Zurrunbiloa: gazteen osasun mentala erdigunean jartzen duen proiektua
Gazteen osasun mentala eraldatzeko bideak eraikitzea da Zurrunbiloa proiektuaren asmoa. Nerabeentzako espazio seguruak eremu guztietan sortu beharko liratekeela diote sustatzaileek.

Euskal gazteen 5etik 1ek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua, eta antsiolitikoen kontsumoa sei aldiz handitu da azken urteetan horien artean. Deigarria da, hain zuzen ere, zein adinekin preskribatzen zaizkien antsilitikoak neskei: 11 edo 12 urterekin. Ondorioz, zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko, gazteen osasun mentala erdigunean jartzeko eta gazteei arretaz entzuteko asmoagaz Elhuyarrek gai honi heldu dio, eta Zurrunbiloa proiektua sortu du.
“Gazteei arretaz entzun, gizartearen begirada horra bideratu eta gazteen osasun mentala eraldatzeko bideak eraikitzea da asmoa”, esan dute proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, bost ikus-entzunezko sortu dituzte Zurrunbiloa proiektuaren baitan, lau gazte eta hamar aditu protagonista dituztenak. Nerabeek osasun mentaleko arazoekin izan dituzten bizipenak kontatu dituzte horietan, istorio gordin eta hunkigarriak direnak. “Euren burua berregin, eta ikasitakoa kontatu nahi izan duten gazteak dira ageri direnak”, esan dute proiektuaren sustatzaileek.
Bideo horietan, adituek ere parte hartu dute, zientziaren ikuspegi eraikitzailea eroanez ikus-entzunezkoetara; bertan parte hartu dute soziologoek, neurozientzialariek, farmazialariek, psikologoek, sexologoek, psikiatrek, irakasleek, osasun digitaleko adituek… Eta denek onartu dute gazteek “hunkigarria, eskuzabala eta oso zintzoa den kontakizuna” egin dutela.
Proiektuan parte hartu duten aditu horien artean dago Nahia Idoiaga psikologo ebolutibo gernika-lumotarra, haur eta gazteen ongizatea ikerketa espaziotzat duena. Eta, berak ere bat egiten du adituek ondorioztatu dutenagaz: krisi horrek sustrai sozialak dituela uste du berak ere.
“Gazteen osasun mentala ezin dugu besterik barik ulertu. Jakin behar dugu gaur egungo gizarteak eragin nabarmena duela horretan: exijentzia mailak inoiz baino altuagoak izaten ari dira, eta, lehenengo aldiz, gazte hauek bi planotan sozialitzatzen hasi eta hezi dira”, esan du Idoiagak. Izan ere, nerabeak nerabezarotik helduarora pasatu behar dira, plano digitalean zein errealean, eta horrek prozesua “zailtzen” du: “Gainera, aisialdi librerako guneak geroz eta murritzagoak dira, erritmoak gero eta biziagoak, eta testuinguru estresagarri eta antsietate handiko horretan bizi dira gazteak. Hain zuzen ere, egoera horretan egin behar dute giza garapenean dagoen transformazio garrantzitsuenetako bat”.
Dioenez, garai horretan, oso garrantzitsua da sozializazioa, eta gaur egungo gazteek plano digitalean zein plano errealean sozializatzen dute. “Gainera, batzuetan, sozializazio batzuk lehenago ematen dira plano digitalean errealean baino, arlo guztietan, bai kognitiboki, bai sozialki, bai sexualki. Eta, ez dakigu bi plano horietan batera hezteak sor ditzakeen konfrontazioak zeintzuk diren. Gizarte modura ere ez dakigu plano digital horretan sozializatzen, helduok ere ez askotan, eta gazteek trantsizio hori bi planoetan aldi berean egin behar dute. Hori guztia ere bada beste iturri estresagarri bat”.
