Sukarrietako Usparitxa ontziralekuaren eraispenaren aurka mobilizatuko dira herritarrak
Udalak eta kostaldeko udalerriko herritarrek protesta deitu dute domekarako; 13:00etan elkartuko dira ontziralekuan, Urdaibai naturalizatzeko planean Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak aurreikusitako azpiegitura kentzeko lanak geldiarazteko asmoz.
Sukarrietako Usparitxako ontziraleku historikoa eraisteko agindu du Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, Urdaibai naturalizatzeko planaren baitan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritziagaz. Horrek zeresana eragin du herrian, herritarrak eta udal ordezkariak ez datozelako bat agindu horregaz. Ondorioz, eraispenaren aurkako elkarretaratzea deitu dute domekarako; 13:00etarako elkarrearatzea egingo dute ontziralekuan, udalak eta herritarrek hala deituta. “Gaitzespena adierazteko eta egoki deritzonari beharrezko azalpenak emateko” baliatuko dute elkarretaratzea.
Izan ere, udalak ez zuen espero Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak Usparitxako ontziralekua eraisteko agindua ematea. “Joan den barikuan jaso genuen jakinarazpena. Urdaibai naturalizatzeko planaren bigarren faseko lanak aurreikusten ziren dokumentu horretan, batzuk egindako lanak ziren, baina horiei ontziralekuaren eraispena gehitu zioten, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren dokumentazioak hala babestuta, gainera”, azaldu dute udal ordezkariek.
Jakinarazpena jaso ostean, udal ordezkariak Itsasertz Mugartearen ordezkariekin harremanetan jarri ziren, “inolako zentzurik ez duen” erabakiari euren “erabateko gaitzezpena” adierazteko: “Udalerriari zein kaiaren erabiltzaileei kalte larria egiten dien erabakia da honakoa”. Mezu hori transmititzeaz gain, udalak erabakiarekiko euren ezezkoa adierazten zuen txostena bidali zien.
Baina eremu horretan esklusiboa da Euskal Herriko Itsasertz Mugartearen eskumena, eta, ondorioz, udalaren “oposizio ofizialak” ez du hura geldiarazteko legezko indarrik, eta are gutxiago erabakiak aldundiaren babesa badu. “Ondorioz, erabaki horren kontra egiteko mekanismo formal eta informal guztiak martxan jartzea dagokigu, ontziralekua bota ez dezaten. Hori dela eta, hainbat pertsonari jakinarazi diogu zein den egoera, Portuondoko ontzien elkarteari, besteak beste, ikusteko guztion artean nola zuzendu dezakegun erabaki hori”, esan dute udal ordezkariek.
Domekara bitartean, baina, ez dira geldirik gelditu. Izan ere, Itsasertz Mugarteari eskatu diote udarako ontziralekuaren egoera berrezartzeko, eta Gobernuko Ordezkaritzaordearekin ere “premiazko bilera” eskatu dute.
Kosta arloko eskumenen transferentzia.
Sukarrietako udal ordezkariek ez dute ulertzen bi urteko “elkar ulertze adeitsuaren” ondoren, eta kosta arloko eskumenen transferentzia Eusko Jaurlaritzaren esku geratzeko 20 egun falta direnean, Itsasertz Mugarteak horrela jardutea: “Ez dugu ulertzen modu horretan jardutea, elkarregaz egindako lanaren kontra joatea, eta funts publikoak xahutzea duela hamarkada askotatik gaur egunera arte zerbitzu baliotsua ematen ari den azpiegitura garrantzitsu batekin amaitzeko”. Udal ordezkariek pentsatu gura dute “pertzepzio oker batean oinarritutako erabakia dela” hartutakoa, eta atzera pauso bat emango dutela “lankidetzaren eta herritarren zerbitzura dagoen elkar ulertzearen bidea berreskuratzeko”.
Izan ere, joan den barikura arteko lankidetza egokia izan dela diote. “Iazko marea handiek, Usparitxako ontziralekura zeramaten antzinako egurrezko pasealekua ia hondoratu egin zuten, eta Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak hori konpontzeko aukera deuseztatu egin zuen, beharrezko emakidarik ez zuelako eta arriskua suposatzen zuelako. Gainera, kostaldean eraikitako pasealeku alternatiboa zegoela argudiatu zuten”, gogoratu dute udal ordezkariek. Eta, gehitu dute, ordezkaritza horren hasierako nahia zela udalak berak pasealekua eta ontziralekua kentzea, “kontzesio bat amaitzerakoan kontzesio hori izan duenaren betebeharra dela espazioa bere egoera naturalera lehengoratzea” arrazoi hartuta. “Baina, elkarregaz izandako elkarrizketetan, zurezko pasealekua kentzea erabaki genuen, ontziralekua bertan mantenduz, joan den udan ikusi zen legez”, arrazoitu dute udal ordezkariek.
Horrez gain, Portuondoko ainguralekua erregularizatzeko plan bat berezia garatzen aritu dira udala eta Euskal Herriko Itsasertz Mugartea elkarlanean, eta esan dutenez, plan berezi horrek Usparitxako ontziralekua “ontziratze eta lehorreratze puntu gisa” jasotzen du, “gune horren egoera erregularizatzea aurreikusiz”. Ondorioz, udal ordezkariek ez dute ulertzen bi urteko kudeaketa lan hori eta gero, “lankidetzarako eta elkar ulertzeko gune bat” sortu eta gero, erabaki hau hartu izana.
“Usparitxako eskaileretan zein dutxetan egindako azken obrak errespetatu ditugu, nahiz eta horiek ez zeuden erabat ados gure irizpideekin, Euskal Herriko Itsasertz Mugartearen eskumen esklusiboa zelako, eta ez zituelako udalerriaren eta erabiltzaileen interesak larriki urratzen”, esan dute. Hala, onartu dute errespetuzko isiltasuna mantendu dutela “elkar ulertzeko eta elkarlanean aritzeko nahiari jarraiki”, baina baita “ainguralekuaren planaren kudeaketari kalte egin ziezaiokeen liskar egoera batean erortzea saihesteagatik”, hori “berebiziko garrantzia duen helburutzat” hartzen dutelako.
Bestalde, esan dute egoera honen aurrean ez dituztela erantzukizunak “desbideratu” nahi: “Baina kontu honen erantzulea Kosta mugapena da. Era berean, egoera zail hau onteres politikoekin erabiltzeko tentazio orok txikikeria erakusten du. Izan ere, arazo honek kalte egiten die gure herriaren idiosinkrasiaren parte den azpiegitura historiko honen erabiltzaile guztiei, inolako abantailarik bilatu barik”.