Txapelketa handiari, helburu handiak
Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Koparen final-laurdena jokatuko du eguenean [martxoak 20], Spar Gironaren kontra. Baxi Ferrol taldearen aurkako partidua 80 eta 56 galdu ostean helduko diote kopari. Taldekideek lehia orduko aurreikuspenak plazaratu dituzte, Media Day prentsa agerraldian.

Lointek Gernika Bizkaia denboraldiko etaparik garrantzitsuenetako eta esanguratsuenetako baten atarian dago: Erregina Kopa jokatuko dute eguenean [martxoak 20], Zaragozan. Emakumezkoen Endesa Ligaren lehen itzulia sailkapeneko lehen zortzi taldeen artean biribildu dute, eta, horrenbestez, beste urte batez koparen lehian aritzeko aukera eduki dute gernika-lumotarrek.
Etzi, 18:30etik hasita, ligaren egungo liderra, Spar Girona, izango dute arerio final-laurdenetako neurketan. Gainontzeko partiduei dagokienez, egun berean jokatuko dute Valencia Basketek eta Hozono Global Jairisek, 21:00retan. Barikuan [martxoak 21], batetik, Perfumerias Avenidaren eta Movistar Estudiantesen txanda izango da, 17:30ean; bestetik, etxeko talde Casademont Zaragozak Spar Gran Canaria edukiko du aurrez aurre. Zapatuan [martxoak 22], finalerdien txanda izango da; hurrenez hurren, egueneko garaileek eta barikukoek elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak, 14:30ean eta 17:00etan. Irabazleek domekan [martxoak 23] 16:00retan lehiatuko den finalerako sailkapena lortuko dute.
Baxi Ferrolen kontrako azken liga partiduan porrota jasota helduko diote gernika-lumotarrek Erregina Kopari. Iragan zapatuko hitzordu galiziarra, hain zuzen ere, 80 eta 56ko porrot latza pairatu zuten, zuzeneko aurkari baten kontra. Hori bai, Erregina Kopa “bestelako ikuspuntu bategaz” abiatuko dutela aurreratu du Lucas Fernandez entrenatzaileak, gaur [martxoak 17] Malosten egin zuten Media Day prentsa agerraldian.
Ligako partiduak gorabehera, kopan egotea, bere horretan, “lorpena” dela azpimarratu du Fernandezek: “Sailkapeneko zortzi talde onenen artean gauden erakusle da. Kopara sailkatzea urteko helburuetako bat zen, eta hori lortu dugu”. Spar Girona taldea aurkari latza izango da talde granatearentzat, baina, era berean, hautagaiari dagokion “partiduaren ardura” edukiko duela azaldu du entrenatzaileak: “Guk galtzeko ezer barik jokatuko dugu, ausardia osoz”.
Besteak beste, Natasha Mack edota Vionise Pierre-Lui moduko jokalariak jagon beharko dituzte gernika-lumotarrek: “Gironak erasoan nahiz defentsan eragin dezaketen hainbat jokalari ditu lantaldean; guk, beraz, gerta daitekeen joko egoera oro aprobetxatu beharko dugu”. Malosteko taldearentzat, fokua “beren buruagan” jartzea izango da giltzarria: “Ulertu behar dugu zein joko egitea interesatzen zaigun; galera kopuru txikia eduki beharko dugu, eta erasoko erreboteena, aldiz, ahalik eta handiena”.
Era berean, Fernandezek lantaldearentzako berbak ere eduki ditu. “Partiduz partidu, aurkari eta egoera bakoitzera moldatu ahal izateko, gogor lan egin behar dugu; orain, koparen eskakizunera egokitzea dagokigu. Taldea motibatuta dago, lehiakor azaltzeko prest: lantaldea, gaztea izanagatik ere, edozein egoeraren aurrean erantzun irmoa emateko gai da”.
Gernika KESBeko presidenteak, Gerardo Candinak, jarraitzaileen babes “erraldoia” azpimarratu du. Hain zuzen, klubak 100 bonutik gora saldu ditu, Erregina Kopa ikustera joateko. “Kopuru horri beraien kabuz joango direnena gehitu behar zaio. Marea granateak erantzun bikaina eman du beste behin, eta oso eskertuta gaude”, argitu du.
