Ondare artistikoa, herriaren bilakaera ezagutzeko
Bermeoko Udalak Fernando Hierro artista bilbotarrak Bitor Uriarte eta Aingeru Astuiren aholkularitzagaz egindako 'Bermeo Uriaren historia irudietan' irudi bilduma erosi zuen iaz, eta orain liburu batean argitaratu du.

Akuarelak hartu, eta hango eta hemengo udalerri eta txoko ezberdinen historia grafikoa irudikatzea izan da urte luzez Fernando Hierroren pasio eta ofizio. Hainbat eta hainbat herriren irudi historikoak marraztu izan ditu, tartean Lekeito, Gernika-Lumo, Bilbo, Donostia, Balmaseda, Hondarribia eta Bermeo. 2022an istripu larria izan zuen artistak, eta lan batzuk erdibidean utzi beharra izan badu ere, aurretik egindako irudietako batzuk bilduma bihurtu ditu, esaterako, Bermeori buruz egindakoak.
Busturialdeko udalerri horren historia gertutik jarraitu izan du artista bilbotarrak; izan ere, 2016an Bitor Uriarte historian adituarengana —gaur egun Bermeoko Udaleko zinegotzia da— eta Aingeru Astui Arrantzaleen Museoaren zuzendari ohiarengana jo zuen, udalerriaren historia irudikatzeko aholku eske. Proiektu hori aurrera eramatea lortu zuen Hierrok, Bermeo Uriaren historia irudietan izenpean. Orain, iaz obraren egile eskubideak erosi ostean, Bermeoko Udalak argitaratu du.

Bermeoko Udalak 2024ko maiatzean jaso zituen Hierroren irudiak, haren alabaren eskutik.
Uriartek liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, udalarentzat “plazer handia” da lan hori argitaratu eta bermeotarrei eskaintzea: “Pozez gainezka gaude, baina iluntasun bat nabari da aurkezpenean: egile nagusiaren falta”. Hala ere, harek alabak, Marina eta Monica Hierro, izan ziren Nestor Basterretxea aretoan, aitaren liburuaren lehen aleak gertutik ezagutzeko.
Bitor Uriarte: “Lamina originalak, beste ondasun artistiko batzuekin batera, udal artxiboan daude gordeta”
Bermeo Uriaren historia irudietan liburuan Hierroren 124 irudi ikus daitezke, batzuk handiagoak, beste batzuk txikiagoak, baina denak ala denak akuarelaz margotuak. “Lamina originalak, beste ondasun artistiko batzuekin batera, udal artxiboan daude gordeta”, azaldu zuen Uriartek. Izan ere, lan horren aurretik Hierrok eginda zituen beste lan batzuk ere bertan gordeta dituzte, batean Bermeo Erdi Aroan irudikatu zuen, eta, bestean, XIX. mendean: “Horiek ere udalak erosi zituen, irudiak publikatu eta originalak artxiboan gorde”.
1.000 hitz baino gehiago.
Liburua osatzen duen obretako bakoitza “koadro bat bezalakoa” dela zehaztu zuen Udal Artxiboaren zinegotzi arduradunak, udalak hasiera-hasieratik “inbertsio modura” hartu duela azpimarratzeagaz batera: “Obra artistikoa da”.
Udalak iazko maiatzaren 3an jaso zuen margolari bilbotarraren lana, eta geroztik, digitalizazio lana egiten aritu dira, “ahalik eta bereizmen handienagaz, inprimatzeko unean irudiak ahalik eta handienak egiteko”. Izan ere, Bermeo eta bermeotarren historia zabaltzeko asmoz argitaratu du liburua udalak: “Hitzaurrean ageri den goiburuak adierazten du liburu honekin lortu nahi izan duguna: 1.000 hitz baino gehiago, irudi bat“. Uriartek esan bezala, herriaren historiako atal batzuk —irudiaren bitartez historiako aspektu asko kanpoan geratzen dira—, historia materiala dira. Irudien bidez “modu errazean eta ulertzeko moduan zabaltzea” izan du udalak helburu, “dibulgaziorako”.
Irudi bilduma gauzatzeko lana 2016an hasi zuten Hierrok, Uriartek eta Astuik, baina bilbotarrak aurretik ere ezagutzen zituen bere aholkulariak izan direnak; izan ere, Bermeo 1398an eta 1889an irudikatu zuen lehenago, horiek ere bermeotarren laguntzaz: “Garai horietako Bermeoren ezaugarriak zehazten laguntzeko eskaera egin zigun”. Bermeo Uriaren historia irudietan egiteko prozesuak baina, bi urte iraun zituen: “2016an berriro ere etorri zen guregana, orduan proiektu handiago bat zeukalako gure herrirako: Bermeo bere historiako aldi esanguratsuenetan irudikatzea. Hori da argitaratu dugun liburua”.