Mugimendu azkar horrek elikaduraren nahasmenduak, antsietatea, arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea eta depresioa eragiten dute, besteren artean. Nahasmenduen %55,1 emakumeetan izaten dira, eta horiek antsietatea eta depresioa izateko joera dute. Generoaren araberako aldeak badira: neskengan arruntenak antsietatea, depresioa, suizidioa eta elikadura-nahasmenduak dira, eta mutilengan adikzioak, TDAH, psikosia, eskizofrenia eta TEA. “Baina generoaren arteko alde horren oinarria ere plano soziala da. Desberdintasun horiek ez dira biologikoak, gizartearen eragina dira: emakumeengan gorputzarekiko exijentzia maila altuak izateak, elikadura nahasmenduak eragiten ditu horiengan; aldiz, mutilen sozializatzeko eraren ondorioz, nabariagoak dira jarrera oldarkorrak edo adikzioak eurengan. Horrek ez du esan nahi alderantzizko gertaerak ez daudenik. Gehiago ematen dira horrela, baina gizarteak jartzen duen presioagatik da”.
Adinari erreparatuta, adin handieneko nerabeek gazteenek baino maizago izaten zituzten buruko gaixotasunak: 11 urtekoen artean, % 3,8k dituzte buruko gaixotasunak eta 18 urtekoen artean % 23k.
Nerabezaroaren berezko ezaugarriek ere nerabeek nahasmendu psikologikoak pairatzeko aukera gehiago izatea errazten dute: “Ulertu behar dena da nerabezaroan transformazio asko daudela: aldaketa biologiko, psikologiko, kognitibo, sexual… piloa ematen dira. Garunaren funtzionamendua ere desberdina da garai horretan. Gauzak ulertzeko eta prozesatzeko duten era desberdina da. Kontua ez da bakarrik adin desberdin batean daudela, ez, gehiago sentitzen dute. Emozio positiboak positiboagoak dira eurentzat, baina negatiboak ere are gaitzagoak dira. Nerabe garenean, sentimendu negatiboak minaren kanal berdinetik bideratzen ditugu, eta beraz, bada potentzial handiko aro bat, baina baita zaurgarri garen aro bat ere, aldaketa prozesu horretan gaudelako”, azaldu du psikologoak.
Gainera, errealiate horretan, identitatea eraiki behar dute, sozializazioa zaindu behar dute, eta akademikoki garrantzitsuak diren urteak direnez, presio akademiko hori ere badute: «Eta hori guztia bi planotan ulertuta. Garai zaila da».
Diagnostikoak
Espainiako azken bi hamarkadetako txostenen arabera, nerabeen artean diagnostiko psikiatrikoen tasa hirukoiztu egin da azken bi hamarkadetan. Baina, diagnostiko gehiago daude, gaur egun garrantzia gehiago ematen zaiolako osasun mentalari? “Zaila da esatea orain arazo gehiago dauden edo ez, edo osasun mentalaren arazoaz naturaltasun gehiagogaz berba egitearen ondorio den diagnostiko gehiago izatea. Biak gerta litezke. Egia da gizarte modura oso arin goazen momentu batean bizi garela, lasaitasunerako edo hausnarketarako denbora gutxi daukagun honetan, eta sare sozialek atsedenerako tarterik uzten ez duten honetan. Eta egia da eurek trantsizio guzti hori oso arin doan garai batean bizi behar dutela, eta horrek nahasmendu gehiago sor ditzakeela. Baina, tabu hori eraisten doan garaia ere bada. Nahasmendu honekiko tabuak gehiago lantzen dira, eta nerabeek ere honi buruz berba egiten dute, laguntza gehiago eskatzen dute. Eta bigarren alde hori positiboa da”, argudiatu du Idoiagak.
Hain zuzen ere, Zurrunbiloa proiektuan parte hartu duten gazteak jarri ditu eredu: naturaltasunez hitz egiten dute telebistan, beste batzuei laguntzeko asmoz. “Uste dut tabuak apurtzeko erraztasun gehiago dagoela gaur egun. Nahikoa ohiko bihurtzen ari da psikologoengana joatea haur eta gazteen artean. Zelanbait badabiltza tabuak apurtzen”.
