Estatus politikoa eta erabakitzeko eskubidea mintzagai, Itsas Gudari Egunean
Ohiturari eutsiz, 1937ko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omentzeko lore eskaintza egin zuten atzo [martxoak 2] 'Matxitxakoko Guda' eskulturan. Ekitaldi politikoan "autodeterminazioa eta independentziarako bidean Euskal Herriak dituen erronka eta aukerak" aztertu zituzten.

Azken urteetan egin bezala, Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren aurrean lore eskaintza eginez hasi zuten atzo [martxoak 2] 1937ko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omentzeko Eusko Alkartasunak eta Alkartasuna Fundazioak antolatutako Bermeo Itsas Gudari Eguna.
Iker Ruiz de Egino Eusko Alkartasunako Harreman Instituzionaltako idazkariak estatus politiko baterako bidea sozialdemokraziatik jorratzea aldarrikatu zuen ekitaldian: “Oro har euskal gizartea aurrerakoia da baina kontserbadorea aldi berean. Gehiengook muturreko ideologietatik urruti kokatzen gara, hortaz, sozialdemokrazioa izan beharko luke estatus berriaren oinarria”. Era berean, estatus politikaren beharra “lehen lerrora” eramatea eskatu zuen, eztabaidak lurralde interesetik egin beharrean “herri ikuspegi batetik” egitea herriarentzat “askoz ere onuragarriagoak” izango liratekeela zehaztuz: “Herri txiki bat gara, baina komunitate handi bat”.

Argazkia: Eusko Alkartasuna
Ildo horretatik, legealdi honetarako helburua estatus berri onartzea izatea eskatu du Ruiz de Eginok: “Batzuk abertzale harroak gara, eta Erabakitzeko Eskubidearen aldeko gehiengo politikoa dago, baina guztiok gure bizi-kalitatea hobetu nahi dugu”. Zehaztu zuenez, Gernikako Estatutuak “ez du balio” Euskal Herriak herri bezala dituen erronkei aurre egiteko.
Lora eskaintza egin ostean, “autodeterminazioa eta independentziarako bidean Euskal Herriak dituen erronka eta aukerei buruzko” Demokrazia. Erabakia. Subirotasuna solasaldian parte hartu zuen Eusko Alkartasunako idazkariak, Unai Urruzune Urresti Eusko Legebiltzarkide eta EH Bilduko Politika Instituzionaleko arduradunagaz, Idurre Bideguren Gabantxo koalizio independentistaren senatari eta Bermeoko alkate ohiagaz, Irantzu Perrello Lafuente Gure Eskuko ordezkariagaz eta Zelai Nikolas Ezkurdia legelariagaz batera. Bertan, estatutu berriaren proposamenaz, Europar Batasunean “argitasun esparru baten beharra” eta negoziazio politikoari buruz hitz egin zuten, besteak beste.
Urruzunok prozesuan aurre egiteko “leihoa” identifikatu zuen, Madrilgoa “beste gobernu bat” dela nabarmenduta: “Ez dut kalifikatuko, baina beste bat da, eta Euskal Herritik abiatuta aukera berria landu behar dugu”. Bideguren, berriz, subiranotasunaren alde egiten den lanari buruz mintzatu zen: “Herri bezala guregan eragina duten gaiei buruz hitz egiten den eremuetan dauden negoziazioetan parte hartzaren garrantzia erakusten ari gara”. “Estatuaren egoera eta uneak batetik, eta hauteskundeetako emaitzek bestetik, gure kabuz erabakitzeko ireki duten zirrikitua aprobetxatu behar dugu”, gehitu zeun EH Bilduko senatariak.
Gizarte eragileei dagokienez, Perellok helburua “herria ez lokartzea” dela azpimarratu zuen: “Guztiok batera bultza eginez, gure herria aske izatea lortu dezakegu, ez dugu zergatik konstituzioaren menpe egon behar”. Nikolasek, bere aldetik, Europako legerian kokatu zuen erabakitzeko eskubidea, auziaren irtenbide legez “bermeen araubide europarra” defendatuz: “Tresna aproposa izan daiteke hain oinarrizkoa den erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean aurrera egiteko”.