Uriarte: “Guk esaten genion zer irudikatu eta nola irudikatu, eta egun batzuk pasatzen zirenean, bera etortzen zitzaigun bere lanak eginda”.
Fernandok “arin konbentzitzen zekiela” nabarmendu zuen Uriartek, margolariak proiektuagaz bat egitea eskatu zien unea gogoratuta. Bi urteren ondoren, 2018an amaitu zuten lana. Lan egiteko prozesura “batzarrak eta batzarrak egitea” izan zela gogoratu zuen Uriartek: “Guk esaten genion zer irudikatu eta nola irudikatu, eta egun batzuk pasatzen zirenean, bera etortzen zitzaigun bere lanak eginda. Zuzenketa batzuk egin, eta oniritzia ematen genion”. Bilera batzuk Bilbon egin zituzten arren, “gehienak” Arrantzaleen Museoan egin zituzten, sasoi horretan Astui museoko zuzendaria zelako.
Mendez mende.
Liburuaren egile eskubideak erostean udalak izandako “ikusmen ona” azpimarratu zuen Astuik, “ondasun artistikoa” delako. Eskumenak izatean, lan horrekin “edozer” egin dezaketela zehaztu du: “Bildumak egiteko, eskoletan umeentzako materiala prestatzeko…. milaka irtenbide ditu”. Bermeotarrentzat ere “liburu polita” dela dio, herriaren historia erakusten duelako. Astuik, aukera izatekotan, margolanak lupaz begiratzeko proposamena egin zien herritarrei, “normal ere ondo ikusten bada ere”.
Aingeru Astui: “Historiaurrean eta antzinaroko ikuspegiaren inguruan ez dugu Bermeoko datu asko, baina bai eskualdekoak”
Historiaurretik hasi eta ia gaur egunera arteko (70-80. hamarkadetan bukatzen da) Bermeoko historiaren jarraipen kronologikoa egin du Hierrok, Busturialdeko beste herrietatik informazioa hartu badu ere: “Liburuaren hasieran, Historiaurrean eta antzinaroko ikuspegiaren inguruan ez dugu Bermeoko datu asko, baina bai eskualdekoak, eta errekurtso hori erabili dugu. Hor daude Bermeo, Forua, Kosnoaga, Arrola… mundu guzti hori ikusten da, leku guztietan dagoelako zeozer”.
XI. mendetik aurrera, baina, historiari mendez mendeko jarraipena egiten dio. Atal bakoitzaren hasieran mende horri dagokion azalpen bat jarri dute, garai horretan gertatu zirenak ezagutzeko: “Ez dira gerrak edo erregeen bisitak kontatzen, bermeotarrak historian zehar nola bizi izan diren azaltzen da”. Hala, Bermeon gertatu ziren gertaera “inportanteenak” aipatzen dituzte egileek, alor ezberdinak kontuan hartuta: ekonomia, bizimodua, itsasontzi berriak, errota edota baserrien handitzea, herri-lurren salmenta… “Komunitateari eragiten zioten gauzak kontatzen dira”.
Astui: “Irakurtzeko baino, ikusteko liburua da”
“Maisulana”.
Herrian gertatutako aldaketak eta berreraiketak islatu nahi izan dituztela adierazi zuen Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiak; horretarako, elizak, etxeak eta zubiak irudikatzeko esan zioten Hierrori: “Logikoki, ez dago XV. mendeko konponketak nola egin ziren erakusteko argazkirik, baina badakigu ze moldaketa egin ziren, eta ze baliabide zeuden, eta horiek irudikatu ditugu”. Horrez gain, ikuspegi orokorrak ere sartu dituzte, bai Bermeokoak, bai Busturialdekoak: “Ikuspegi bera da beti, aldaketa ikusteko”. Era berean, udalerriko kaleak eta etxeak bakarrik ez, liburuak “udalerria bere osotasunean” hartzen duela azpimarratu zuten.
“Fernandok maisulana egin du”, goraipatu zuen Astuik. Izan ere, sarrerak kenduta, beste guztia bisuala da: “Irakurtzeko baino, ikusteko liburua da, eta agian, ikusita errazago ikasten da”.