Kamerako objektibotik, bizitzari keinu
Ziortza Galbarriatu bermeotarrari txikitatik datorkio argazkigintzarekiko duen maitasuna. Bere @picsbyzi eta @arima.studio Instagrameko kontuak dira horren erakusle. Egunero ateratzen dituen argazkiak horietan jasotzen ditu. Herriari eta bertako bizilagunei ekarpen artistikoak eginez, gainera, momentuak partekatzen ditu egunez egun.

Sare sozialak gizartean errotuta daude guztiz. Bizitza pertsonalak, bideoak, argazki kaskarragoak, politagoak edota argazkilaritza ia profesionaleko argitalpenak aurkitu daitezke Instagramek eskaintzen duen abanikoan. Azken hori oinarritzat hartuz, @picsbyzi eta @arima.studio profilen kudeatzaile eta sortzaile da Ziortza Galbarriatu bermeotarra. «Betidanik» gustuko du argazkigintza, esan duenez, eta bere hastapenak gogoratu ditu: «Txikitan, mugikorrarekin mila argazki ateratzen nituen, eta noizbehinka amaren kamera ere hartzen nuen, argazki gehiago ateratzeko, kalitate hobearekin. Gainera, gurasoek kamera on bat oparitu zidaten 15 urte betetzean».
2022. urtean sortu zuen @picsbyzi kontua Galbarriatuk, egunero ateratzen zituen argazkiak bere Instagram pertsonaletik «nolabait banatzeko» asmoz. Izena bilatzeko, oro har, lagunen gomendioez baliatu zela nabarmendu du. Orain, gainera, argazkigintzaren bidez, herriari ekarpen bat egiten dio. Izan ere, azaldu duen bezala, ateratzen dituen argazkiak inprimatu eta Bermeoko kaleetan zehar itsasten ditu, nahi duenak beretzat har ditzan. «Gehienbat bermeotarra naizelako ateratzen ditut Bermeoko eta inguruko argazkiak, eta nire denbora librean ateratzen ditut. Nire bizitzaren gehiengoa Bermeon pasatzen dut, eta beraz, argazkien gehiengoan ere Bermeo ikusten da», gaineratu du argazkilariak.
Hala, adierazi duenez, @arima.studio profilean «argazki profesionalagoak» jasotzen ditu; batez ere, «jende desberdinak islatuz». Profesionalki argazkilaritzara dedikatzea gustatuko litzaiokeen arren, badaki hori «oso zaila» dela. Hala ere, hori lortzearen ahaleginik ez zaio falta: «Zaletasun moduan hasi zena, geroz eta gehiago gustatzen zait; nire bizitzaren zati handi bat bihurtu da. Beraz, profesionalki horretan lan egitea ideia bat da».
Argazkiak: Ziortza Galbarriatu.