Ernai: "Eraman dezagun herri hau askatasunera"
Ernaik antolatuta, 'Independentziara' eguna ospatu zuten zapatuan (martxoak 15) Gernika-Lumon, eta jauzi bat ematera doazela iragarri zuten: "Gure zeregina gazteei independentzia beharrezkoa dugula azaltzea izango da".

Ezker Abertzaleko gazteek hamarkadak daramatzate gazte mugimenduetan antolatzen, herri honen historiaren bilakaeraren parte “garrantzitsua” izanez: “Gaur Ernai gara, baina duela urte batzuk Segi izan ginen, aurretik Haika eta lehenago Jarrai”. Eta, egun, Ernaitik, Busturialdean “ahalik eta gazte independentista gehien” sortzeko eta antolatzeko lanean dabiltza, horretarako egiten baitute lan. Hala adierazi dute zuten zapatuan (martxoak 15) Gernika-Lumon antolatutako eskualdeko Independentziara eguneko ekitaldi nagusian. Eta badabiltza apurka-apurka ereindako uzta jasotzen.
Izan ere, Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea apirilaren 17tik 20ra bitartean, Gazteon eskutik lelopean, independentziaren aldeko borrokagaz jarraitzeko asmoz, eta eskualdetik 50 gaztetik gora joango dira Euskal Herriko milaka gazte independisten topagunera: “Harro egon gaitezke Busturialdeaz, mugitzen ari den eskualdea delako. Bermeotik zein Gernikatik lanean ibili gara, gure herrietako gazteongan erreferentzialtsuna lortzeko, gure ondoan dirauen komunitate sendo bat lortzeko”.
Hala, duela ia 60 urte hasitako bideari jarraipena ematen segitzen dute. “Euskal Herri independente, sozialista eta feminista bat dugu zerumugan, eta hau gerta daduen lan egingo dugu. Eraman dezagun herri hau askatasunera”, argi esan zuten zapatuko ekitaldian. Gero, gainera, denetariko ekitaldiak izan zituzten aukeran euren artean saretzeko: pintxada, bazkaria, bakarrizketak, triki-poteoa eta DJ Matxingen emanaldia.
Eskualdean jarduten dute nagusiki bertoko Ernaiko kideek, baina Euskal Herri osoko begirada dute oinarri. “Geroz eta gehiago gara etorkizunari begira independentzia baino ikusten ez dugun gazteak. Jauzi bat ematera goaz datozen urteetan, eta gure zeregina gazteei independentzia beharrezkoa dugula azaltzea izango da, dena hemen erabaki nahi dugula azaltzea”, esan zuten, epika beharrezkoa dutela gehituta, eta epika hori sortzea dela euren anbizioa azpimarratuta.

Independentziara ekitaldia Gernika-Lumon.Hibai Agorria
Ez da aldarrikapen bat bakarrik, euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko “aukera bakarra” da eurentzat: “Nazio zapaldua garen heinean, etengabe gaude espainiar eta frantziar estatuen asimilazioaren arriskuan. Gure hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko aukera bakarra da, gure lan eta bizi baldintzak hobe ditzakeen tresna. Zazpi lurraldeetako euskal hezkuntza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzeko aukera. Zaintza sistema erdigunean jartzekoa. Madrilgo zein Parisko erabaki eta legeen inposaketei aurre egitekoa. Gure lurraren, ekonomiaren, politkaren eta gizartearen gainean burujabetza izatekoa. Herritik eta herriarentzat eraikitzekoa. Aske izatekoa”.
Ondorioz, independentzia aldarrikatzen jarraituko dute, “argi eta ozen”, erabakitzeko eskubidea aitor diezaieten. “Ordura arte ez dugu etsiko. Herri honen askatasunaren alde jarraituko dugu Ernaitik, independentzia lortu arte. Eta kaleak astintzen jarraituko dugu herri eta gazte mugimenduen bidez, antolakuntza kolektiboa sustatu eta amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko”.
Nazioartea.
Eta euren asmo hori testuinguruan jartzeko, nazioarteko egoera, gazteena eta eskualdearena aztertu zituzten ekitaldi nagusian.
Gerra hotsak dira nagusi nazioartean, eta miseria, pobretzea, ziurgabetasuna, beldurra… dira doinu entzunenak. Eta faxismoa “harrotzen” aritzeaz gain, bestelako erreakzioak ere ematen ari direla gogoratu zuten Ernaiko kideek. “Ikusten ari gara nola dabilen gertatzen feminismoaren aurkako erreakzio bat, nola ari diren egiten euskararen aurkako oldarraldi judiziala, nola dabilen areagotzen migratzaileen aurkako gorrotoa, LGTBIQ+foboak nola ari diren zabaltzen…”, zenbatu dituzte. Eta eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadak emakume zein gorputz disidentekoak direla “etsaiaren jopunta” diote: “Horrela, 2024an 5.634 emakume izan ziren indarkeriaren biktimak Euskal Herrian. Gainera, egungo sistema kapitalista zisheteropatriarkalak askotariko ardatzetan zapaltzen gaitu, iaz 64 langile hil ziren, eta urte honetan 13 daramatzagu”. Horiek ez direla gertaera isolatuak esan zuten, eta gazteen gorputz eta bizitzetara sistema honek “etengabeko indarkeria” eroan duela esanez.

