Txoriburu berbaren adibide guztien bilgunea
Txoriburu taldea ‘Eztau bururik’ bigarren lan luzea kaleratzeko puntuan dago. Iparragirre Rock Elkarteko oholtzan aurkeztuko dute, martxoaren 29an, Meison eta Letagin taldeekin batera. Beraien ohiko moldeei eutsiz ondu dute albuma, baina «seguruago eta antolatuago» aritu direla nabarmendu dute kideek.

Sei urte pasatu dira Txoriburu taldeko kideek lehen entseguei ekin zietenetik. Handigura barik, baina urrats irmoz, eskualdeko kidez osatutako taldeak aurrera besterik ez du egin, umiltasuna, lana eta pasioa iparrorratz. Beren lehendabiziko lan luzeak Seriotasune hartzen izena zuen, eta, izenari zor, seriotasun horretatik beharrean ari dira. “Osasuntsu” dago taldea, eta datozen egunotan beren bigarren lan luzea argitara emango dute: Eztau bururik.
Ilusioz bizi dituzte azken egunok. Ez bakarrik bigarren lana munduratzeko puntuan dagoelako, baita ate joka duten kontzertu “berezi” batengatik ere: hilaren 29an Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean aurkeztuko dute album berria, etxekoen aurrean. Asier Gomez, Asier Foruria, Kerman Gomez eta Ibai Zobaran daude proiektuaren atzean; lehenengo biak ahotsez eta gitarrez arduratzen dira; hirugarrena eta laugarrena, hurrenez hurren, baxuaren eta bateriaren ugazabak dira.
Txoriburu Produkzions legez jaio zena Txoriburu da egun. Izen aldaketa jendeak taldea jarraitzearen zantzu da, Asier Gomezek dioenez: “Jendeak, inertziaz, Txoriburu deitzen digu, eta, Produkzions hori kriterio handirik gabe sortu zenez, gehigarri hori kentzea eta izena laburtzea erabaki dugu; zelan edo halan, musika serioago edo modu antolatuagoan ulertzen dugula adierazteko modua ere bada”.
«Olgeta edo parranda kutsu hori ez dugu galdu, baina gure musikak gauza askoz gehiago ditu esateko»
Bidean den lana taldearen egungo egoeraren “ispilu” da, Zobaranen arabera: “Olgeta edo parranda kutsu hori ez dugu inondik inora galdu, baina gure musikak gauza askoz gehiago ditu esateko, eta horiek denak heltzear dagoen albumagaz aditzera ematen hasi gura dugu”. Inflexio puntuetako bat Iparragirren sartzea izan dela nabarmendu dute. Udan bihurtu ziren elkartekide, eta aldaketa hura “giltzarri” izan zen taldearen bilakaeran. “Lanerako beste modu bat ezagutu genuen; geure kabuz soilik mugitzetik, zabalagoa, anitzagoa eta herrikoa den lantalde baten dinamika barruan aritzera pasatu ginen”, azaldu du baxu-jotzaileak.
Hamar geltokiz osatutako lan luzea argitaratzear daude. Bere oinarriak argi asko dituzte. “Punk zirikatzaile eta sentikorra” gordeko du, Gomez gitarra-jotzailearen ustez: “Batetik, atsegin dugu hala letren, nola geure arteko puntu zirikatzaileari eustea; funtsean, punkaren izaeraren zati dira probokazioa eta umorea. Bestetik, gauza serio edo sentikorrak kontatzeko eta kantatzeko ere bagaude hemen”. Zobaranek azpimarratu du abestiak “norberaren eta kolektiboaren” bizipenen gordeleku izango direla. Hala, gai aniztasuna “orain arte baino oparoagoa” izango da.
Aniztasun horrek, baina, ez du kontzeptualtasuna zutabe hartuko, gitarra-jotzailearen berbetan: “Abesti berriez gain, zenbait kantu zahar ere berriro grabatu ditugu. Buruan dugu aurrerantzean elementu kontzeptualen bati buruzko lanen bat jorratzea, baina, gaur-gaurkoz, album honek ez du hari gidari nagusirik edukiko; denetariko gaiak ukituko ditugu, abiapuntu modura”.

