Don Telloko bizilagunek Legebiltzarrean eskatu dute ETSren gune logistikoak gauez sortzen dituen zaratei konponbidea emateko
Eusko Trenbide Sarearen Gernikako gune logistikoaren gaueko zaratek eragiten dieten arazoa azaltzeko eta horri behin betiko irtenbidea "ahalik eta arinen" bilatzeko eskaria egin dute Don Tello kaleko bizilagunek legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordearen aurrean gaur.

Gernika-Lumoko Don Tello kaleko bizilagunek agerraldia egin dute gaur [apirilak 1] Gasteizen, Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean, Eusko Trenbide Sarearen Gernikako gune logistikoaren gaueko zaratek eragiten dieten arazoa azaltzeko eta horri behin betiko irtenbidea «ahalik eta arinen» bilatzeko eskatzeko.
Urteetan jasandako zaratek «are okerrera» egin dute trenbidea berriztatzeko lanekin. Hala, arazoari konponbidea bilatu nahian, eta Jaurlaritzaren menpeko ETSri interpelatzeko asmoz, ekimena bultzatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk, Amancay Amets Villalba EH Bilduren parlamentariaren eskariaren bitartez.
Don Tello kaleko bizilagunen plataformako kide Naia Elgezabal, Juan Ignacio Elgezabal eta Libe Villa bertaratu dira batzordera, eta euren egoera azaldu diete, horri «ahalik eta arinen» irtenbidea bilatzeko eskaera plazaratuz: «Gernikako erdigunean bizi gara; alde batean Merkatu plaza daukagu eta bestean ETSren gune logistikoa. Argi eta garbi hitz eginez gero, hori da aire zabalean duen tailer industrial bat, 22:00etatik aurrerako jarduera duena, eta gure leihoetatik 50 metrora dagoena. Hori loarekin bateraezina da».
Hiru fasetan banatzen dute sufritutakoa: 2013tik 2023ra artekoa, iazkoa eta gaur egungoa. Lehenengo fasean, lokomotorak ikusten zituzten euren etxe aurrean, Zornotza eta Bermeo arteko trenbidean zegoen edozein mantenu egiteko prest: «Izugarrizko zarata ateratzen zuten, eta euren jarduna 22:30ean hasten zen, eta 4:00etan edo 05:00etan amaitu». Horrez gain, zementua ere egiten zutela gehitu dute: «Denetarik bizi izan dugu».
Prozesu horretan «bizikidetzarako ibilbide zibiko eta baketsua» egiten aritu direla ere aipatu dute: lehenengo eskaera udalera bideratu zuten 2012an, ETSra jo zuten 2013an, alkateari gutun bidez neurriak hartzeko eskatu zioten 2015ean, eta Arartekoarengana ere jo zuten urte horretan. 2016an udalak zaraten mapa egin zuenean, 55 dezibeletik gorako zaratak antzeman zituzten euren leihoetan, eta 65 eta 70 dezibeletakoak ere bai.
Hala, jarraitu zuten alkateari gutunak bidaltzen, eta 2020an abokatua kontratatu eta horrek udalari, ETSri, Aratekoari eta Ingurumen Sailari alegazioak aurkeztu zizkiola ere gogoratu dute: «Horren ondorioz, Ingurumen Sailak ebazpen bat bidali zion udalari, zeinetan Ivan Pedreira ingurumen administrazioaren zuzendariak adierazten zuen hiru gauza ziurtatu behar direla; lehenengoa udalak bizilagunen eskubideak zaratetatik babesteko eskumena duela industria-jarduera baten aurrean; bigarrena, beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartu behar direla, zaraten ebaluazioa eta kontrola eginez, eta jarduera eten behar duela, baldin eta araudi akustikoaren aurka doan legez kanpoko jarduera bat dagoela detektatzen bada». Era berean, jardueraren inguruko «erabakien berri ematea» ere eskatzen zion udalari. Dokumentu hori 2020an jaso zuten, bai udalak, bai bizilagunek.
Hala ere, oraindik zaratak pairatzen jarraitzen dutela salatu dute gaurko agerraldian. Izan ere, eurentzat «amets gaiztoa» iaz hasi zen: «Makina piloa eta material asko eta asko zegoen gure etxe aurrean, eta 130 gauez jarraian etenik barik (zapatuetan salbu) ibili ziren 22:00etan hasi eta 06:00etara bitartean zarata egiten. Hori urtarriletik ekainera artean izan zen. Gero ere jarraitu zuten, baina zarata jaitsi zen eta ez zen egunerokoa izan».
Horrekin guztiarekin adierazi nahi izan dute «izugarria» dela sufritu dutena, eta sufrimendua ere «benetan gogorra» izan dela. Hala ere, eurek bizikidetzarako ibilbide baketsuan aurrera jarraitu zuten, auzotarrak bilduz eta protesta kaleratuz. Udalera ere berrito jo zuten iaz, eta mozioa aurkeztu zuten, «bere momentuan denek babestutakoa». Baina ordutik, neurketa akustiko berri bat egitea besterik ez dute lortu. Prozesuan «babesgabe» sentitu dira, inork ez dielako ezer esan.
