Pablo Urangaren obra bat gehituko da Euskal Herria Museoaren erakusketa iraunkorrera
1917an egindako bozeto bat da, eta Ramon de la Sota industrialariak Algortan zuen egoitza dekoratzeko enkargu baten barruan egin zuen Urangak.

Pablo Uranga artistaren obra bat jaso du dohaintzan Bizkaiko Foru Aldundiak, haren biloba Elena Urangaren bitartez, eta hori Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoaren erakusketa iraunkorrean gordeko dute.
1917an egindako bozeto bat da, eta Ramon de la Sota industrialariak Algortan zuen egoitza dekoratzeko enkargu baten barruan egin zuen Urangak. Enkargua formatu handiko bederatzi eszena sortzea izan zen, Erdi Aroko bandokideen arteko borroketan oinarritutako historiako gaiekin. Eta obrak erantsita duen legendaren arabera, marrazkia bederatzigarren eszenari dagokio, zeinetan Bernal de las Calabazasek bere ahaide Juan de Salazar zauritzen duen, errakuntza baten ondorioz. Hain zuzen ere, ikusten da nola lantza-kolpe batez zeharkatzen dion burua, hori ahotik sartuta. 20 metro baino gehiagoko lan handi hori bi hilabete eskasean osatu zuen Urangak, eta 1917ko abuztuan jarri zen obra Sota industrialariaren etxean.
Dohaitzan emandako bozetoa, baina, hiru metro luze da eta museoaren beraren instalazioetan jarri behar izan zaio markoa, “ondo kontserbatuko dela bermatzeko”.
Obra Lope Garcia de Salazarren Bienandanças e Fortunas laneko istorioetan inspitatutako horma-pinturaren multzo baten parte da eta foru erakundeko zaharberritze atalak zaharberritu du. Orain, Euskal Herria Museoaren lehen solairuko Historiaren hasiera aretoan jarri dute, erakusketa iraunkorrean.
Pablo Uranga Diaz de Arcaya (Gasteiz, 1861 – Donostia 1934) euskal margolari bat izan zen, eta hainbat genero landu zituen: kostunbrista, erretratua, dekorazio-pintura edo historia-pintura, besteak beste.
Bilboko Euskal Artisten Elkarteko kide sortzailea izan zen. Besteak beste, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuen, non Paco Durrio eskultorearen lagun egin zen. 1888an, Parisera joan zen, ikasten jarraitzeko, eta banakako eta taldeko erakusketetan parte hartu zuen. Parisen Ignacio Zuloaga ezagutu zuen, eta, geroago, harekin elkarlanean aritu zen, Bermeoko (Bizkaia) kasinoko horma-pinturetan. Erakusketa askotan erakutsi zuen bere lana, eta domina bat lortu zuen Zaragozako 1908ko Erakusketa Hispano-frantsesean.