Txoriburu taldea.Unai Alba
Serioago bai, baina ez, ostera, “guztiz egituratuago”. Eztau bururik-ek kaos puntu bat gordeko duela iragarri dute. Baxu-jotzailearen hitzek kaosarekiko hurbiltasuna eta modu horretan funtzionatzea ohiko dutela erakusten dute: “Abestiek ez dute entzuteko ordena jakinik edukiko; apur bat kaotikoa izango da. Guk kaos horretan aurkitzen dugu sarri lanerako modu egokiena, halaxe moldatzen gara hoberen. Beraz, seriotasuna hartuta ere, ez diogu muzin egiten geure erara konpontze horri: hau ez da orkestra bat”. Ez da kasualitatea, esaterako, abesti bat tonu bi gorago kantatzeko moldatu izana, estudiora sartzeko bezperan.
Lagun artean grabatuz
Madrilen grabatu dute albuma, gehienbat, beraien adiskide eta Tres y Pico Records estudioko Nicolas Manzanaresegaz edukitako elkarlanari esker, Foruriak argitu bezala: “Haren bitartez iritsi zitzaigun Jose Maria Rosillok gidatzen duen Audiomatic estudiora sartzeko aukera. Manzanaresek aspalditik esana zigun disko bat hasi eta amaitu, bertan grabatu behar genuela, baina artean ez genion kasu handiegirik egin”. Urtarrila iritsi zen arte. Izan ere, urte hasiera heltzeagaz batera, hiru egunez Audiomaticen jo eta su aritu ziren.
«Grabazioa oso serio prestatu genuen, eta lan hari esker lortu genuen estudiora seguru ailegatzea»
Urtarrilaren 25ean, egun osoko sesioa egin zuten. Zir eta zart, hamar pisten alde instrumentala grabatu zuten; biharamunean, ahotsen txanda izan zen. Grabaketatik “neka-neka eginda” atera ziren, baita bete-beteta ere. Kale edo bale eginez, zati instrumentala zuzenean grabatu zuten: “Urte amaieran oso serio prestatu genuen grabazioa, metronomoagaz entseatuz, eta lan hari esker lortu genuen estudiora oso seguru eta motibatuta ailegatzea”. Nahasketaz eta masterizazioaz, berriz, Manzanares bera arduratu zen, bere estudioan.
Zerbait ikasi baldin badute, helarazi gura dutena helarazteko “gai” direla da, Asier Gomezen aburuz: “Ez gara geure musika tresnen birtuosoak, baina ikusi dugu grabazio dinamiketan lan egiteko gai garela, barruan duguna musikaz janzteko gai garela; alde horretatik, konfiantza pila bat jaso dugu”. Zobaranek beren hitzetako esaldi bategaz laburbildu du grabazio osoa: “Zentzuduna izan leikela, txoriburu bat izanda. Horixe diogu album berriko abesti batean, eta halaxe bizi dugu”.
Riffak dira beraien musikaren iturburua. Iturburu horretan jaiotzen dira ideiak, jaiotzen dira proposamenak… eta jaiotzen dira abestiak eurak. Sorkuntza prozesua riffetatik abiatuz daramate aurrera, taldekide bakoitzak bere instrumentua bilatzen duten horretara moldatzen duen arren.

