Urteurren usainagaz dator II. Alakrana Jaitsiera
Bermeo eta Mundaka arteko zeharkaldia egingo dute zapatuko [martxoak 8] II. Alakrana Jaitsieran. Eusko Label Ligako, KAEko eta La Salve Ligako parte hartzaileak uretaratuko dira.
Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, Alakrana Jaitsieraren II. ekitaldia egingo dute zapatuan [martxoak 8]. Duela urtebete Txatxarramendi ingurutik Mundakara bitarteko erlojupekoa egin bazuten, aurten itsasoan ariko dira traineruak. Mundakako Arraun Taldetik azaldu dutenez, Bermeo eta Mundaka artean egingo dute estropada, 12:00etan hasita: “Bermeotik aterata, Izaro uharteari bira egingo diote, Mundakako Santa Katalina bueltan amaitzeko”. Goi mailako parte hartzea aurreratu dute, tartean, Eusko Label Ligako, KAEko eta La Salve Ligako partaideekin.
Goreneko koskako talde bi uretaratuko dira: Bermeo-Urdaibai eta Kaiku. KAE mailako taldeak, ostera, Elantxobeko eta Mundakako arraun taldeek osaturiko Busturialdea, Hondarribia B eta Zumaia izango dira. Horiez gain, beteranoen ordezkaritza oso zabala izango da, La Salve Ligako zazpi klubek parte hartuko baitute: Badok 13ren eta Bilboko taldearen bina traineru, Sestao, Plentzia eta etxeko taldea, Mundakako Bisonteak. Beteranoen eskifaiak, gainera, mistoak izango dira. Antolatzaileen iritziz, kategoria guztietako ordezkarien parte hartzea “oso garrantzitsua” da: “Aniztasun hori bilatu dugu; beharbada, emakumezkoen parte hartzea da hankamotzen geratu dena, baina, orain arte legez, helburu hori lortzeko lanean jarraituko dugu”.
12:00etan hasiko dira arraunean, eta irteera hartzen azken taldea Bermeo-Urdaibai izango da
Beteranoak izango dira irteera hartzen lehendabizikoak, eta KAE mailako taldeak abiatuko dira gero, Eusko Label Ligakoak orduko; ateratzen azkenengoa Bermeo-Urdaibai, “egungo talderik sendoena eta Mundaka albokoa”, izango dela iragarri dute. Behin proba amaituta, Mundakako alkate Sorne Rubio Arano izango da irabazleari II. aldiaren irabazleari dagokion bandera emango diona. Bestalde, dena ez da kirol lehia izango, azaldu dutenez. Izan ere, txarangak, jan-edana eta jai giroa nabarmenduko dira, besteak beste, M8a tarteko. Hain zuzen, antolakuntzak arratsaldeko M8ko egitarauagaz bat egiteko deialdia luzatu die estropadaz gozatzera bertaratuko direnei: “Mundakan egongo da, egun osoan zehar, zer egin eta zertan parte hartu”.
Klubari bere mende erdiaren mugan “ikusgarritasuna” emate aldera, estropada hitzordu “oso esanguratsua” dela azpimarratu dute. Hain zuzen ere, iraila bitartean, denetariko ekimenez osatutako egitaraua prestatu dute. Martxoan, asteburuko estropadaz gain, Trocitos de remo ikus-entzunezkoa emango dute, hilaren 29an, Zine-Kluba egitasmoaren barruan; Txistu Gelan izango da, 18:00retatik aurrera. Maiatza ere bete-betea edukiko dute: 1ean, Bizkaiko Trainerilla Ligaren estropada hartuko du Mundakak; 2an, Kasinoak Gaur egungo arraunaren aldaketak harrobiekiko izeneko eztabaida hartuko du, 19:00retan hasita; 3an, beteranoen ABE ligaren bigarren jardunaldiko estropada lehiatuko dute mundakar uretan; 17an, Trocitos de remo ikus-entzunezkoa errepikatuko dute Txistu Gelan, 20:00retan.
Iraila arteko urteurren egitaraua prestatu du klubak; irailean, hain zuzen, 50. urtemugaren asteburua ospatuko dute
Egitarau oparoa.
Udan ere ez dira geldirik geratuko: uztailaren 11tik 20ra artean, Tribisarrospe kultur etxeak klubaren argazkien, banderen eta arropen erakusketa hartuko du, eta abuztuan KAE2 mailako estropada lehiatuko dute; bertan ariko da Busturialdea kluba. Irailean ospatuko dute klubaren 50. urteurrenaren asteburua. Irailaren 5ean, txupinazoa egingo dute, eta klubeko gazteentzako jarduerak nahiz barbakoa egongo dira. Irailaren 6an, berriz, arraunlari ohien estropadaz, Isla Kale kiroldegian egingo duten bazkari herrikoiaz, plazan egingo dituzten kontzertuez edota kalejirez gozatzeko aukera egongo da.