II. Urdaibai Rallyak biosfera erreserbaren bihotza zeharkatuko du aurten
Ibilbide berrituagaz dator Urdaibai Motorsport elkarteak apirilaren 4rako eta 5erako antolatu duen Urdaibai Rallya. Hiru tarte izango ditu, bi goizean eta bakarra arratsaldean.

Busturialdea motor hotsez eta abiadura biziz beteko da apirilaren 4an eta 5ean. Bigarren urtez jarraian, Urdaibai Motorsport elkarteak Urdaibai Rallya antolatu du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean, eta ibilbide berrituagaz datorren lehia aurkeztu dute gaur (martxoak 15) Gernika-Lumoko Neguetxean.
Eskualdeko lehiaketa Euskadiko Rally Txapelketarako proba puntuagarria izango da, baita 206 Koparako eta Euskadiko Junior Txapelketarako ere. Lasterketaren aurkezpen agerraldian, Urdaibai Motorsporteko presidente Eneko Fuentesek esan du duela urtebete abiatu zuten abenturarekin jarraitu gura dutela, eta iaz lortutakoa hobetu gura dutela aurten: “Oso pozik geratu ginen iazko rallyaren erantzunagaz. 60 parte hartzailetik gora izan genituen, eta kalkulatzen dugu 4.000 edo 5.000 pertsona inguru mugitu genituela, ikusleak, parte hartzaileak, komunikabideak edota antolakuntzakoak kontutan izanda. Eskualdearentzako garrantzitsua da inpaktu hori, eta iazko arrakasta berdintzea espero dugu aurten. Ondo egindakoa horrela mantentzea eta hobetu beharrekoa hobetzea”.
Hala, aurtengoan ere, bi egun izango ditu Urdaibaiko Rallyak: apirilaren 4a eta 5a. Lehenengo egunean egiaztapenak egingo dituzte Arratzuko Loiolan. Han, tabernaren eta udaletxearen aurrean egingo dituzte egiaztapenak 16:00etatik aurrera. Gero, Gernika-Lumora gerturatuko dira, iaz egin legez, Adolfo Uriosten kalean egingo baitute aurkezpena 20:00etan. “Uste dugu ekitaldia interesgarri bezain polita izango dela, ze parte hartzaileak aurkeztuko ditugu, eta horiek leku askotakoak eta palmares desberdinetakoak izango dira. Interesgarria da horien berri izatea”, azaldu du Fuentesek.
Gero, irteera ekitaldiaren ostean, ez da parke itxirik egongo, autoak asistentzia gunera eroango baituzte. Behekoibarra industriagunean egongo da hori, eta han egingo dute lo autoek. Hala, asteburu horretako protagonistak diren autoak ikusi gura dutenek horretarako aukera izango dute barikuko 21:30etik zapatuko 09:00etara bitartean.
Izan ere, zapatuan ordu horretan ekingo diote lehiari, eta 20:00ak bitartean eskualdeko errepideak abiaduraz beteko dituzte. Hain zuzen ere, orain arteko inguruko rally lehiaketak igaro ez diren bideak zeharkatuko ditu II. Urdaibai Rallyak.
Hiru erlojupeko tarte.
Aurtengo rallyak hiru tarte izango ditu: bi zeharkatuko dituzte goizean, eta bakarra arratsaldean. “Iaz bi tarte izan genituen, bata goizean eta bestea arratsaldean, eta bakoitza hiru aldiz zeharkatu behar izan zuten parte hartzaileek”, gogoratu du Fuentesek. Baina aurten zerbait berria egiteko gogotsu egon dira, eta tarte berriak prestatu dituzte. Goizean, bi tartetatik igaroko dira parte hartzaileak, bakoitzetik bi aldiz. Beraz, lau erlojupeko lehiatuko dituzte. Eta arratsaldean, tarte bakarra egongo da, baina luzeagoa, eta hiru aldiz igaro beharrekoa.
