'Ortube' ontziaren berreskurapen prozesuari buruzko dokumentala aurkeztuko dute
Ortube Ontziaren Lagunak Elkarteko kideek 2016az geroztik ontzia berreskuratzeko egin duten lanari "balioa eman" nahi izan diote ikus-entzunezkoaren bidez. Barikuan [martxoak 7] aurkeztuko dute, 17:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Euskal Herrian egurrez eraikitako arrantza-ontzi «tradizionaletako bat» da Ortube; 1979an erregistratu zen baxurako arrantza-ontzi balioaniztuna. 2003ko irailean Bermeoko Udalak ontzia erosi zuen, eta hainbat urtez Madalen egune Elantxobera “ohiko txangoa egiteko bakarrik” erabili zen. “Erdi-abandonatuko” fasea igaro ondoren, 2016an, “hondoratzeko arriskua” zegoela ikusita, lehorrean jarri zuten. Une horretan, Ortube Ontziaren Lagunak Elkartea osatzen dutenek «ontzia berreskuratzeko erronka» hartu zuen bere gain. Hobekuntza lanak egiten jardun dute azkenengo bederatzi urteetan, eta horiek azaltzen dituen Ortube dokumentala aurkeztuko dute orain. Etzirako [martxoak 7] jarri dute hitzordua, 17:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
“Urte amaiera aldera ontzia uretaratuko dugula aurreikusten dugu, eta honekin bertan egin dugun lana balioan jarri nahi izan dugu”, azaldu dute elkarteko kideek. 20 minutu inguruko iraupena duen dokumentalak lanok nola egin dituzten eta ontzia bera zein bere sasoian bertako bizimodua nolakoak ziren azaltzen du. Horrez gain, ontziaren berreskurapen prozesuan lagundu duten erakunde publikoek azken urteetako ibilbidearen inguruan duten iritzia ere ezagutu ahal izango da ikus-entzunezkoan.
Proiekzioa bukatuta, elkarteko kideak ikusleei sortu ahal zaizkien edozein zalantza edo galdera erantzuteko prest egongo direla adierazi dute. Gainera, Bermeoko Udaleko ordezkariak ere bertan egongo direla iragarri dute.
Ortube aurten uretaratuko badute ere, itsasoratzea «beste kontu bat» izango dela azaldu dute elkartetik: “Gauza bat uretara botatzea da, eta beste bat itsasora irtetea. Lan batzuk egin behar dira, gehien bat azalean, makina guztien doikuntza beharrezkoa da”.