Begiratu museoetara, arteaz, historiaz eta kulturaz liluratzeko
Bizkaiko Foru Aldundiaren museoek publiko guztientzako eta askotariko programazioa dakarte aurten, lurraldeko ondare historikoa, kulturala eta artistikoa ezagutzera emateko.
Historearen, artearen eta kulturaren gordeleku dira museoak, lurraldearen askotarikotasuna aztertzera gonbidatzen dutenak, mendeetako tradizioari, berrikuntzari eta ondareari ateak irekiz. Hala, historiaurreko aztarnetatik hasi, arte garaikidera salto egin eta ondare industriala zein kulturala erakusteko leku paregabeak direnez museoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren pare diren erakuslekuek publiko guztientzako askotariko programazioa dakarte aurten ere, Begiratu eta liluratu zaitez ekimenaren baitan.
Eta, Busturialdean, itsasoko bizimodu eta ohituretara hurbiltzeko gunea dute bizilagunek, baita euskal kulturan eta euskaran sakontzeko lekua ere, eta, ezin ahaztu, arteak eta naturak bat egiten duten paisaia. Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa, Europako Herrien parkea, Santimamiñe eta Omako basoa dira enklabe horiek, eta denetariko ekintza kulturalak hartzeko prest daude. Izan ere, hartuko dituzten erakusketez gain, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte eta MusEkintza arte eszenikoen jaialdiaren eszenatoki izango dira. Gainera, Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioak Bizkaiko Ondare Arkitektonikoaren gaia izango du oinarrian, urrian.
Eskualdeko museoek bisitariak hezkuntza eta kultura bidaia batean murgildu gura dituzte. Hala, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa Sonia Ruedaren Hitzen bila erakusketaren bilgunea da egun, eta Gamazadaren gatazka historikoaren (1893-1895) analisia egingo du Xabier Irujo komisarioaren Gamazada. gure poltsikoaren jabe aldi baterako erakusketagaz, maiatzetik irailera bitartean. Euskal Herriko kultura eta gizarte ondarea balioesten duen museoa denez, urrian Orratz begi erakusketa aurkeztuko dute: 36ko gerran ebakuatutako euskal umeen ondarea aztertzeko Bakearen Museoarekin eta Birminghameko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ekimena da.
Horrez gain, museoak aire zabaleko jarduerak eskainiko ditu parkean, tartean bisita botaniko gidatuak.
Bizkaiko itsas historiak ere bizia hartzen du Arrantzaleen Museoan, non Nuevo Anchustegui ‘Gure Señoriti’ bezlaako erakusketek arrantza tradizionalak lurraldean daukan garrantzia nabarmentzen duten. Hori horrela, urrian Olatuaren oldarraldian. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketak itsasoaren sektorean emakumeak duen garrantzia nabarmenduko du. Gainera, hainbat jarduera egongo dira publiko guztientzat, eta ekainean, Iñaki Marcaida Tras el cristal erakusketa iragankorra antolatuko dute.
Santimamiñek, bere aldetik, historiaurrera bidaiatzeko aukera ematen jarraituko du urte osoan eskaintzen dituzten bisita gidatuen eta jardueren bidez. Eta, Omako Basora joateko bisita libre eta gidatuak eskaintzen ajrraituko dute; horretarako, baina, ezinbestekoa da aurretiazko erreserba egitea.