Arte Eder ikasleek beren lanak Ereñoko harrobian aurkeztuko dituzte
Roberto Garaik eta Alberto Palomerak Arte Eder Fakultateagaz hitzartu dute ikasleek Ereñoko harrobian beren sormen obrak behin-behinean aurkeztea. Eskualdeko artistek "lehentasuna" edukiko dute. 'Kezon' egile arteagarra izango da bere obrak plazaratzen lehena, maiatzean.
Ereño Museoak behin-behineko erakusketa eremua zabalduko du, Arte Ederrak ikasten ari diren ikasleek beraien artelanak Ereñoko karabietako arte espazioan aurkeztu ditzaten. Roberto Garaik eta Alberto Palomerak osatutako LePatafisic Cabinet proiektua dago artea eta ikasketak uztartzen dituen azken egitasmo horren atzean. Azaldu dutenaren arabera, “berriki” eduki dute Leioako Arte Eder Fakultatera “hurbilpena”, eta hartu-eman horren ondorioz suertatu da gazteei aukera berri hori emateko abagunea.
Argitu dute erakusketa gune hori Ereñoko Geranda Erdikoa izeneko harrobiaren aldamenean kokatuko dutela, eta “era guztietako proiektuentzako” baliagarria izatea aurreikusten dutela. Hori bai, eskualdean bizi diren artistek “lehentasuna” edukiko dute. Hala, bere lanak aurkezten lehendabizikoa, datorren maiatzean, Kezon izen artistikoz ezaguna den Mikel Aldekogarai arte ikasle eta grafista arteagarra izango da. Busturialdeko artistek, horrenbestez, beraien artelanak edota arte adierazpideak bestelako espazio batean aurkezteko aukera aproposa edukiko dute.
Garaik eta Palomerak duela ia hiru urte inauguratu zuten Ereño Museoa-Sintoía Arrecifal interpretazio gunea eta, denbora tarte horretan, bi mila bisitari baino gehiago hartu dituzte. Ez hori bakarrik: 2019. urtean Geranda mendiko harrobietan ondutako Arte eta Natura Begiratokiak are jende gehiago erakarri du, inauguratu zutenez geroztik. Hain zuzen ere, begiralekua egun “konpontze fase batean” murgilduta dagoela aditzera eman dute.
Bestalde, uda sasoian, egile biek bisitarientzako saio gidatuak egin ohi dituzte, udalaren babesagaz; aurten ere, ekimen hori egitekotan dira. Bisita horietan, artista biek harrobietako eta interpretazio guneko sekretu guztiak argitzen dituzte, “guzti-guztientzat egokituriko hezkuntza eta esperimentazio esperientziak sortuz”.