Komunikazio bidea. EH Bilduko ordezkariak adierazi du badakitela zaraten kudeaketaren eskumena udalarena dela, baina, kasu horretan, zarataren jatorria ETS denez, hori interpelatzea erabaki zutela. «Aspaldiko kontua da, urteak daramatzazue arazoarekin, eta konponbidea mahai gainean jarri behar da lehenbailehen. Arartekoak arrazoia eman dizue, eta udalaren txostenek ere hala diote. Baina horrekin ez da konpontzen egoera, eta uste dugu konpondu egin behar dela», esan du Villalbak.
Izan ere, uste dute konponbidea bi bidetatik etor daitekeela: epaiketatik edo borondate politikotik: «Konponbidea ETStik etorri ahal da, eta hori da guk bultzatu nahi duguna».
Hala, otsailean publiko egindako trenbidea bikoizteko eraikuntza proiektua aipatu du koalizio abertzalekoak: «Eraikuntza-proiektu honetan oinarri logistiko hori gunez aldatzeko aukera jasotzen da, ETSk arazo bat dagoela onartzen baitu. Gu adi egongo gara ikusteko zer gertatzen den, uste baitugu gune logistiko hori lekualdatu behar dela; bestela zarata hori ez jasateko modurik ez dago. Beraz, bikoizketa proiektua bultzatu behar dugu, baina komunikazio bide bat ere zabaldu behar da bizilagunen eta ETSren artean».
EAJk ere «guztiz logikotzat» jo ditu Don Tello kaleko bizilagunen eskaerak, eta hiru gako aipatu ditu: kontrola, komunikazioa eta epe ertain-luzeko alternatiba: «Behin betiko alternatiba eduki bitartetan, kontrola indartu behar da obren edo zaraten gainean, eta bi aldeen arteko hartu-emana ere etengabea izan behar da. Horretarako, bitartekari lanak udalak egin behar ditu. Hala, trenbidearen bikoizketa proiektua proiektu ona izango da: maiztasuna erdira jaitsiko du, eskualdeari ere indarra emango dio, eta Gernikan dagoen mantenu fabrika hori herritik ateratzeko aukera egongo da». Hala, jeltzaleek esan zuten «hurrengo aurrekontuetan adi egotera» konprometitzen direla.
PSE-EEko Susana Corcuera ordezkariak gaia batzordean lantzea eskertu, eta ETSren argudioak plazaratu ditu batzordean, iaz ETSrekin harremanetan jarri zirela aipatuta: «Esan ziguten arazo batzuek oinarri logistikoa dutela, eta beste batzuk 2024an egindako obra espezifiko batzuengatik zirela». Esan duenez, ETSk adierazi zien lan horiek «beharrezkoak» zirela, eta horiek ez egoteak trenbide zerbitzu publikoaren segurtasuna «arriskuan» jartzen zuela.
ETSkoek Corcuerari adierazitakoaren arabera, lan horiek «lehentasunezko interes orokor bat lehenetsita» egin zituzten: «Esan ziguten gaueko ordutegiko lanak zuhurtasunez aukeratu zituztela, eta gainera, iazko obrak apartekoak izan zirela».
Udalarekin lankidetza. Komunikazioari dagokionez, Corcuerak esan du ETSk udalarekin lankidetza sustatu behar duela: «2024ko martxoaren 4an egindako bileran zehaztu zuten ETSk aldizka eta xehetasunez jakinaraziko ziola udalari obren plangintza, udalerriko bizilagunei epeei eta ikuspegiei buruzko informazioa eman ahal izateko». Hori dela eta, informazio trukaketa hori indartu behar dela nabarmendu du, eta berak ere trenbidearen bikoizketan jarri du fokua: «Baina proiektuak dirua eskatzen du; kostu bat izango du. Hala, konponbide hori 2026ko aurrekontuetan jaso beharko da».
PPkoek, aldiz, bizilagunek euren egoera azaldu izana eskertu, eta «jarraipena» egingo diotela esan diete.
EH Bilduko ordezkariak nabarmendu du inork ez duela zalantzan jarri ETSk ondo funtzionatu duela, baina bizilagunen eskubideak aitatu ditu zaratari buruz hitz egiterakoan, «ongizateari eta osasunari» buruz berba egitea dela esanda. Bizilagunek hori berretsi dute: «Gauza bat da eztabaidaezinak diren obrak egitea, eta hori errespetatzen dugu, baina hori legearen eta gure osasun eskubideen gainetik ezin da egon. Beste irtenbide batzuk bilatu behar dira. Trenbidea berritu behar izatea ez dugu zalantzan jarri, baina gure osasunaren kalterako ezin da izan. Itxaropen bat da konponbide bat planteatzea. Baina arazoa da ea noiz arte itxaron beharko dugun horretarako eta nor izango den tarte horretan gure lo egiteko eskubidea bermatuko duena».