Busturialdea "entzuteko eta aktibatzeko" prozesua hasiko du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak
Guggenheim Urdaibai Stopek museo proiektuari buruzko hitzaldi informatiboen kanpaina egingo du. Astelehenean Foruan hasita eta apirilera arte, eskualdeko herrietan egingo dituzte lehen berbaldi informatiboak.
Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak eskualdeko udalerrietan hitzaldi informatiboen dinamika abian ipiniko duela argitara eman du. Martxoa eta apirila bitartean, eskualdean egin gura den museo makroproiektuari buruzko berbaldiak egingo dituzte Busturialdearen luze-zabalean, «milaka herritarrengandik jasotako aginduari jarraituz».
Egitasmoaren nondik norakoak aditzera emateko helburuagaz antolatu dute berbaldi zikloa, batez ere, azken asteotako «albiste eta mugimendu berriak» tarteko: «Azkenengo asteetan, proiektuaren inguruko berriak ezagutu ditugu hedabideetan, eskualdearen etorkizunean era oso nabarmen batean eragin dezaketenak».
Albiste horietatik esanguratsuena, hain zuzen ere, Agirre Lehendakaria Center elkarteak (ALC) Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz martxan ipinitako herritarrentzako entzute prozesua izan da; horregaz batera, Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoa egite aldera emandako lehendabiziko urratsak ere azpimarratu dituzte.
Guggenheim Urdaibai Stopetik adierazi dute egitasmo horiei buruzko beraien iritzia «jadanik plazaratu» duten arren, uste dutela «egokia» litzatekeela plataformak duen informazioa eskualdeko herritarrekin elkarbanatzea, «eduki ditzaketen zalantzak argitu ahal izateko». Helburu horri helduz eta «milaka pertsonengandik jaso» dituzten eskakizunei jarraituz, Busturialdea «entzutera eta aktibatzera» doazela nabarmendu nahi dute.
Urdaibai Biosfera Erreserba babeste aldera, eta egin gura duten «negozio ekozidaren» aurrean, herri sarea aktibatuko dutela aurreratu dute plataformakideek: «Sare horregaz, argi utzi gura dugu guk ez dugula behar museorik Urdaibain; Urdaibai bera da geure museoa, eta ez dugu amore emango».
Lehen hitzaldi sorta. Plataformak publiko egin du egingo duten hitzaldi dinamikaren lehen geltokia zein izango den. Datorren astelehenean, hilaren 17an, Foruak hartuko du lehenengo berbaldia. Ondorengo egunetan egingo dituztenak ere argitaratu dituzte: martxoaren 20an, Busturian; 21ean, Bermeon; 26an, Morgan; 27an, Ajangizen; 29an, Ean; apirilaren 3an, Mundakan; 4an, Kortezubin eta Muxikan; 8an, Gautegiz Arteagan; eta, azkenik, apirilaren 10ean, Gernika-Lumon.
Era berean, iragarri dutenez, udalerri horietako hitzorduak ez dira zikloa osatuko duten bakarrak izango: aurrerantzean, Errigoitin, Sukarrietan eta Elantxoben egingo dituzte, baita Arrietan ere. Herri horietako daten egutegia aurrerago argitaratuko dutela esan dute.
Eskualdeko herriz herriko zikloaz gain, plataformak bestelako egitasmoetan ere presentzia edukiko du, besteren artean, Bilbao-Bilbao zikloturista martxan, Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketan eta Urdaibai ezagutzeko helburuz Espainiatik zein Frantziatik jendea erakarriko duen Surfrider Foundationeko kideen ekimenean.
Fundazioari eskutitza. Beste alde batetik, azaldu dute Euskal Herriko agintariek asteon New Yorkera egin duten bidaia instituzionalaren harira, plataformako kideek Guggenheim Urdaibai Fundaziora zuzenean jotzea erabaki dutela. Hain zuzen ere, eskutitz bat helarazi diete fundazioaren goi karguei, aste honetan bertan: «Busturialdearen etorkizuna AEBetan erabakitzen ari dela dirudien honetan, Mariët Westermanni eta Solomon R. Guggenheimi geure eskutitza eman diete plataformaren New Yorkeko lagunek».
Azkenik, Miren Arzallus Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendari kargua hartzekotan egotea «aukera paregabea» dela uste dute, hark «Busturialdeko herritarren iritzia beraien eskutik zuzenean» ezagutu ahal izateko. Alde horretatik, Arzallusi «formalki biltzeko deialdia» luzatu gura dio plataformaren lantaldeak.