Bermeoko tren geltokiko bihurgunea kentzeko lanak aurreikusi dituzte
Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Bermeoko geltokiko bihurgunea kentzeko eraikuntza proiektuaren idazketa lizitaziora atera du. Trazadura berria lerro zuzenean iristea aurreikusi dute, bikoiztuta eta erdiko nasa bategaz.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Bermeoko geltokia eraberritzeko eraikuntza proiektuaren idazketa lizitaziora atera du, 500.000 euroko aurrekontuagaz eta urtebeteko egikaritze epeagaz. Lanen helburua da tren geltokian dagoen bihurgunea kentzea, bidaiarientzako iriste erraztasuna hobetzea eta herriko portuan lan egiten duten merkantzia trenen maniobragarritasuna erraztea.
Kostaldeko herriko geltokia Bermeo Zornotzagaz lotzen duen trenbidearen adarraren amaieran dago, eta gaur egun nasa bakarra du, trenbide bakarrean, eta diseinuak irisgarritasun eta funtzionaltasun gabeziak ditu: “Distantzia handia dago nasaren ertzaren eta trenaren artean. Egoera horren ondorioz arrapala batzuk zabaldu behar dira, behar duten erabiltzaileak trenera sartu ahal izateko, eta gainera, terminaleko languleek egiaztatu behar dute ez dela inor kanpoan geratzen trenari irteera emateko”.
Gainera, diotenez, trenbidearen luzera ez da nahikoa Bermeoko portuan lanean diharduten salgaien trafikoaren beharrak asetzeko; izan ere, gaur egun merkantziak Bermeoko dartsenan sartzeko trenek hainbat maniobra egin behar izaten dituzte, eta horrek unitateak “zatikatzea” eragiten du.
Horregatik guztiagatik, aurreikusi duten erreformak helburu bikoitza du. Alde batetik, nasak irisgarritasun unibertsala lortzea nahi dute, eta, horretarako trenbidea geltokiraino luzatzea eta bikoiztea da asmoa, nasa erdian egiteko eta lerro zuzenean iristeko. Bestetik, trazadura berria zehaztu gura dute geltokira ailegatu aurreko azken tunelaren irteeratik, merkantzien konposizioak ahalik eta maniobra gutxian eginez sar daitezen.
Esan dute obren ondorioz geltokia atzeraeraman beharko dutela, eta, ondorioz, eraikin berria egin beharko dutela, eta horrek inguruan eragina izango duela. Hala ere, lanek iraun bitartean zerbitzua bermatuko dutela diote, eta, beraz, behin-behineko geraleku bat muntatuko dutela egungo geralekuaren metro gutxi batzuetara.