Asteburuan abiaraziko dute Ekliptika kultur ziklo berria
Urte osoan zehar iraungo du zapatuan hasiko den Ekliptika kultur ziklo berriak, Bermeon. Must Kooperatiba txikiaren ekimenak eguzkiaren eta urtaroen zikloekin bat egingo du, ekinozioak eta solstizioak oinarritzat hartuz.
Zapatuan [martxoak 22] abiatuko dute Bermeon, Must Kooperatiba txikiaren ekimena den Ekliptika kultur ziklo berria. Nabarmendu dutenez, zikloak lau egun berezi izango ditu, eguzkiaren eta urtaroen zikloekin bat eginez. Horretarako, ekinozioak eta solstizioak izango dira zikloaren ardatz nagusia: “Ingurumenaren eta sormenaren balioak sustatu gura ditu zikloak, kontzientzia sozial eta ekologikoa ere landuz, sormenaren, jolasaren eta artearen bidez”.
Bi ezaugarri nagusi ditu oinarri zikloak. Alde batetik kokapena, eta bestetik, aniztasuna. Hala, Bermeoko Tala izango dute eszenatoki jarduerek, “itsasoaren gainean ekialdera begira dagoen eremua” delako. Aniztasunari dagokionez, arte diziplina ugaritako artistek hartuko dute parte zikloan: “Bermeon eta inguruko herrietan bizi diren sortzaileak izango dira, baita Euskal Herriko beste leku batzuetakoek ere, batez ere ekialdetik etortzera gonbidatuko ditugunak”.
Ekliptikak herritarrak izango ditu protagonistatzat. Izan ere, auzolanak eta tailerrak sarritan uztartuko dituzte kultur ziklo horren baitan, horrela, publikoa “eragile” izanik. Besteak beste, jasangarritasunari keinu bat ere bada zikloa: “Naturaren aldaketekin harmonian sortuko ditugu ekintzak, ingurumenarekiko errespetu osoz, degradaturik dauden txokoak berreskuratzeko eta bizitasunez kutsatzeko”.
Gauzak horrela, Lore Ekinozioan Asier Gogortza eta Aitziber Orkolaga argazkilariek panoramika interaktibo batean prestatutako muntaiaz gozatzeko aukera izango da abenduko solstiziora arte.
Zapatuan, bertsoz-bertso. Zapatu goizean, sasiak kendu eta lore berriak landatuko dituzte, auzolanean. Gero, Inazio Gonzalo biologoak eztien dastaketa gidatuko du, eta Oridub bermeotarrak “lurra esnatzeko erritmoak” jarriko ditu eguerdi partean. Bertsoa izango da nagusi, aldiz, arratsaldean. Lilibertso Eskolako hiru bertsolari izango dira arratsaldea doinuz apaintzen, bertsoz-bertso: Ibai Amillategi, Nagore Beitia eta Koldo Gezuraga.
Ekliptikak urtaro bakoitzaren aldaketak ere ospatuko dituela aurreratu dute antolatzaileek: “Eguzkia eta dantza izango dira protagonista udako solstizioan, hosto eroriak eta esperimentazio garaikidea, berriz, udazkeneko ekinozioan, eta azkenik, urte osoaren atzera begirada bat neguko solstizioan, proiekzio, solasaldi eta erakusketekin”.
Martxoak 22, zapatua.
07:15. Egunsentiari erretratua.
11:00. Lore auzolana.
12:00. OriDub.
13:00. Abaraska eztiak.
19:00. Lilibertso