Martxoko tailerretan izen emateko aukera, zabalik
Zapatuan [martxoak 8] lore tailerra eskainiko dute, eta datorren astean, berriz, DJ tailerra. Plazak mugatuak dira eta dagoeneko zabalik dago izen emateko aukera.
Bermeoko Udalak martxoko zapatuetan zehar ume eta gaztetxoentzako antolatu dituen tailerren berri eman du. Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren bitartez eskainiko dituzte tailerrak, zapaturo, 18:30etik 20:00etara, Gaztelekuan (Gizarte eta Kultura Etxean). Ikastaroak 12 eta 18 urte bitartekoei zuzenduta daude, eta dohakoak izango dira; plazak mugatuak direnez, aurretik izena eman beharko da.
Zapatu honetan [martxoak 8] lore tailerra izango dute aukeran herriko txikienek, eta bertan, material ezberdinekin lore mota desberdina egiten ikasiko dutela iragarri dute antolatzaileek. Datorren astean [martxoak 15], berriz, DJ tailerra antolatu dute.
Bi tailer horietan parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko zabalik dute izena emateko aukera, kartelean jarritako QR kodearen bitartez edo Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren blogean galdetegia beteta.
Bestalde, martxoaren 22an lagunekin batera irratsaio bat sortzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Martxoko azken zapatuan [martxoak 29], berriz, scrapbook tailerra edukiko dute aukeran, txartel pertsonalizatuak egiten ikasteko. Tailer horietan izena emateko aukera martxoaren 17an [astelehena] irekiko da, 16:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, tailerretako plazak esleitzeko, izen-emotearen iriste-ordena jarraituko da. Gainera, tailerretako plaza kopurua mugatua denez, “hasiera batean ume bakoitzak hilean tailer bi egiteko aukera” izango duela azaldu dute. Hala ere, plaza libreak geratuko balira, tailer gehiagotan parte hartu ahal izango dute. Bestalde, plaza guztiak betetzen badira, itxaron-zerrenda sortuko da.