Lizeoteka proiektua abiatu dute, tradizioari eusteko
Gernika-Lumon tradizioa izan da Zinekluba duela gutxira arte. Behin horri amaiera eman dioten, tradizioari eusteko, ikasturte berria geroztik, Lizeoteka proiektua abiarazi du Kultur Etxeak, hilean bi ostiraletan "emanaldi bereziak" eskainiz.
Gernika-Lumoko Udaleko Kultura sailak Lizeoteka jarri du martxan, herriko kultur eskaintza zabalduko duen ikus-entzunezko proiektu berria. Ikasturte berria geroztik, hilean bi ostiraletan “emanaldi bereziak” eskaintzen ari dira Lizeo Antzokian, asteburuetako ohiko saioen osagarri gisa. Orain arte, Zinekluba zen horren arduraduna, baina Kultur Etxeko kideek azaldu dutenez, 40 urteren ostean “albo batera” utzi nahi izan dute proiektua: “Zineklubeko saioak kudeatu dituzte 40 urtetan, eta duela urte bete esan ziguten nekatuta zeudela. Momentu zehatzetan soilik antolatu nahi dituztela, egunerokotasun horretatik apur bat aldenduz; bonbardaketaren urteurrenean eta gabonetan, adibidez, zikloka”. Geroz eta zailtasun gehiago ditu film baten eskaerak, alegia, nabarmendu dutenez, baina horri eusten jarraitu ahi du Gernika-Lumok, eta horren erakusgarri argia da Lizeoteka.
Horrekiko, publikoaren erantzuna positiboa dela goraipatu dute, hurrenez hurren, antolatzaileek. Izan ere, orain arte Zineklubak eskainitako saioetan “100 pertsonatik gora” bertaratu izan dira, beti. Hori kontuan izanik, Gernika-Lumoko Kultur Etxea ideia berri bat aurkitzearen inguruan bueltaka hasi zen, tradizioarekin jarraitu eta herritarrei antzeko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko asmoz. Hortik sortu zen, oro har, Kultur Etxearen programazioaren baitan aurkitzen den Lizeoteka proiektua: “Arte eszenikoak hartzen ditugun bezala, hau ere guregain hartzea erabaki genuen, beti ere Lizeoko langileekin elkarlanean”.
Lizeotekarekin, “zazpigarren artearen aldeko apustua indartu” nahi duela adierazi du Gernika-Lumoko Udalak, “hausnarketarako eta elkarrizketarako tresna gisa”. Ekimen honek gai sozial eta kulturalak aztertzeko espazio bat eskaini nahi du, tokiko ikus-entzunezko programazioan “begirada aniztasuna sustatuz”. “Jakina da, Gernika-Lumon zinema komertziala esakintzen dela astebururo. Badaude, baina, zinema komertzial horretatik kanpo gelditzen diren zine mota ugari. Horiek hartzen ditugu oinarritzat Lizeoteka proiektu honetan, batik bat”, gaineratu dute.
Otaño goraipatuko da.
Bihar (martxoak 6), gainera, Lizeoan arratsaldeko 20:00etan Patxi Bisquertek auzolanean egindako filma emango dute. Honetan, Pedro Mari Otaño bertsolaria eta orain arte hark egindako lana omendu eta goraipatzen da.
Lizeotekarekin jarraituz, hurrengo saioa etzi (martxoak 7) izango da, Antonella Sudassi Costa Ricako zuzendariaren Memorias de un cuerpo que arde filmarekin. Emanaldia 20:00etan izango da Lizeo Antzokian, eta sarrera bost eurokoa izango dela ohartarazi dute.