Proiektua bera ere horretarako erreminta dela dio psikologoak: “Gaiari buruz berba egiteko erreminta bat da, gaia mahaigainean jartzekoa, eta bakoitzak bere ikuspuntutik lantzekoa. Nerabeei balio die bizi duten zurrunbilo hori ez dela euren arazo propioa ikusteko, gizarte modura ematen dena baizik”. Izan ere, proiektu honek gazteen ikuspuntua ikusarazten du. Txarto pasatzen ari diren horiei horien leku beretik igaro diren gazteen ikuspuntua eskaintzen die. “Hori da proiektu honen altxor nagusietako bat. Azken finean, euren ahotsak entzutea funtsezkoa da. Ze, askotan, gazteei edo umeei buruz berba egiten dugunean, ez ditugu euren ahotsak kontutan hartzen, ez umezaroan, ez gaztaroan. Beraz, eurak entzutea, euren ahotsari espazioa ematea eta gero eurak esaten duten horri azalpenak edo akonpainamendu bat egitea da garrantzitsua. Garrantzitsuena euren ahotsa da, eurak kontatzen dutena, eurek sortzen duten espazio hori”.
Proiektua oso erabilgarria da gazteentzat, baina didaktikoki, institutuentzat eta Lehen Hezkuntzako azken urteetarako oso garrantzitsua da. Hor azaltzen den material guzti hori euskaraz eta formatu errazean egina da: “Oso garrantzitsua da horrelako baliabideak izatea, gai hori lantzeko bai eskolan, bai etxean. Ze askotan gurasoek ere ez dakigu gai honegaz zelan jardun nerabeekin; distantziamendu momentu bat da. Gurasoak euren bizi iturri izatetik, kate hori apurtu behar den aro batera igarotzen gara, eta gai batzuei buruz berba egitea gehiago kostatzen da. Eta horretarako baliabide honek asko balio du”.
Hiru fase
Zurrunbiloa proiektua ez da ikus-entzunezko bideo horietan amaitzen. Hiru fasetan banatzen da, eta horien helburua da gazteen osasun mentalagaz zer gertatzen den jakitea eta hura eraldatzeko bideak irekitzea. Izan ere, sustrai sozialak dituen krisia izanda, komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da priektuaren asmoa. Dagoeneko, lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin bost ikus-entzunezkoren serie bat osatu dute, besteak beste. Gainera, prestatu duten webgunean, lagungarria izan daitekeen material asko ere jarri dute: adituei egindako elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku eta proposamenak, laguntza behar dutenentzako baliabideak eta gazteen garapena ulertzen laguntzen duten eduki sakonagoak.
Hala ere, bigarren eta hirugarren faseak ere izango ditu proiektuak. Bigarrenean, Elgoibarren herri mailako diagnosi bat egingo dute, eta, hirugarren fasean, gizarteari emango zaio protagonismoa. Elgoibarren bertako errealitateari begiratuko diote, herri mailako diagnostiko bat eginez. Herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia eta gazteen beharren diagnostikoa egingo dute, herrian nerabeekin lan egiten duten eragileekin lan saioak eginez, eta haien ikuspegia ere jasoz.
Azken fasean, komunitateari, herriari, emango diote protagonismo osoa. Ateratzen dituzten ondorioetatik abiatuta, hausnarketa prozesu bat irekiko dute nerabeen inguruan lan egiten duten eragile publikoekin; aisialdia, kirola, hezkuntza, kultura eta beste hainbat arlotakoekin. Helburua da gazteen ongizate emozionala zaintzeko herri mailan dauden erronkak identifikatzea, etorkizuneko esku hartzeak irudikatzeko.
Hori berretsi du Idoiagak; izan ere, nerabezaroan gizarteak duen eragina agerikoa dela dio, eta, ondorioz, uste du baduela egitekoa: “Proiektu hau bada familiei, hezkuntza komunitateari zein instituzioei adierazteko guk ere badaukagula zeregin garrantzitsu bat horretan, eta oso garrantzitsua dela babes sare eraginkorrak sortzea. Akonpainamendua adieraztea ezinbestekoa da, baina hori egiten duzu norbaitek laguntza eskatzen badizu. Ondorioz, bada garrantzitsua espazio seguruak eremu guztietan sortzea; herri moduan espazio komunak sortzea, eskola komunitatean espazio seguruak sortzea, beharrizana duten gazteek nora joan jakin ahal izateko. Ze, ez dute baliabiderik, baina ez dute nora jo ere, ez dute babesgunerik. Proiektu honetan badago informazioa, eta espazio seguru horiek sortzeko bidean leku bat da, baina garrantzitsua da herrietan ere horrelakoak sortzea”.