Langile bat hil da Arratzun, elektrokutatuta
Baserri bateko teilatua konpontzen ari zela, garabiarekin goi tentsioko kable bat ukitu du, eta ezbeharraren lekuan zendu da.
Lanean zebilen 62 urteko gizoneko bat hil da gaur [martxoak 17] goizean, Arratzun. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, goi tentsioko kable batekin elektrokutatu da, 09:00ak pasatxoan. Sortzez Portugalgoa zen eta Bilbon bizi zen.
LAB sindikatuaren arabera, Lemoako Amuriza Cubiertas Teilatuak enpresako beste sei lankidegaz batera baserri bateko teilatua konpontzen ari zen. Luma garabi batekin materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da, eta deskarga elektrikoa jaso du. Istripuaren ondorioz, konorte gabe geratu da. Anbulantzia, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren patruilak bertaratu arren, ezin izan dute salbatu, eta ezbeharraren lekuan bertan hil da.
Ertzaintzak aditzera eman duenez, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak hartu du beregain istripuaren ikerketa. Hori bai, LABetik adierazi dute Osalanek ez duela “enpresak isuntzeko gaitasunik”: “Alde horretatik, araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin”.
Elkarretaratzea, eguaztenean.
Istripua salatzeko, Intersindikala osatzen duten LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute etzi [martxoak 19], 12:00etan, Lemoan, langileak behar egiten zuen enpresaren aurrean. LABetik argitu dute makinen erabilerak formakuntza “zehatza” eskatzen dutela, eta garabiek, “are zehatzagoa”: “Goi tentsioko instalakuntzei errekurtso prebentiboaren presentzia eta lanaren planifikazio egokia dagozkie. Oraingoan, bistan da ez direla gutxieneko baldintzak bermatu“.
Lan istripu horrekin, hamalau gertatu dira aurten Euskal Herrian. Eraikuntzako makina edo garabiek, ostera, dagoeneko hiru hildako eragin dituzte.