650 parte hartzaile espero dituzte Gernikako Milian
Dagoeneko, 600 umek baino gehiago eman dute izena eskoletan, baina aurten, gazte mailakoek eta absolutuek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Urte batzuetako etenaldiaren ostean lekualdatuta bueltatu zen iaz Gernikako Milia herrikoia, eta iazko balorazio “onen” ostean, aurten ere leku berean arituko dira korrika gazteenak zapatuan (apirilak 5): San Juan kalean, alegia. Hain zuzen ere, 650 korrikalari espero dituzte Gernika Atletismo Taldeko antolatzaileek kirola eta aisialdia uztartzen dituen herri ekimenean. Dagoeneko, eskolen bitartez, 600 gaztek izena eman dute, baina horiei gazte mailakoak eta maila absolutukoak gehitu behar zaizkie, horiek ere parte hartzeko aukera izango dutelako oraingoan.
Guztira, 16 lasterketa abiatuko dituzte zapatuan, kategoria guztiak kontutan hartuta, eta arreta berezia eskainiko diete eskola kategoriei, izan ere, antolatzaileen helburua da eskualdeko haurrei Gernika-Lumoko historiako ekitalde esanguratsu horretan parte hartzeko aukera eskaintzea.
Ondorioz, eskualdeko hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute: Gernika-Lumoko Allende Salazar herri eskolakoek, Mertzede Ikastolakoek, San Fidel Ikastolakoek eta Seber Altube Ikastolakoek, Muxikako Urretxindorrakoek, Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolakoek, Busturiko Uzelai herri eskolakoek, Eako Haizeder eskolakoek eta Arratzuko Barrutiakoek.
Jatorria.
Gernikako Miliak 1980ko hamarkadan du oinarria, Aldaba adizkariak ekimena aurrera eroatea pentsatu zuenean. Baina, 2019az geroztik, eta pandemia tarteko, ez zen antolatu. Hala, herriko iazko neguan, ikastetxeak atletismo klubagaz batu ziren milia herrira itzultzeko asmoz, herriak ekitaldi historikoa faltan botatzen zuela atzemanda, eta Gernika Atletismo Taldeak Aldabakoen lekukoa hartu zuten, “emaitza bikainagaz”.