Atxilotu bat Bermeon, lapurretan espezializatutako talde antolatu bateko kide izateagatik
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu, horietako bat Berrmeon, azken hilabeetan Araban, Nafarroan, Kantabrian eta Asturiasen "dozenaka lapurretan" parte hartu izana leporatuta. "Jauzilari" izena jarri diote polizia-operazioari, lapurren "modus operandiagatik".

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu eta beste biri ikertu gisa eginbideak ireki dizkietela jakinarazi du, “Penintsularen iparraldeko etxebizitzetan egindako hainbat lapurretarekin lotuta egindako ikerketa baten ondorioz”. Zehaztu dutenez, lapurretok egin zituena “talde antolatua” da, eta azken hilabeetan Araban, Nafarroan, Kantabrian eta Asturiasen “dozenaka lapurretan” parte hartu izana leporatzen die. Hiru pertsona Bilbon atxilotu zituzten, martitzen goizean, eta laugarrena, berriz, Bermeon.
Zehaztu dutenez, Arabako lapurreten berri izatean, Ertzaitzaren Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak beregain hartu zuen ikerketa, eta egileen artean “Bizkaiko hiriburuan bizi ziren hainbat pertsonak” parte hartu zutela ezagutu zuten, “era horretako delituetan espezializatutako talde antolatu bateko kideak zirela ere zehaztuz”.

Pertsona bat atxilotu dute Bermeon, lapurretan espezializatutako talde antolatu bateko kide izateagatikErtzaintza
Martitzenean, Ertzaintzaren Arabako eta Bizkaiko Ikerketa Zerbitzuko agenteek, Bilboko Ertzain-etxeko eta mugakide diren beste mugape batzuetako patruilen, Esku-hartze Unitateko , Brigada Mugikorreko eta Txakurren Unitateko baliabideen laguntzaz, ikertutako pertsonak atxilotzeko polizia-dispositiboa jarri zuten martxan. Hala, 30 urtetik 33 urtera bitarteko hiru pertsona atxilotu zituzten, “Bilboo leku ezberdinetan”. Laugarrena, eguenean [otsailak 27] atxilotu zuten, Bermeon.
“Jauzilari”
Ertzaintzak “Jauzilari” izena jarri zion polizia-operazioari, “taldearen modus operandiagatik”: “Batez ere bizitza bateko etxeetan egiten zituzten lapurretak, perimetroko hesiaren eta hormaren gainetik salto eginda”. Zehaztu dutenez, lapurretan “ilunabarrenean” egiten zituzten, etxeetan argirik pizten ez bazen etxea hutsik zegoela antzemanda.

Pertsona bat atxilotu dute Bermeon, lapurretan espezializatutako talde antolatu bateko kide izateagatikErtzaintza
Poliziaren-ikerketak aurrera jarraituko duela azaldu dute, lapurretak argitzeko asmoz. Hala ere, Ertzaintzak ez du baztertzen identifikatutako pertsonek beste lurralde batzuetan egindako “antzeko beste egitate batzuetan” parte hartu izana.
Beharrezkoak ziren eginbideak bukatuta, atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri dituzten arren, operazioak “zabalik” jarraitzen du, eta “ez da baztetzen atxiloketa gehiago egitea”.