2,5 milioi euro inbertituko ditu EKPk, laketontzien kudeaketa hobetzeko
Euskadiko Kirol Portuen Administrazio Kontseiluan Artzako dartsena handitu eta 100 amarraleku berri egiteko inbertsioa onartu da, besteren artean. Bermeoko portuan ur eta elektrizitate telekontrolatuko dorretxoak instalatu eta martxan jartzea ere aurreikusi dute.

Euskadiko Kirol Portuen Administrazio Kontseilua gaur goizean elkartu da, eta bertan, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua buru, 2024ko kontuak formulatzez gain, Bermeoko portuan egiteko 2,5 milioi euroko inbertsioa baimendu dute.
Inbertsioa Artzako dartsena handitzera bideratuko da eta 100 amarraleku berri egongo dira bertan. Horrez gain, barne hartzen ditu ur eta elektrizitate kontrolpeko dorretxoak, Kapitaintzaren eraikin berria —2026tik aurrera zerbitzua eskainiko duena— eta lehorreratzeko orga konpontzeko lanak amaitzea.
Artzako dartsena handitzearen kostua 1.840.000 eurokoa izango da, gehienez. Bermeoko porturako ur eta elektrizitate telekontrolatuko dorretxoak hornitzeko, instalatzeko eta martxan jartzeko inbertsioa, berriz, 300.000 eurokoa izango da, eta kapitaintza egokitzeko obren zenbatekoa, 130.000 eurokoa.
Barredok azaldu duenez, EKPren misioa aisialdiko portuak eta instalazio nautikoak “planifikatzea, kudeatzea eta sustatzea” da, eraginkortasunez, kalitateagaz, jasangarritasunez eta berdintasunez amarraleku, instalazio eta zerbitzu osagarri “egokiak” eskainiz. “Gainera, portuaren eta hiriaren arteko integrazioa erraztu eta aisialdiko nautikaren garapenean laguntzen da, gure itsasertzaren garapen sozial eta ekonomikoan lagunduz. Portuak kudeatzeko euskal eredu bat sendotzen ari gara, portuak kudeatzen dituzten erakundeen eta horien erabiltzaileen ikuspegitik erreferentea izango dena, Europa Atlantikoko aurreratuenen ildotik”, gehitu du.
Era berean, sortzen ari diren Portuko Udal Kontseiluek “harremanak eta koordinazioa hobetzen” lagunduko dutela nabarmendu du sailburuak. Azpimarratu duenez, klub eta elkarte gehienak “lan bikaina” egiten ari dira ideiak emanez eta ekitaldiak antolatuz. “Itsasertza antolatzeko eta kudeatzeko eskumenaren transferentziak kudeaketa hobetzea ekarriko du, hemendik egingo baita”, zehaztu du Barredok.