NIK Patrika Digitala aplikazioa txertatu dute udal-zerbitzu batzuetan
Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzak garatutako tresna digitala erabiltzen hasi da, eta Areneko kiroldegiko eta liburutegiko erabiltzaileek txartel fisikorik barik erabili ahal izango dituzte zerbitzuak.

Bermeoko Udalak NIK Patrika Digitala, Eusko Jaularitzak garatutako tresna digitala txertatu du bere zerbitzu batzuetan. Azaldu dutenaren arabera, tresna honen bitartez bermeotarrek txartel fisikorik gabe erabili ahal izango dituzte Areneko kiroldegia edota udal liburutegia. Izan ere, aplikazio horren bidez QR edo barra kodea erakustea nahikoa izango da instalazioak erabiltzeko. Gaur egun sistema bi zerbitzu horietan dago erabilgarri, baina etorkizunean “beste udal-zerbitzu batzuetara zabaltzeko aukera” aztertzen ari dira.
“Zerbitzu berri hau martxan jartzea urrats garrantzitsua da udal zerbitzuen digitalizazio eta modernizazio prozesuan”, azaldu dute udal ordezkariek. Nabarmendu dutenez herritarrei “erraztasun eta segurtasun handiagoa” emango die aplikazioak.
Tresna digitala erabili gura dutenek doan deskargatu dezakete NIK Patrika Digitala aplikazioa mugikorretan. Hala ere, beharrezkoa izango da BakQ identifikazioa elektronikoa izatea, “segurtasuna bermatzeko”.
Segurtasun neurri aurreratuak.
Aplikazioak plastikozko txartelak euskarri digital batean gordetzeko aukera eskaintzen du, zerbitzuak erabiltzea “errazago, azkarrago eta seguruago” bihurtuz. Esaterako, Osakidetzako edota familia ugarien txartela gorde daitezke bertan, eta behar izan eskero nahiko litzakete mugikorra erakusteagaz.
Azaldu dutenez, aplikazioak “segurtasun neurri aurreratuak” ditu, besteak beste gailuaren kodea, hatz-marken bidezko identifikazioa eta aurpegi-azterketa biometrikoa. Horrek, mugikorra galduta ere norberaren datuak babestuta egotea ziurtatzen du.