II. Urdaibai Rallya hastear da, puntako parte hartzeagaz
Bihar [apirila 4] abiatuko dute II. Urdaibai Rallya, eta etzi [apirilak 5] lehiatuko dute, goizez nahiz arratsaldez. 64 autok osatuko dute aurtengo irteera zerrenda; emakumezko hemeretzi parte hartzaile ariko dira.
Motor hotsa nabaria da Busturialdean: gaur eta bihar artean, II. Urdaibai Rallya lehiatuko dut eskualdeko errepideetan barrena. Iazko estreinaldi handiaren ondoren, Urdaibai Motorsport taldeak orain arte sekula igaro gabeko errepideak barnebiltzen dituen ibilbide berritua ondu du, eta parte hartzaileek ederto erantzun dute: hainbat txokitatik bertaratutako 64 auto ariko dira Euskadiko Rally Txapelketarako, 206 Koparako eta Euskadiko Junior Txapelketarako puntuagarria izango den hitzorduan.
Bihar [apirilak 4], Arratzun hasiko da atzera kontua: 16:00retan Loiolan egiaztapenak egingo dituzte, aurkezpen ofiziala orduko. Aurkezpen hori, hain zuzen, 20:00retan egingo dute, Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kalean. Bertan plazaratuko dituzte aurtengo pilotu nahiz kopilotu parte hartzaileak. Tartean, Busturialdeko nahiz Lea-Artibaiko ordezkaritza zabala egongo da, baita emakumezkoena ere: hemeretzik parte hartuko dute aurten, denak ala denak kopilotu lanetan.
Goizeko bi tarteetatik bina pasaera egin beharko dituzte; arratsaldekoa hiru aldiz egingo dute
Egin beharreko lanak.
Etzi [apirilak 5], 09:03an ipiniko dituzte makinak martxa betean. Goizez tarte bi bete beharko dituzte, eta arratsaldez bakarra; goizeko ibilbide kronometratuetako bakoitzetik birritan igaroko dira, eta arratsaldekoa, ostera, hiru txandatan egingo dute. Goizean, biosfera erreserbaren “bihotzera” joko dutela azaldu dute, orain arte rallyrik hartu ez duen ibilbide guztiz berriagaz: Ibarrangelun hasi ondoren, handik Muruetaganeratz joango dira, lehenengo bidegurutzean ezkerretara hartuta, Eara jotzeko; bertatik Ereñora eta Atxosteko bidegurutzera jaitsiko dira, Muruetaganetik jaisteko Gautegiz Arteagan tartea amaitzeko.
Bigarren tartea, auto indartsuenentzako aproposa, “ezagunagoa” izango da: Muniketakoa. Ibarrurin hasiko da lehia, eta Muniketaganeko tarte “klasikorantz” joango dira, Asteiko bidegurutzean Urrutxurako bidea hartzeko; Albiz igarota, Mendatara ailegatuko dira. Lehen autoak 09:34an edukiko du irteera ordua.
Erlojuak 14:31 markatu bezain pronto, arratsaldeko txandari helduko diote. Forutik Baldatikarako errepidea hartuko dute, handik Metxikara eta Errigoitiko Uria auzora jotzeko; Elorrietako bidegurutzetik Lumorako bideari ekingo diote, eta Gernikan amaitu. Ibilbide “luzea eta teknikoa” dela aurreratu dute.
Julen Bilbao Saria.
Urtero legez, Busturialdeko hiru kopiloturik bizkorrenek sari propioa edukiko dute: Julen Bilbao Saria. Julen Bilbao zenaren oroimena “bizirik mantentzeko” sortu zuten sariketa hori, eta aurten sari hori lor dezaketen kopilotuak honako hauek dira: Mikel Barandika, Alazne Goiri, Ibon Malaxetxebarria, Ane Prieto, Asier Urkiza, Iñigo Ugalde eta Ander Bikandi. Arratsaldeko tartearen bigarren pasaeran hartuko dituzte sariketa horretarako denborak, hau da, rallyaren seigarren sektore kronometratuan.