Andeetako bizimodua ezagutarazteko programa prestatu du Busturialdeko Mankomunitateak
Andeetan nola bizi diren ezagutzeko aukera izango dute Busturialdeko gaztetxoenek, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak prestatutako Andeetan zehar programaren bidez.

Kulturaniztasuna da egungo bizimoduaren ezaugarrietako bat. Aniztasuna da nagusi han eta hemen, herrietan edo hirietan jatorri desberdinetako milaka herritarrek egiten baitute topo. Eta, bizilaguna den horren jaioterriari buruzko datuak ezagutzea garrantzitsua dela iritzita, Andeetan nola bizi diren ezagutzeko aukera izango dute Busturialdeko gaztetxoenek.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak prestatutako Andeetan zehar programaren bidez, eskualdeko adingebeek Andeetako herrialdeen kultur aniztasuna ezagutuko dute. Izan ere, Busturialdean bizi diren etorkinen % 30 munduko alde horretatik iritsitakoak da.
Datuei dagokienez, 79 herrialdetatik etorritako auzokideak bizi dira eskualdean, biztanleriaren %11,5; Gernika-Lumon nabariagoa da presentzia, biztanleriaren %15 baita. “Egoera honen aurrean, eta bizikidetza sustatzeko asmoz, 2009tik Busturialdeko udaleku eta ludoteken bitartez garatzen dugu kulturarteko sentsibilizaziorako programa hau, umeei zuzendutakoa dena”, jakinarazi dute mankomunitateko ordezkariek.
Azken urteetan, migrazio mugimenduetan, klima aldaketan edota munduko haurrengan jarri dute arretan, eta, aurten, Andeetako bizilagunak izango dituzte oinarrian.
Andeetako mendikatea Amerika Hegoaldeko bizkarrezurra da, munduko mendilerrorik luzeena, Argentina, Bolivia, Txile, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela lotzen dituena. Hala, Andeetan zehar kulturarteko sentsibilizazio programaren bidez, herri horien aberastasun kulturala eta ekologikoa ezagutuko dute gaztetxoenek, baita hango biztanleen erronkak zeintzuk diren ere.
Esperimentu baten bidez, glaziarren funtzionamendua ulertzeko saiakera egingo dute, eta animalien izenak quechua hizkuntzan ikasiko dituzte; horrez gain, arepak prestatuko dituzte, artisau burruntziak egingo dituzte Andeetako ohialekin, eta, scape room baten bidez, mendikatetik espedizio batean murgilduko dira. Eremu horretako hiri handietako bizitza nolakoa den ere ezagutuko dute gaztetxoenek, eta Andeetako musika tresnak sortuko dituzte, antolatzen duten festa girotzeko.
Helburu zehatzak
“Proiektu honek haurrei Andeetako errealitatea modu integralean ezagutzeko aukera emango die, kulturaniztasuna, gizarte erronkak, genero berdintasuna eta ingurumen kontzientzia sustatuz”, azaldu dute mankomunitatekoek. Ze, Andeetako kultura eta errealitatea ikuspegi interkultural, sozial, genero eta ekologikotik lantzea bilatzen du.
Ikuspegi interkuluralari dagokionez, Andeetako herrialdeen kulturaniztasuna ezagutarazi eta Quechua hizkuntza eta beste hizkuntza indigenen garrantzia nabarmendu gura dituzte, eta, begirada sozialetik, Andeetako gizarteen errealitate sozioekonomikoa azaltzea eta migrazioen arrazoiak ulertaraztea bilatuko dute, hiperinflazioaren ondorioak aztertuz.
Genero ikuspegitik, Andeetako emakumeen rola eta ekarpenak nabarmenduko dituzte, genero berdintasunaren garrantzia azpimarratzeagaz batera. Aldiz, ikuspegi ekologikotik, planetaren osasunerako Andeek duten garrantzia azalduko dute, eta ingurumen erronkak identifikatuko dituzte, klima aldaketaren eragina aztertuz.
Eskualdeko ludoteketan gauzatuko den programa hau Eusko Jaurlaritzako Etorkin Harrera eta Integrazio Zuzendaritzak diruz lagundutakoa da, eta 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Printzipioz, udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio egingo dituzte, baina saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko dituzte. Lehen saioak Arratzun eta Nabarnizen egingo dituzte Aste Santuan, eta, gero, beste herri batzuetara zabalduko dute programa. Izen-ematea udalerri bakoitzean egin beharko da.
EGUTEGIA
Nabarniz: apirilak 14, 15, 23, 24, 25 (10:00-13:00)
Arratzu: apirilak 22, 23, 24, 25 (10:00-13:00)
Ajangiz: ekainak 23, 24, 25, 26, 27 (10:30-13:30)
Muxika: ekainak 23, 24, 25, 26 (09:00-13:15)
Morga: irailak 1, 2, 3, 4, 5 (10:00-13:00)
Gernikako Bakearen Museoa: irailak 1, 2, 3, 4, 5 (10:00-13:00)
Busturia: abenduak 22, 23, 26, 29, 30 (17:20-20:00)
Ibarrangelu: abenduak 22 23, 26, 29, 30
Mendata: abenduak 23, 26, 29, 30 eta urtarrilak 2