Palestinako su-etenaren jarraipen ezaren aurrean, "gizartearen erantzuna beharrezkotzat" dute
Israelek ez dio jarraipenik eman nahi azken bi hilabeteetako su-etenari, eta horren aurrean ahotsa altxatzeko asmoz, Gernika-Palestinak mobilizazio nazionala deitu du Donostian, eta Gure Haurrak ere Badira egitasmoak "urgentziazko kontzentrazioak" deitu ditu ikastetxe guztietan.
Gernika-Palestina Herri Ekimenak mobilizazio nazionala deitu du zapaturako (martxoak 22), Donostian. Genozidioa Stop! Israel, ¡alto el fuego ya! lelopean beteko dituzte aldarrikapenez Gipuzkoako hiriburuko kaleak, 17:30eatik aurrera. Izan ere, Gernika-Palestinak aitortu du “itxaropenez” bizi izan duela Palestinako azken bi hilabeteetako su-etena. Trumpek, baina, “beste behin, genozidioaren aldeko hautua” egin duela adierazi due herri ekimeneko kideek: “Israelek, Trumpen babesarekin eta nazioarteko komunitatearen isiltasunarekin, ez die jarraipenik eman nahi su-etenaren bigarren eta hirugarren faseei eta, beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du palestinar herria krudelkeriaz bonbardatuz eta umeak jo-puntuan jarriz”.
Ildo horretatik, “euskal gizartearen erantzuna ezinbestekotzat” dutelako antolatu dute zapatuko mobilizazio nazionala. Mobilizazio horretan, azaldu dutenez, Boulevardetik Sagueserainoko bidea egingo dute, eta nazioarteko komunitateari mezu argia helaraziko diote: “Dituen baliabide guztiekin Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzeko eta su-etenaren bideari itzultzeko eskatuko diogu nazioarteko komunitateari”. Era berean, helburu argi bat dute: Palestinako herriaren eskubideak bermatzea, herriak “justizia, lurra eta bakea izan ditzan”. Gernika-Palestinak, beraz, zapatuko Donostiako mobilizazioarekin bat egitera deitu ditu eragile sozial, politiko eta sindikalak zein herritarrak.
“Urgentziazko kontzentrazioak”. Gainera, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak ikastetxe guztietan “urgentziazko kontzentrazioak” deitu ditu datorren astelehenerako (martxoak 24), “etorkizun duin baten alde ahotsak altxatzeko”. Okupazioaren, apartheidaren eta genozidioaren aurka aldarrikatu, eta sarraskiaren eta zigorberatasunaren berehalako amaiera” exijituko dute, Euskal Herria “sarraskiaren konplize izan ez daiten”.
Su-etenaren apurketa “sarraskitzat” jo du egitasmoak, eta horren aurrean “isilik ez geratzearen beharra” azpimarratu du: “Palestinan lotan ziren bitartean, 400 zibil baino gehiago erail ditu Israelek ordu gutxitan; horietako gehienak haurrak. Beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu”.
“Barrenak irauli” dizkietela azpimarratu dute: “Jada suntsituta dagoen herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe”. Basakeria hori “ezin da normalizatu”, beraien hitzetan: “Erailtzen ari diren haurrak gure seme-alabatzat hartu, gurasoak gure anai-arreba bezala sentitu eta lau haizetara oihu egin behar da”.
Bestalde, Busturialdeko Kontseilu Sozialistak ere kontzentrazioa deitu du Gernika-Lumon. Bihar [martxoak 21] 20:00etan Merkurion batzeko deialdia zabaldu dute: “Israelek ehunka palestinar erail ditu azken erasoetan Gazarako su etena hautsiz. Estatu sionistaren izaera genozida salatzeko eta palestinarren alde kaleak hartzeko unea da”.