Dendarien lanaren erakusgarri den omenaldia
Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak dendariak omenduko ditu gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta 18:30ean egingo duten ekitaldian; horretan, XXV. Narrazio Laburren Lehiaketako sariak ere banatuko dituzte.
Erroxape Emakumeen Elkarteak emakumeak etxetik ateratzea lortzeagatik egiten du lan egunez-egun, 1994a geroztik. Ia 500 bazkide ditu gaur egun elkarteak, eta beraien helburua argia dela adierazi du elkarteko presidenteak: “Etxetik kanpo beste gauza batzuk egin, ikasi eta ezagutzeko aukera izan dezaten. Beste horiek egiteko gai ere badirela konturatzea gura dugu”. Xedea lortzeko, elkarteak mota askotako tailerrak, hitzaldiak, irteera kulturalak, film emanaldiak… antolatzen ditu urtean zehar. Halaber, gogorarazi du Erroxape Emakumeen Elkartea gazte zein nagusientzako elkartea dela, eta adin guztietako bazkideak daudela: “Askok uste dute adinekoentzako elkartea dela, baina hamazortzi urtetik gorako edozein emakume da ongi etorria gurean”.
Gauzak horrrela, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna ardatz izanik, Erroxapek herriko emakumeen kolektibo bat aukeratzen du urtez-urte, eta omenaldi txiki bat eginez, beraiek egindako lanari esker ona adierazteko ekitaldia egiten dute. Orain arte omendu dituztenak hainbat kolektibo izan dira: erizainak, irakasleak, kontserbako langileak, eta abar luze bat dira horren erakusle, hain zuzen.
Oraingoan, ordea, dendariak omentzeko erabakia hartu dute, beraien lana lehen lerroan jarriz, eta herriaren esker ona adieraziz: “Orain arte ez ditugu sekula dendariak omendu, eta uste dugu ordua dela. Andra asko eta asko dira dendari lanetan ari direnak, eta horien lana balioan jartzeko asmoz, beraien txanda da aurten”. Horrela, adin desberdinetako eta kasu honetan, denda mota desberdinetan lan egiten duten dendari bi egongo dira gaur (martxoak 7), 18:30ean, Erroxapek Erretenen duen egoitzan, gainontzeko dendari guztien ordezkari gisa, elkartekideen esker ona jasotzen. Aurreratu dutenez, beraz, Arantza San Pedro eta Itxaso Atutxa izango dira protagonista, omenaldian. “San Pedrok burdindegi bat izan zuen herrian. Atutxa, berriz, Eroskiko langilea da”, gaineratu dute.
Omenaldia egiteaz gain, dendari biek beraien esperientziak izango dituzte hizpide; hala, elkarteko presidenteak herritarrak hurbiltzeko deia egin du, “beraien hitzak entzuteko eta ezagutzeko”.
Denetarako kutsua.
Narrazio laburren lehiaketa ere pil-pilean da. Izan ere, aurten, XXV. Narrazio Laburren Lehiaketa antolatu du Erroxapek, eta lehiaketa orok bezala, honetan ere sari banaketa ekitaldia egingo da, eta hau ere, Erreten Lamerako Erroxape Emakume Elkartearen lokalean egingo dute, omenaldiarekin batera. Urteak pasatu ahala, lehiaketak tinko jarraitzearen garrantzia nabarmendu du elkarteko presidenteak, gainera: “Lehiaketa, dagoeneko herrian errotuta dagoen zerbait da. Urtez-urte parte hartzaile kopuruak gora egiten du, eta ez hori bakarrik, kanpoko geroz eta jende gehiagok bidaltzen ditu idatziak”. Erroxapen denetarako kutsua dagoela erakustea da lehiaketaren helburuetako bat, adierazi dutenez: “Jende askok uste du karta-jokoan soilik ibiltzen garela elkartean. Baina ez da horrela. Hainbat dira egiten eta antolatzen ditugun ekintzak, eta batik bat hori erakustea da Narrazio Laburren Lehiaketaren helburua”.
Euskarazko zein gaztelaniazko narrazioak aurkezteko aukera izan da lehiaketan, azaldu dutenez, horrela “aniztasuna oinarritzat” hartuz. 25. aldi honetan, 27 lan aurkeztu direla argitu dute. Lanak, orain, epaimahaikideen eskuetan daude. Euskarazko zein gaztelaniazko lehenengo saridunek 250 euroko saria eta oroigarria jasoko dituzte saritzat, bigarrenek 150 euro eta oroigarria eta finalistek oroigarria.
Atzo (martxoak 6), berriz, La vida empieza hoy filma ikusteko aukera eskaini zuen Erroxapek, beste behin, emakumeak goraipatzen dituen filma izanik. 19:00etan jarri zuten filma euren egoitzan, eta martxoaren 8a “elkarregaz ospatzeko”, zapatuan bertan (martxoak 8) batuko dira bazkaritan ohi modura, Bermeoko Kasinoan.