Hain hurbil, hain urrun
Lointek Gernika Bizkaiak 71 eta 68 galdu du Uni Gironaren kontrako Erregina Koparen final-laurdenetako neurketa. Granateak lehiakor azaldu dira, eta azken segundoetara arte garaipenaren lehian sartuta jokatu dute.

Ozta-ozta, baina ezin. Lointek Gernika Bizkaiak 71 eta 68 galdu zuen atzo [martxoak 20] Uni Gironaren kontrako Erregina Koparen final-laurdeneko partidua. Partiduaren lehen zatian, neurketa ezinhobea egin zuten gernika-lumotarrek, eta gutxi falta izan zitzaien lehia luzapenera eroateko. Azkenean, baina, gironarrak gehiago izan ziren, eta kopan aurrera egingo dute, beraz.
Taldekideek aurreratu legez, galtzeko ezer ez duenaren ausardiaz ekin zioten ligako egungo liderraren kontrako partiduari. Awa Famen lehen saskiratzeak aho zapore gozoz abiatzea ahalbidetu zien granateei, baita Laura Westerik bistaratzen zituen sentsazio onek ere. Defentsako erreboteetan sufritzen jakin zuten gernika-lumotarrek, kataluniarrak 10 eta 6 aurrea hartuagatik ere. Hiruko jaurtiketak giltzarri ziren, eta Irati Etxarrik saskiratutako batek lehenengo laurdena hamazazpina berdinduta amaitzeko balio izan zuen. Karta denak mahai gainean zeuden, eta ate guztiak zabal-zabalik.

Zaragozara joandako marea granatea.Gernika KESB
Hirunaka egin zituzten puntuak Malostekoek; biderik eraginkorrena hura zen. Defentsa alorretik, baina, Girona nahieran mugitzeko gai zen. Bazegoen hobetzekorik, hortaz. Ane Olaeta gernika-lumotarrak markagailua 19 eta 24ra eroan zuen, granateen alde. Jarraian, Elena Buenavidak arnasa luzeagoko jokoa sartu zuen kantxara: aldeko faltak eragin zituen, baita jaurtiketa libreak ere. Jokaldiaren arabera barru edo kanpotik eraso eginez, Lointekek 28 eta 39koa ezarri zuen. Girona, aldiz, defentsa aldetik nahasita zebilen; Migna Toure izan zen kataluniarren aukerei eusteko arduraduna, hiruko saskiratzea tarteko. 35 eta 43koagaz joan ziren aldageletara.
Intentsitate beharra.
Atsedenalditik bueltan, Gernikak intentsitateari eutsi beharra zion. Maya Dodson izan zen arerioen zonakako defentsan izua sortzeko arduraduna. Gironak ere, aurkarien defentsa jipoitzeko asmoa plazaratu zuen. Itziar Ariztimuño bilbotarraren hirukoak errenta zortzi puntuen ertzean mantendu zuen, baina arazoak heltzear zeuden: hala Famek, nola Dodsonek hiru falta pertsonal egin zituzten. Bonusa, gainera, ez zen inondik inora lagungarria, intentsitateari eutsi asmoz. Arrazoi haiek guztiak zirela eta, Lucas Fernandezek hutsartea eskatu behar izan zuen. Hirugarren laurdenari, aldiz, 59 eta 57koagaz eman zioten bukaera.

Gernika KESBeko lantaldeaGernika KESB
Azken txanpan, gernika-lumotarrek arazo larriak eduki zituzten kataluniarren presiopetik ateratzeko, eta hainbat galera esanguratsu egin zituzten. Ez hori bakarrik: falten odolusteak ez zuen etenik. Partiduak borroka itxura hartu zuen talde bien aldetik, baina hirukoek jadanik Gironaren mesedetan egiten zuten saskira. 69 eta 63koa erakutsi zuen markagailuak, lau minuturen faltan. Txirrinak jotzeko 44 segundo geratzen zirenean, ostera, Famek kale edo bale egin zuen, 71 eta 68ko estua eskuratuz. Olaetak zirt edo zart egiteko eta hiruko saskiratze bategaz partidua luzapen denborara eroateko aukera eduki zuen. Ez zen hala izan: bere jaurtiketa labur geratu zen, eta baloiak ez zuen saskira jo gura izan. Hiru puntuko alde apalagaz amaitu zen kanporaketa.
Irati Etxarri: “Bai kopa, bai liga halakoxeak dira: inork ez du ezer barkatzen”
Partidua amaitu berri, Etxarri nafarrak partiduaren gogortasuna azpimarratu zuen: “Lehen hogei minutuak bikainak izan arren, Girona ondo ezagutzen dut, eta banekien partidu amaiera oso gogor bihurtuko zutela”. Taldeak “nortasunez” jokatu zuela argituta, goi mailako lehiaketak duen eskakizunei erreparatu zien iruindarrak: “Bai kopa, bai liga halakoxeak dira: inork ez du ezer barkatzen. Dena dela, uste dut oso harro egoteko besteko lana egin dugula, eta denboraldiari geratzen zaionari itxaropenez begiratu diezaiogukeela”.
Lucas Fernandez: “Kantxan ikusi da azken unera arte irabazteko aukerei eutsi diegula”
Fernandezek, bere aldetik, taldearen “konpetizio gosea” nabarmendu zuen: “Kopan edonori aurre egiteko moduko kluba garela frogatzeko asmoa genuen eta, alderdi horretatik, kantxan ikusi da azken unera arte irabazteko aukerei eutsi diegula”. Urte osoan zehar “denetariko egoerei aurpegia erakutsi” behar izan dietela adierazi du entrenatzaileak: “Lantaldeak batasunetik aurre egin die horiei guztiei, eguneroko lanetik ekinda. Gironak kopan aurrera egingo du, kantxan gauzak hobeto egin dituelako; edozelan ere, ez dugu ahaztuko partiduko momentu gaitzetan zelan lan egin dugun, jarraitzaileek zelan hauspotu gaituzten eta lantaldeak zein batuta lehiatu duen”.