Forutik Bermeora, euskaraz eta lagun artean
Bermeoko Berbalagunek "goiz ederra" igaro zuten atzo [martxoak 30], ariketa fisikoa egin bitartean euskara praktikatzeko egin zuten 14 kilometroko ibilaldian. Apirilaren 8an [martitzena] dute hurrengo hitzordua, opor aurreko topaketan.

Ariketa fisikoa egin eta, bide batez, euskara praktikatzeko beste hitzordu bat izan zuten atzo [martxoak 3o] Bermeoko Berbalagunek. Forutik Bermeorako ibilbidea egitea zen asmoa, eta 9:30ean geldtu ziren, Taraskan, abiapuntura joateko trena hartzeko.
Zailtasun gutxiko ibilbidea egin zuten, eta berbalagunek giro ederrean igaro zuten goiza: “Goiz ederra pasatu genuen atzo Forutik Bermeora oinez, euskaraz eta lagun artean. Ordua aldatu arren, ez zen inor despistatu eta trena bete genuen Forura arte”. Aurreikusitakoa 14 kilometro inguruko ibilbidea bazen ere, “lagunarteko ekintza” zenez, norberak aukeratu zuen taldeagaz non batu eta non eta noiz utzi: “Bide osoan ibili ginen lagun asko kontu kontari”.
Lehenengo zatian Muruetarainoko bidea egin zuten, eta bertan, hamaiketakoa jan, indarrak berreskuratu eta talde argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten, bidean aurrera jarraitu aurretik: “Gero, bide labankorretatik zeharkatu genuen padura, paisaiaz eta eguzkiaz gozatu bitartean. Muruetatik aurrera bide zabalagoetatik joan ginen talde txikietan berbetan, eta hondartzan egin genuen bigarren lotualditxoa, talde osoa berriro elkartu arte”, azaldu dute antolatzaileek. Bigarren geldialdia eta gero, Sukarrietatik Bermeoraino bideari ekin zioten, 14:30ak aldera “pozarren” elkar agurtu zuten arte.
Bermeoko Berbalagunek parte hartzaileen inplikazioa eta Aitor Aberasturi laguntzailearen lana eskertu ditu: “Eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei, bide estuetatik pasatzen lagundu diguzuen guztiei, eta bereziki eskerrik asko Aitor Aberasturiri, talde osoa hain ondo zaintzeagatik, dena antolatzen laguntzeagatik eta bidea prestatzeagatik”.
Topaketa.
Aste Santuko oporrak ate joka daudelarik, Bermeoko Berbalagunek “elkar agurtzeko” Opor aurreko topaketa antolatu du apiriaren 8an [martitzena]. 19:00etan jarri dute hitzordua, Lameran. Zehaztu dutenez, oporrak igarota, apirilaren 28an izango dute hurrengo hitzordua, “oporretako bizipenak elkarri kontatzeko”.