Pablo Gonzalezen aurkako zigor auzibidea bertan behera utzi du Poloniak
"Delitu bat egozten bazaio ere, akusatua ez bada auzitegian agertzen ezin dugu kasua legeak exijitzen duen moduan ikertu", adierazi du Poloniako auzitegiko bozeramaileak. Gonzalez ez dagoela Polonian, eta ez dutela uste Errusiatik aterako denik esan dute.

Hiru urte eta gero, eta bi urte baino gehiagaz kartzelan egon ostean, Varsoviako Barrutiko Auzitegiak bertan behera utzi du Pablo Gonzalez kazetariaren aurka irekita zegoen zigor auzibidea, hango bozeramaile eta epaile Anna Ptaszekek Poloniako egunkari bati (Rzeczpospolita) egindako adierezpenen arabera. Epaileak dio erabaki hori hartu dutela Gonzalez ez dagoelako Polonian, eta ezin dutelako jakin noiz aterako den Errusiatik; gainera, ez dute uste handik aterako denik ere.
“Delitu bat egozten bazaio ere, akusatua ez bada auzitegian agertzen ezin dugu kasua legeak exijitzen duen moduan ikertu“, adierazi du Poloniako auzitegiko bozeramaileak. Eta, gehitu duenez, ez dute Gonzalezen aurkako bestelako neurririk abian jartzeko asmorik.
Gaurko (martxoak 7) erabakiak talka egiten du Poloniako Fiskaltzak iazko abuztuan hartutako erabakiekin; izan ere, Przemyslaw Nowak Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak prentsari abuztuan adierazi zionez, Gonzalezen aurkako prozesuak aurrera jarraitzen zuen, akusaziorik formalizatu ez bazen ere. Haren kontrako ikerketagaz jarraitzeko asmoa zutela gehitu zuen, nahiz eta Errusian egon, auzi-ihesean epaitu ahal izango zutela esanez.
Poloniako Fiskaltzaren akusazioen arabera, Gonzalezi leporatzen diote Polonian bizi zen bitartean (2016tik 2022ra) Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa bidaltzea. Hain zuzen ere, fiskaltzak dio informazio hori Errusiari igortzeak “kalteak” eragin ahal ahal izan dizkiola Poloniari, bai herrialde gisa, bai NATOko estatu kide modura. Fiskaltzak uste du Gonzalezek informazioa “lortu, transmititu, zabaldu eta aintzatespen operatiboak” egiten zituela Moskuren mesedetan, eta delitu horiengatik hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko lukeela.
Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenean atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek Gonzalez, 2022ko otsailean, espioitza delitua egotzita. Radomgo segurtasun handiko espetxean egon zen bi urte eta erdiz, senideekin telefonoz hitz egiteko aukerarik barik eta 23 orduz espetxean sartuta. Baina iazko abuztuan aske geratu zen, NATOren eta Errusiaren arteko preso truke baten bidez.
Errusiara ailegatutakoan, RT Errusiako telebistari elkarrizketa bat eman zion, eta atxilotuta zegoela jasandako “torturak” eta “presioak” salatu zituen bertan, baita bere aurkako akusazioak “susmoak” zirela esan ere.