Hamabost urtez herrian antzerkia bultzatzen
Bermeoko antzerki tailerrak hamabost urte beteko ditu aurten, eta antzerkia kultura den heinean, herrietan horrentzako lekua izatea aldarrikatu du Arantza Gotxi antzerki tailerreko kideak. Alde teknikoaz gain, alde emozionalera ere begiratzen dute astez-aste tailerrean.

Mundua eraldatzeko tresnatzat du Arantza Gotxi bermeotarrak antzerkia. Terapiatzat. Emozioak kudeatu, haserreak kanporatu, talde-lana hauspotu, eta bakoitzaren barneko ezinegonak lantzeko tresnatzat. Bermeon, duela hamabost urte jarri zuten lehen aldiz martxan antzerki tailerra, helburu argi bategaz. Herrian antzerkiari tokia ematea. Lehen bi urteetan izan ezik, gainontzeko guztietan tailerraren parte izan da Gotxi, eta bertako kide izatearen harrotasuna nabarmendu du: “Nire lagun bat tailerraren lehenengo urtean sartu zen tailerrean. Lagunak komentatu zidan tailerra zoragarria zela; emozioak lantzeko tokia zela gehienbat, terapia antzeko bat. Horregatik sartu nintzen ahal bezain pronto, eta pertsonalki asko eman dit. Gaur egun, oso beharrezkoa da niretzat”.
Antzerkia beste mundu bat dela dio Gotxik. Hezkuntza bat dela, eta beraz, hezkuntza zentro guztietan eskaini beharko liratekeela tailerrean lantzen dituztenak. “Haserrea kanporatzen dugu tailerrean, lotsa kendu, poztasunean murgildu, eta ezkutatuta dauzkagun horiek bilatu. Balio horiek guztiak beharrezkoak dira etorkizuneko gizaldiak egoki hezteko”, gaineratu du.
Aurten, 18 urtetik gorako hamar pertsonek osatzen dute antzerki tailerra; hamar pertsona “oso desberdinek”, hain zuzen ere. Jende desberdina ezagutzeko aukera ere ematen baitu antzerkiak. Talde oso berezitzat ditu hamabost urteotako guztiak, baina, aitortu duenez, “azken bost urteotan taldeak are bereziagoak” izan dira.
“Uste dut antzerkia ez dela nahikoa lantzen. Eskolatik hasita, beste alor asko lantzen ez diren moduan, antzerkia ere ez da lantzen”.
“Sarri ikusten dugu beste herri batzuetako kultur aniztasuna noraino heltzen den, baina alor horretan, Bermeon eskas xamar gabiltza”, nabarmendu du. Zergatik gertatzen da? Nola eman buelta? Bermeon soilik gertatzen da? Horrelako galderei ez die erantzunik bilatu oraindik Gotxik. Baina buruhauste askoren ondoren, hausnarketa bat egin du bere baitan: “Uste dut antzerkia ez dela nahikoa lantzen. Eskolatik hasita, beste alor asko lantzen ez diren moduan, antzerkia ere ez da lantzen”.
Saiakera eta interesa.
Hala, Bermeoko Udaleko Euskara sailari eskerrak eman dizkio taldearen izenean Gotxik, herriko antzerkia bultzatzeko saiakeragatik eta interesagatik: “Euskara saila da tailer hau aurrera ateratzen duena, eta eskerrak! Hori gabe Bermeok antzerki eskaintzarik gabe jarraituko lukeelako”.
Horrez gain, muineko arazoa argi ikusten dute tailerreko kideek: tailerrerako eta sormenerako aukerarik ez egotea. “Tailerretik haratago, antzerki elkartea ere sortu genuen, Buselektrikue. Elkarte modura, tailerrean sortutako hainbat obra bultzatu izan ditugu. Obra batean sartuta egotea oso estresagarria da. Ez dago denborarik, tailerrean gaudenok lanean ere bagabiltza-eta. Añenak publikoari atera genuen, baina ordu asko izan ziren, tailerreko orduetatik kenduta. Hor talka bat sortzen da, zeren eta alde batetik tailerra bera dago, eta bestetik sormena. Guk uste dugu gauza bietarako aukera egon beharko litzatekeela herrian; sortzeko bai, baina tailerrerako ere bai. Baina ez dago, eta horrek tentsioak sortzen ditu”, azaldu du. Behin eta berriz errepikatu du sormen talde baten beharra bermeotarrak, “egoera aldatzeko, eta gauzak nolabait errazteko”.
“Talde-lana dena da antzerki tailer batean. Esan bezala, bakoitzak bere izaera du, eta sarritan, hori kudeatzea ez da erraza. Irakaslearen lanak pisu handia du hor, eta Eneritzek ederto egiten du”.
Eneritz Artetxeren agindupean egiten dute lan tailerrean aurten, nahiz eta beste hainbat irakasle ere izan dituzten urte guztiotan. Ahotsa, gorputz adierazpena, lotsa kentzea, eta beste hainbat dira horretan ikasten dituztenak, “beti ere irakasleak prestatutako plangintzaren barnean”. Irakaslearen lana azpimarratu nahi izan du Gotxik: “Talde-lana dena da antzerki tailer batean. Esan bezala, bakoitzak bere izaera du, eta sarritan, hori kudeatzea ez da erraza. Irakaslearen lanak pisu handia du hor, eta Eneritzek ederto egiten du”.
Hamabost mila esperientzia.
Hamabost urte, eta hamabost mila esperientzia bizi izan dituzte urteotan antzerki tailerrean parte hartutakoek. Belaunaldi desberdinak pasatu dira tailerretik. Irakasle desberdinak. Izaera desberdinak. Adin desberdinak. Baina urte horietan guztietan, helburua beti mantendu izan dute: Bermeon antzerkiari tokia egitea, eta bide batez, hori bultzatzea.
Atzera begira jarri eta antzerki tailerraren ibilbidearekiko “balorazio oso ona” egin du Gotxik. Urteurrena dela eta “ezusteko bat zein beste” ere badabiltza prestatzen, aitortu dutenez. Udaberrirako gutxi falta den honetan, baina, urte askoren ondoren, Buselektrikue Antzerki Elkarteak aurten ez du Udaberri Kulturala antolatuko: “Bizitzan dena da dirua, eta horrelako ekimen bat antolatzeko taldeei ordaindu behar zaie, beraiekin harremanetan jartzeaz gain. Guk, ordea, bakoitzaren poltsikoetakoaz gain, ez dugu besterik. Eta horrela zaila da”.
Horregatik, herritarrak tailerrera hurbiltzearen beharra lehenetsi du Gotxik; herriko antzerkiari “aukera bat ematea”. Aurreiritzi asko dago antzerkiarekiko, eta horretaz kontziente dira tailerrean. Horri ere “buelta emateko garaia” dela uste dute. Oinarria antzerkia jendearen ahoetan izatea dela argi du bermeotarrak: “Uste dut ez dela nahikoa hitz egiten antzerkiaz, eta noski, kulturako beste hainbat alorretaz ere ez. Hori aldatzea funtsezkoa da, herrietako antzerkiak eta kulturak beharrezko hazkundea izan dezan, eta gure moduko tailerrek ere bizia har dezaten. Jendea hurbildu dadin. Horretaz hitz egin dadin. Probatu dezaten”.