Lehenengo tartea berria da, eta biosferaren erreserbaren bihotzera eroango ditu parte hartzaileak: “Inoiz egin gabekoa da, ibilbide honen tarte bat ere ez da inoiz rallyan lehiatu. Gautegiz Artagatik, Kanalatik, Laidatik pasatuko dira autoak. Guk ondo ezagutzen dugun gunea da, baina kanpokoak harrituta geldituko dira. Ze, asko Gernikako Rallyra etorritakoak izango dira, baina horrek gune horiek ez zituen zeharkatzen, eta uste dugu ikusgarria izango dela”, diote.
Hala, tarte horretako erlojupekoa Ibarrangelun haisko da, eta handik Muruetaganeratz joango dira, lehenengo kurtzean ezkerretara hartu eta Earantz abiatzeko. “Handik Ereñora, Egoinera eta Atxosteko bidegurutzera jaitsiko dira, Muruetaganeko biribilgunera ailegatu eta Muruetagane jaitsi eta Arteagan tartea amaitzeko”, azaldu dute.
Bigarren tartea, ezaguna izango da: Montecalvokoa. Ibarrurin hasiko da eta Montecalvoko tarte mitikorantz joango dira, handik Muniketaganeraino eta Durangorantz jaisten hasterakoan Asteiko bidegurutzean Urrutxurantz joateko norabidea hartuko dute. Handik Mendatara ailegatuko dira gero, Albiz igarota.
“Tarte zabala da, kotxe indartsuenak ondo ibiliko direna. Porcheren bat etorriz gero, edo Mitsubishiren bat etorriz gero, horiek izango dira kotxerik eta azkarrenak. Baina auto txikiek ere ezustekoak ematen dituzte eta rallyko egunera arte itxaron beharko dugu ikusteko nor den azkarrena”, ondorioztatu du Fuentesek.
Arratsaldean, aldiz, tarte bakarra egongo da, baina luzeagoa izango da, teknikoagoa eta hiru aldiz igaro beharko dute parte hartzaileek. Forun abiatuko da, Baldatikara igo eta Metxikarako bidean zehar ibiliko dira, handik Errigoitiko uri auzora joateko eta Elorretako bidegurutzetik berriro ere Metxikarako bidea hartzeko. Gero, Lumora joango dira, eta handik Gernikaraino. “Tarte hau ere ez da inoiz horrela egin. Nahiko luzea da, nahiko teknikoa. Izan ere, gune bizkorragoak, estuagoak eta teknikoagoak ditu. Bizkor eta fin ibili beharko dira parte hartzaileak tarte honetan denbora onak egiteko. Benetan tarte zaila izango da, erritmo aldaketa askokoa”, gehitu du.
Urdaibai Motorsport elkartekoek ibilbide berri honegaz “ahalik eta parte hartzaile gehien” erakarri gura dituzte, bai eskualdera, bai rallyra. “Datozenak kategoria onekoak izatea gura dugu, maila ona egotea rallyan. Hala ere, denak dira ondoetorriak, bai puntako autoak, bai xumeagoak direnak”.
Automobilismoa bultzatuz.
Inguruko motozaleak elkartzeko eta automobilismoa bultzatzeko asmoz jaio zen Urdaibai Motorsport taldea, eta, iaz egin legez, aurten ere automobilismoa ahalik eta leku gehienetara eroaten ahaleginduko dira. Hala, gazteenak izango dira rallyaren lehen protagonistak, eta Barrutia eta Barrutialde lehenengo geraluak martxoaren 21ean. Izan ere, ikastetxe horietaran erakustaldia egingo dute: parte hartzaileren baten autoa umeei erakutsiko diote: “Automobilismoarekiko afizioa eskoletara ere eroan gura dugu. Iaz Urretxindorran egin genuen, eta aurten Barrutian eta Barrutialden egingo dugu. Bertoko ikasleei erakutsi eta azaldu gura diegu zer diren rallyak, nolakoak diren autoak, eta segurtasuna bermatzeko zer egin behar den. Iazkoa esperientzia oso polita izan zen, umeei asko gustatu zitzaien, eta, aurten errepikatzea erabaki dugu”.








































