Pentsiodunen Mugimenduak 95.000 sinadura bildu ditu, Herri Ekimen Legegilearen alde
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Herri Ekimen Legegilearen bigarren fasean murgilduta dago urtarrilaren 13az geroztik. 95.000 sinadura bildu dituzte, eta "arrakastatsutzat" dute ekimenaren hedapena. Apirilaren 5ean, bestalde, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazio bana deitu, eta horreetara batzeko deia zabaldu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua EAEn Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema sortzeko Herri Ekimen Legegilearen bigarren fasean murgilduta dago urtarrilaren 13az geroztik. Bi hilabete hauetan “hamaika hitzaldi eta ehunka diptiko eta triptiko banatu dituzte ehunka herritan”, aditzera eman dutenez. Horrela da, beraien ekimena ezagutarazteko helburupean, 95.000 sinadura bildu dituztela gaur gaurkoz.
“Esan behar dugu sinadura horietako bakoitza izendatutako fede-emaileek edo fede-emaile publikoek, udal-idazkariek autentifikatzen dutela, edozein hauteskunde-prozesutan ematen diren boto-guztien berme berberarekin eta EAko Hauteskunde Batzordearen kontrol berarekin”, gaineratu dute Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Ekonomikoki hitz eginez, oro har, nabarmendu dute 20.000 euro inguru gastatu dituztela kanpaina honetan. Uste dute, baina, lortu nahi duten horrek “merezi duela” horrelako esfortzuak egitea.
Erakunde sindikal guztien babesa ere gogoratu dute pentsiodunek, halabaer; ELA, LAB, CCOO, UGT, STEILAS, CGT-LKN, ESK, CNT, ETXALDE, EHNE eta HIRU. Hilabete bi hauekiko “balorazio positiboa” egin dute, gainera, eta beraien helburura hurbiltzen lagundu duten norbanako eta entitateen “laguntza eta inplikazioa” eskertu dituzte.
Hain zuzen, Herri-ekimenaren hedabena eta harrera “oso arrakastatsuak” izan direla jakinarazi dute. Euskal gizartean “itxaropena” sortu du, eta hirugarren fasearekiko interesak azaldu dituzte: “Espero dugu ekimen honen hirugarren eta azken fasean, Eusko Jaurlaritzaren Legebiltzarreko Osoko Bilkuran, legebiltzar-talde guztiek tramitatzearen alde bozkatzera”. Bide batez, aurreratu dute ez luketela hainbeste ahaleginen ostean Eusko Jaurlaritzak informe negatiboa ematea ulertuko: “Ez genuke ulertuko hainbesteko ahalegin eta babesaren ondoren gizarteko sektore ahulenetako baten bizitza hobetuko lukeen ekimena ez onartzea, gizonen eta emakumeen arteko pentsioetan genero-desberdintasuna eta arrakala murriztea helburu duen ekimen bat izapidetzearen aurka bozkatzea”.
Apirilaren 5ean, kalera. Bestalde, iragan astean erabaki zuten Pentsiodun Mugimendukideek apirilaren 5ean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifesazio bana egitea, “langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dieten soldata eta pentsio nahikoak eskatzeko” asmoz. Horregatik, emandako aurrerapauso horietan, pertsona, langile eta pentsiodun guztiei dei egin diete pentsiodunek: “Dei egiten dizuegu apirilaren 5ean kalera irten eta manifestazio horietan parte hartzera”.
Azaldu dutenez, pertsona guztiak “ezinbestekoak eta ongietorriak” izango dira apirilean, Euskal Herriko hiriburuetan: “Guztion esku dago aberastasunaren bidezko banaketan oinarritutako gizartea eraikitzea. Onartezina da finantza eta energia-enpresa handiek gero eta langile eta pentsiodun gehiagok etekinen erronkak ezartzen dituzten bitartean, gizarte-bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituen soldata eta pentsio sarrerak izatea”.
“EAEn eta Nafarroan guztientzako gutxieneko soldata duina lortzeko bultzatzen ari diren borroka sindikalek eta sustatzen ari garen Herri Ekimen Legegilean jasotako gutxieneko pentsioaren euskal sistema osagarri bat eskatzeak guztion babesa eta inplikazioa eskatzen dute”, azpimarratu dute. Horretarako, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren parekoa izatea funtsezkotzat dute.