Ane Olaeta: “Ez gara onenak irabazten dugunean, ezta txarrenak galtzen dugunean ere: Erregina Kopara sailkatu bagara, zerbaitengatik da”
Hitzarmena, berrituta.
Gaurko agerraldian egon da, bestalde, Lointekeko zuzendari nagusia, Javier Loroño, klubak eta enpresak beraien arteko lankidetza akordioa beste urtebetez berrituko dutela argitara emateko. Lointeken babesa “ezinbestekoa” dela adierazi zuen presidenteak, eta zuzendari nagusia, aldiz, “hamar urteko batasunaren garrantziaz” mintzatu zen.
Ilusioa eta kopari indar betean heltzeko gogoa sumatzen zaie jokalariei. Ane Olaetak Erregina Kopak sortzen duen “ilusioa” plazaratu zuen: “Urteko hitzordurik politenetako da, eta bertara heltzeak erregular lan egitea eskatzen du”. Ferrolen jasotako kolpea “ahaztu beharraz” aritu zen gernika-lumotarra: “Ez gara onenak irabazten dugunean, ezta txarrenak galtzen dugunean ere: Erregina Kopara sailkatu bagara, zerbaitengatik da. Kanporaketak partidu bakarrekoak izanik, edozer gerta liteke; alde horretatik, geure armak baliatuko ditugu, aurkariari begira kantxaratu barik. Ausart aritu behar gara”.
Bertoko ikusleen presentziari dagokionez, eguena ez da jokatzeko egunik aproposena, baina bai, aldiz, lehen partidu hori irabaziz gero. “Hala, barikua errekuperaziorako aprobetxatu dezakegu; lehen kanporaketa barikuz irabaziko bagenu, final-laurdena eta finalaurrekoa bata bestearen ostean jokatu beharko genituzke”, argitu zuen Olaetak.
Marta Alberdi: “Talde gaztea da gurea, ausarta, eta galtzeko ezer barik baina irabazteko askogaz ekingo diogu eguen honetako final-laurdenari”
Marta Alberdi taldekide eta herrikidea ere antzeko moldez mintzatu zen. Taldea “dena emateko prest” dela adierazi zuen: “Talde gaztea da gurea, ausarta, eta galtzeko ezer barik baina irabazteko askogaz ekingo diogu eguen honetako final-laurdenari”. Gironari irabazteko gakoak ere argitara eman zituen: “Beraien kanpo jaurtiketak eta erreboteak kontrolpean eduki beharko ditugu; horregaz batera, ezin izango gara partiduan galdu, Malosten pasatu modura, beren erritmoaren aurrean”. Galiziako neurketatik “gauzak ondo ikasita” ekingo diote kopari: “Momentuko haserrealdiaren ondoren, taldea gogotsu dago, batez ere, zaleen berotasuna tarteko. Ikuslea kantxako seigarren jokalaria da”.
“Ezustekoa” eman guran.
Girona ederto ezagutzen duen norbait baldin bada, Irati Etxarri iruindarra da. Denboraldi bitan defendatu zituen kataluniarren koloreak. Azken bi kopak lesionatuta bizi izan ditu nafarrak; alde horretatik, aurtengoa “politagoa” izatea espero du. Azaldu zuenez, jokalarientzako hitzordu “ilusionagarria” da: “Lehiaketa horretan jokatu duenak ondo daki ederra eta bakarra dela”.
Irati Etxarri: “Gironagan gehiegi pentsatuz gero, geure burua ahazteko arriskuan egongo gara”
Etxarrik argitu zuen Gironaren aurtengo lantaldea “azken denboraldietakoa baino maila are handiagokoa” dela, baina partiduak “jokatu” egin behar direla, azken txirrinak jo arte: “Partidu bakarreko kanporaketetan hautagai nagusiaren irudi hori apur bat ezabatu egiten da, eta hainbat taldek zirt edo zart ezustekoa emateko aukerak eduki ohi dituzte”. Hori horrela, euren jokoa probestu beharko dutela azaldu zuen: “Gironagan gehiegi pentsatuz gero, geure burua ahazteko arriskuan egongo gara; horrenbestez, gako izango da uneoro oso adi eta kontzienteki jokatzea, aukera denak baliatzeko”.