Gernikaldeko 23 ohorezko odol emaileren ekarpenari, eskertza
Gernikaldeko ohorezko 23 emoilek 100 edo 75 odol ematetik gora egin dituzte, denen artean 2.286 emote zenbatuz eta 1.028 litro odol emanez. Horien "altruismoa, fideltasuna eta konpromisoa" eskertu dituzte Odolkideek.

Gernikaldean duela 50 urte hasi ziren odola ematen, eta ordutik 41.000 odol emate egin dira. 23 odol emoilek hainbat urtetan fideltasun handiz eman dabe odola, bai autobusean, bai fabriketan, bai kliniketan, dela odol osoa ematen, dela plasmaferesiaren bidez. Guztira 23 horiek 2.286 emote egin dituzte, eta, denen artean, 1.028 litro odol eman dituzte. Horiek ohorezko emaileak dira, 75 odol emate baino gehiago egin dituzten emakumeak eta 100 aldiz baino gehiago eman duten gizonezkoak. Hala, 50 urte betetzen diren urte honetan, horien ekarpena erakutsi eta eskertu dute Odolkideek.
23 emoileen artean zazpi dira andrazkoak, eta 16, berriz, gizonezkoak. Denak aspaldiko urteetatik emaileak direnak: 19 Gernika-Lumoko bizilagunak dira, 2 Muxikakoak, eta bana Busturikoa eta Eakoa.
“Legediaren arabera, emakumeek urtean hiru emote egin ditzakete, eta gizonezkoak, lau: hortik 75 eta 100eko tartea ohorezkoen artean”, azaldu dute Gernika-Lumoko Odolkideak elkartekoek. Honenbestez, 100 edo 75 odol emate egiteko, gitxienez 25 urtez eman behar da odola, hutsik egin barik. “Bizitzan zehar ematen diren gaixotasun edo bestelako gorabeherak kontuan hartuta, normalena da 35-40 urte behar izatea horrenbesteko emote kopurua egin ahal izateko. Andrazkoen kasuan, kontuan hartu behar dira ganera amatasun eta umeak hazteko urteak euren ibilbidea ulertzeko”, azaldu dute. Eta, edozein kasutan ere, ohorezko emoileak izateko “altruismoa, fideltasuna, konpromisoa eta osasuna” oinarrizkoak direla diote, “beti ere gaixoen bizitzak salbatzeko”.
Kontuak eginda, 23 hauen artean, gizonezkoetan batazbesteko emote kopurua 112,6koa da, eta andrazkoen artean 87,3 emote. Denak ala denak aspaldi hasi ziren odola ematen, eta hori adierazi zuten autobusaren ondoan, joan den astean. Batzuk autobus geltokiko plazan hasi ziren odola ematen. “Mutuan ematen genuen odola lehen, eta hasieran ardoa ere ematen ziguten odola eman ostean”, diote batzuek. Beste batzuk, aldiz, kliniketan hasi ziren ekarpenak egiten, familiak hala eskatuta. Eta, Bilbon lan egiten zutenak Basurtoko ospitalera joaten ziren odola ematera. 23 horien artean, odola emateaz gain, plasmaferesia emandakoak ere badaude; batzuk 18 urtegaz hasi ziren horretan, eta etenak eduki arren, horretara bueltatu direnak ere egon badaude.
Nabarmentzekoa da emakumeen kasuan, amatasun urteak edota umeak hazteko sasoian batzuek utzi egin behar izan ziotela odola emateari.
Dena dela, gaur egun odola eman dezaketen horiek zein odol gehiago eman ezin dutenak “pozik” daude odola ematera joan direlako. Bakoitzak bere ibilbidea izan du, baina konpromisoa erakutsi dute beti. “Harro daude, eta gizartearen esker ona merezi dute, guztion onerako egin dutelako hori”.