Txoriburu taldea.Unai Alba
Gitarra-jotzailearen ustez, zati instrumental bakoitzari “berba jakin batzuk” dagozkio: “Instrumentalak abestiak eskatu dezakeenaren pistak ematen ditu maiz”. Hori bai, bidean gordetako ideien despentsa ederra osatu dute urteen poderioz. Ideien gasolindegi horretara jo ohi dute, inspirazioa hornidura egarriz denean. Berben ardura gitarra-jotzaile bien gain dago, denek ala denek ekarpenak egin arren.
Saretze istorio bat
Bakarrik ezin da. Bakarrik egiterik ez. Album berria lagun arteko saretzearen errelato bizia ere bada. Izan ere, kanpoko parte hartzaile bi ere diskoaren sorreraren testigu izan dira. Testigu ez ezik, zuzeneko konplize ere bai. Asier Gomezek azaldu du abesti bateko pasarte bat Haritz Olaetaren eskutik iritsi dela: “Gainera, bera arduratu da zati hori kantatzeaz”.
Bigarren kolaborazioari dagokionez, Zobaranen jaioterri Busturira jo dute. Mikel Retolazaren tinta nabari da kanta batean: “Transmititu gura genuena azaldu genion, eta bera gainontzekoaz arduratu zen; bere hitzek justuki bilatzen genuena islatzen dute. Aurreiritziez berba egin nahi genuen, baina Retolazak, kanpo ikuspuntu batetik idatzita ere, geure buruen barruan zegoena ederto islatu zuen”. Albumaren diseinua Martin Elgezabalek egin du, eta argazkiak Unai Albaren erretinatik igaro dira.
Hitzei eurei dagokienez, kritika sozialera jo dute. Era berean, Seriotasune hartzen LPko zenbait abestiri keinu egin diete, bigarren lanak, hausturaz harago, jarraipenetik ere baduelako. Adibidez, Kaliek hutsik abestian jorratzen zituzten jendearen pasibotasuna edo mugimendu eza landu gura izan dute: “Eta mobilizatzeko, lanerako, aldarrirako prest dagoen jendea omendu dugu”.
«Gogor lan egin dugu, eta Iparragirreko kontzertua behar hori guztia baloratzeko eguna izango da»
Anda suelto edota Soldadito makinero moduko “azaleko” tematikak apur bat alboratu dituzte; ez, ordea, beraien nortasun musikalean erabat txertatuta dauden ironia, sarkasmoa eta umorea. Bestalde, azpimarratu dute txoriburu hitza albumaren luze-zabalean “hainbatetan” errepikatzen dela. Berbaren esanahira jo dute: “Berba hori kutsu peioratiboagaz baliatzen da gehienetan, baina ikusarazi gura dugu txoriburu izatea ez dela nahitaez negatiboa. Terminoak denetariko esanahiak gordetzen ditu, eta ez derrigorrez txarrak; horri keinu egiten saiatu gara”.
Etxeko oholtza zain dago
Entseguetara eta zuzenekoen prestakuntzara zeharo emanak daude txoriburutarrak. Iparragirreko kontzertua egindako lanaren “konfirmazioa” izatea espero dute. Zobaranek bere bizitzako “egun garrantzitsuenetako bat” modura bataiatu du hilaren 29a: “Bidean lagun egindako guztiekin gozatzeko eguna izango da, eskerrak emateko eguna, egindakoa baloratzekoa”.

Txoriburu taldea.Unai Alba
Dagoeneko hasi dira zuzenekoaren egitura atontzen. Album berriko abestiak izango dira nagusi, eta ez dute joko beste talde batzuen “bertsioen errekurtsora”. Era berean, aurreko laneko “abesti batzuk” berreskuratuko dituzte. Dena dela, Eztau bururik izango da ardatza.
Agertokiaz galdetzerakoan sumatzen zaie ilusiorik handiena taldekideen ahotsei. Asier Gomezek “betidanik” mirestutako tokitzat du Iparragirre: “Umeak ginenez geroztik, maite ditugun talde handiek jotzeko toki modura irudikatu dut, eta orain gu gara bertan joko dugunak, gainera, Meison eta Letagin bezalako talde bigaz batera. Gogor lan egin dugu, eta Iparragirreko kontzertua behar hori baloratzeko eguna izango da”.
Etxekoaz gain, aurten hainbat kontzertu emango dituzte txoriburutarrek. Zuzenekoen zurrunbiloa hastear da, eta lan berria ahal beste zabaltzea dute buruan: ekainaren 13an Gernika-Lumon ariko dira, eta uztailean Gipuzkoara joko dute. Hain zuzen, Tolosaldea eta Goierri artean jarraitzaile saretxoa ehuntzen hasiak dira: “Ikaztegietan kontzertu bat eman genuen, eta jarraian alboko udalerritik, Legorretatik, deitu ziguten; oraingo honetan, aldamenean dagoen beste herri batean, Alegian, joko dugu”.
Urte biz jarraian Gernika-Lumoko Arranon jo dute, eta orain agertoki horretatik metro gutxitara dagoen plaza dute begi tartean: Pasealekua. Eskualdekoak izanik, “herriko jaietako oholtza nagusia” ezagutzeagaz amesten dute, “are gehiago zuzenean aurkezteko lan berri bat besapean edukita”. Horrez gain, gaztetxe nahiz espazio autogestionatuak ere beraientzako “eremu aproposak” direla diote: “Bat egiten dugu gaztetxeek irudikatzen duten autogestioaren filosofiagaz eta jarreragaz”.
Argiak pizteko puntuan daude. Anplifikadoreak dezibel gosez dira. Oholtza bertara nor igoko zain dago. Txoriburu berbak hamaikatxo esanahi ditu. Horietako asko positiboak. Eta horren lagin bat gura duenak martxoaren 29an Iparragirre Rock Elkartean topatu ahalko du.

Txoriburu taldea.Unai Alba