Gautegiz Arteagan hitzordua edukiko du Udabarria Bertsotan bertso zikloak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseak bere egutegia eta bertsolari parte hartzaileak plazaratu ditu. Tartean, Busturialdeko ordezkaritza egongo da.
2025a txapelketa urtea izango da, inondik inora, Bizkaian. Hala udaberrian, nola udazkenean, bertso saio ederrez gozatzeko aukera edukiko dute lurraldeko herritarrek; udazkenean, hain zuzen ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa lehiatuko dute. Eta hitzordu handi horretarako sailkapen fasea aurkeztu dute: Udabarria Bertsotan. Zortzi geralekuko egutegia argitara eman du Bertsozale Elkarteak, maiatzaren 8an hasiko eta 29an burutuko dena. Lehendabiziko hitzordua Munitibarren izango da. Gainera, Gautegiz Arteagak ere bere saioa edukiko du.
Maiatzeko eguenetan egingo dituzte bertso saio guztiak, eta bikoitzak izango dira: egun eta ordu berean, 18:30ean, lehiatuko dituzte, bi udalerritan. A eta B multzoetan banatuta, 48 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo Udabarria Bertsotan-en, eta gutxienez hogei parte hartzailek lortuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapena, betiere 2023tik zuzenean sailkatutako bertsolarien izen ematearen arabera. Era berean, saio guztietarako sarrerak salgai dituzte interesdunek, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Lea-Artibaiko nahiz Busturialdeko ordezkaritzak parte hartuko du zikloan; batik bat, Alexander Idoeta Anakabe ondarrutarra, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra eta Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra parte hartzaile zerrendan daude. Horiez gain, Beñat Bilbao Landa, Janire Arrizabalaga Munduate eta Julen Ibarguengoitia Ordorika gernika-lumotarrak ere taularatuko dira, baita Enare Muniategi Etxabe arteagarra, Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria ibarrangelutarra, Asier Galarza Aresti muxikarra edota Iker Uriarte Urrutia bermeotarra ere.
Munitibar, Bakio, Balmaseda, Orozko, Ermua, Basauri, Gautegiz Arteaga eta Plentzian egingo dituzte bertso saioak
Munitibarko saioa Probalekuko auditorioan egingo dute. Galarza muxikarraz eta Bilbao gernika-lumotarraz gain, Illart Gumuzio Larrazabal, June Diaz Franco eta Maite Sarasola Isazelaia ariko dira bertsotan. Egun horretako beste saioa Bakioko Txakolingunean egingo dute. Idoeta ondarrutarra eta Ibarguengoitia gernika-lumotarra Asier Alcedo Cano, Imanol Uria Albizuri, Ion Barrocal Besga eta Jone Larrinaga Dañobeitiagaz ariko dira.
Maiatzaren 15ean, bertso aldarta Balmasedako Areto Nagusira eta Orozkoko Donibane Aretora lekualdatuko dira. Lehenengo saioan, Arrizabalagak parte hartuko du, honako bertsolariekin batera: Aitor Arrutia Azkueta, Araitz Katarain Mugarza, Enara Gallastegi Barrenetxea eta Ixone Asategi Narbaiza. Bigarrenean, ostera, Ander Sarriugarte Garcia, Ander Uzelai Aristi, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Eneko Barruetabeña Bilbao, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Irune Basgoiti Agirre oholtzaratuko dira.
Maiatzaren 22an, Ermuko Lobiano kultur gunean eta Basauriko Ibaigane Kultur aretoan lehiatuko dituzte bertso saioak. Ermuan, Uriarte bermeotarrak parte hartuko du; Ana Picallo Perez, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Izaro Bilbao Arostegi, Jon Martinez Beaskoetxea eta Peio Molinuevo Martin izango ditu parez pare. Basaurin, Muniategi eta Navarro agertuko dira mikrofono aurrera, Aitor Esteban Etxebarria, Iker Garitagoitia Astigarraga, Kerman Diaz Franco eta Paule Ixiar Loizaga Legarraga batera.
Gautegiz Arteagako Udal aretoa ere bertsolarien zain dago, maiatzaren 29an ariko baitira bertan; Plentziako Goñi portaleak ere saioa hartuko du. Retolaza busturiarra Gautegiz Arteagan ariko da, Bittor Salterain Etxebarria, Haizea Telleria Urkijo, Igor Galarza Intxausti, Mikel Aiarzaguena Agirrebeitia eta Peru Vidal Gurrutxagarekin batera. Plentziako hitzorduan, Muñiz eta Ondaro taularatuko dira. Beraiekin batera, Ander Anakabe Lekue, Naroa Jaio Jaio, Naroa Torralba Rodriguez eta Peru Irastortza Santxo izango dira parte hartzaileak.
Bertsozale Elkarteko lau kide ariko dira gai emaile lanetan, tartean, Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra. Gainontzekoak Igor Menika Bengoetxea eta Idoia Anzorandia Kareaga, Jon Amezaga Fernandez izango dira.