Independentziara ekitaldia Gernika-Lumon.Hibai Agorria
Hain zuzen ere, gazte izatea “ez dela erraza” azpimarratu zuten: “Ez da erraza positiboa izatea eta ez da erraza alternatibak eskaintzea. Gazteoi errazagoa egiten zaigu munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera baino”. Gazteen osasun mentala okerrera doala jasotzen dute egunkariek, eta horren erruduna “kapitala eta bere logika krudela” dela diote. “Gureganantz datorren ezintasuna eta etorkizun distopikoa onartzea nahi dute. Gehienez ere salbazio indibiduala bilatzen saiatzea, odnokoaren zapalkuntza baldin badakar ere. Baina guk ez dugu hori onartzen”.
Gaur egungo gazteen arazoak “ondokoarenak” ere badira, eta, ondorioz, konponbidea ere ondokoarekin bilatu behar dutela uste dute Ernaikoek: “Guk etorkizun kolektibo batean sinesten dugu, etorkizun desiragarri batean, esperantzan eta balioetan. Elkarrekin, borrokan eta antolakuntzan gabiltza, pedagogia egiten, ondokoari entzuten, ikasten, korrontearen aurka igerian. Hamarkadak daroatzagu horrela, eta halaxe jarraituko dugu”.
Eskualdeari begirada.
Busturialdeari erreparatzerakoan, hautsak harrotu dituen Guggenheim Urdaibai proiektua aitatu zuten, bi egoitza izango lituzkeena, bata Muruetan eta bestea Gernikan, 60.000 metro karratuko proiektua eta 140.000 turista gehiago ekarriko lituzkeena. “Proiektu honen iragarpenak eztabaida piztu du, baina gure erantzuna argia da: eskualde duina nahi dugu, lan duinak dituena, etxebizitza eskubide bat dena eta ez pribilegio bat, jasangarria dena ekologikoki, eta euskalduna dena”. Argi diote Guggenheimek ez duela konponbidea ekarriko, arazoak areagotuko lituzkeela baizik.
Etxebizitza lortzeko eskubidea ere mintzagai izan zuten, eta etxebizitza turistikoetan jarri zuten fokua: “Iaz 84 zeuden Mundakan, eta 230 Bermeon. Konplikatua bada gazteontzat lan duinak lortzea, imajinatu EAJren proiektua aurrera badoa. Guk baldintza duinetan eta berton lan egin gura dugu, ze, dakigunez, langileon %70 eskualdetik kanpora doa”.
Euskararen erabilerak ere kexkatzen ditu gazteak: Gernikan %60tik %45era jaitsi da erabilera gazteengan, eta Bermeon ere datuak kezkagarriak dira, %10era ere ez baita ailegatzen. “Turismo masiboak kalte baino ez lioke egingo gure hizkuntzari. Guk badugu gure eredu kulturala, euskalduna eta herritarra dena, eta baditugu adibide ugari: Astra, Iparragirre, Kabidxe, jai herrikoi eta euskaldunak, memoria historikoaren trasmisioa,… Baditugu sortzaile, artista eta gaitasun kultural handiak”.

Independentziara ekitaldia Gernika-Lumon.Hibai Agorria
Ernaikoak badabiltza euskara taldeetan zein mugimendu feministetan murgilduta, gazteen artean erabilera sustatzeko eta feminismoa zabaltzeko lanean, eta hala segitzeko asmoa dute: “Ernaitik aspaldi hasi ginen gure eskualdeko problematikei erantzuten. Bizkargi eguna antolatu izan dugu urtero-urtero gudarien memoria eta antifaxismoa ardatz izanik. Euskal preso politiko eta iheslarien aldeko gazte-elkartasuna antolatu izan dugu, haiek barik ez garelako. Palestinaren alde irten gara kalera. Baita garraio publiko duinaren aldeko dinamikak egin ere. Ezkerrekoa eta independentista den gazte-bozka bultzatu dugu kanpaina komunikatiboekin, eta badirudi gure eskualdearen mapa politikoa/instituzionala aldatzen ari dela”.