi hektareako eremua 1.200 zuhaitzez biziberrituko dute.
BaSOS elkarteak lau landaketa egin ditu neguko sasoian, dagoeneko. Eta bosgarrenaren bila doaz. Azkenaren bila. Domekan (apirilak 6), beraz, Ordorika auzoko sei hektareetatik bi izango dituzte eszenatoki, eremu hori bertoko 1.200 zuhaitzez biziberritzen bukatzeko. Eskualdeko biodibertsitateari eta paisaiari bultzada emateko asmoz hasi zituzten landaketak, elkartekideek esan bezala. Gainera, “oso pozik” agertu dira orain arte egindakoaren emaitzagaz: “Aurreikusita geneukan landaketa bete egin da. Bi hektarea landatzea zen aurreikuspena, eta domekako landaketan hori lortuko dugu”.
Landare aniztasuna ere azpimarratu dute, biodibertsitateari keinu eginez. Jende aldetik ere “balorazio positiboa” egin dute BaSOSekoek. “Eskolek presentzia handia izan dute neguko landaketetan, eta hori guretzat oso garrantzitsua da etorkizunera begira”, gaineratu dute. Elkarteari ikusgarritasuna ematea ere lortu dutela nabarmendu dute, etorkizuneko proiektu berriei ateak zabaltzeko aukera lehenetsiz.
Orain arte, lehenengo landaketan ezik, eskolak izan dira protagonista. Horregatik, Allende-Salazar eta Barrutiako ikastetxeei, Barrutialde institutuari, Muxikako Urretxindorra eskolari eskerrak eman nahi izan dizkiete elkartekideek, lankidetza goraipatuz. Domemako landaketarako, ostera, deialdi zabala egin dute, “BaSOSkideei, lagunei eta Busturialdean zein edonon bertoko basoaren alde lan egin nahi duen orori” dei eginez. Hala, animatzeko deia luzatu die inguruko herritarrei, eguraldia aldeko izango dutela eta “giro ona” egongo dela aurreikusiz. Ariatzako aparkalekuan jarri dute hitzordua, hain zuzen, 09:00etan. Bide batez, izen ematea zabalik dagoela gogoratu dute; basos@basos.eus helbidera idatzi behar da horretarako.