Artistak eta Mosketerak nagusi, Gernika-Lumoko I. Playback Lehiaketan
Zazpi taldek parte hartu dute Gernika-Lumoko I. Playback Lehiaketan, baina asko izan dira oholtzara igo gabe ikuskizunaz gozatzera hurbildu direnak. Artistak eta Mosketerak taldeek jaso dituzte sari nagusiak, baina gainontzekoek ere aipamenak jaso dituzte.

Elai Alai Dantzari Taldearen eta Segundo Olaeta Musika Eskolaren eskutik Gozoki Bidea eginez hasi zituzten inauterietako ospakizunak gernika-lumotarrek eguenean. Makilak eskuan, Eguen zuri, eguen baltz abestuz zeharkatu zuten herria ume eta gazteek. Atzo [otsailak 28], berriz, mozorroak janzteko eguna izan zen ume, gazte, heldu zein edadetuentzat.
Ross Dantza Eskolaren eskutik kalejira egin ostean, herritarrek aparteko bi ekintzen artean aukeratu beharra izan zuten: Igor Elortza eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariekin bertso poteoa egitea, edo Gernika-Lumoko I. Playback Lehiaketagaz bat egitea. Bigarrenak arrakasta izan zuen, bereziki txikienen artean, eta Pasealekua denetariko mozorroz bete zuten, ordu batez plaza Rio de Janeirora eramanez.
Zazpi izan ziren playback lehiaketan izena eman zuten taldeak, baina askoz gehiago horiek animatu eta musikaren erritmora dantzatzeko prest agertu zirenak. Antolatzaileek parte hartzaileak bi mailatan banatu zituzten, alde batetik helduak, eta, bestetik, umeak. Txikien mailan sei talde lehiatu ziren, eta bestean, berriz, bakarra. Zazpi taldek denetariko musika aukeraketa eta koreografiak eskaini zituzten eszenatoki gainean: Dap Dap, Danza Kuduro, Samba do Brasil, La Reina edo La la abestiak entzuteko aukera egon zen, besteren artean.
Sari banaketa.
Ross Dantza Eskolako, Gernikako Merkatari Elkartuakeko eta Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak ez zuen lan erraza izan irabazleak aukeratzeko unean, izan ere, asko ziren kontuan hartu beharrekoak: originaltasuna, koreografia, mozorroa… Eztabaidatzeko tarte bat hartu ostean, epaimahaikideak oholtzara igo ziren sari banaketari ekiteko.
Helduen mailan, talde bakarra zegoen, Artistak taldea, eta beraiek jaso zuten kategoria horretako sari nagusia: 100 euro eta Ainhoa oinetakoak dendan gastatzeko bonoa. Umeen kategorian, berriz, lehia estua zegoen. Lehenengo saria, La Boca pizzerian afaria, Gernika-Lumo Rio de Janeiro bihurtzea lortu zuen taldeari eman zioten, Tximeleta Beltzari. Ross Dantza Eskola saria, Dap Dap taldea jaso zuen, koreografia onena egiteagatik.
Talde martxosoenak ere saria jaso zuen, Musutruk Kafe Antzokian koktel batzuk edateko aukera, hain zuzen. Erreginak taldeak jaso zuen saria Noelia Serna Gernikako Merkatari Elkartuakeko presidentearen eskutik. Originalenak Samba taldekoak izan ziren, eta Oiz-Bide sariagaz joan ziren etxera; SanRocks taldeak berriz, Bake Ederren gozari bat jateko bonoa eskuratu zuen, mozorro politenak eramateagatik.
Umeen mailan talde irabazlea ezagutzea baino ez zen falta, mutil martxosoenei ere saria eman zietean. Hala, Hodei, Ekhi eta Mikelek jaso dute ile mozketa bat irabazi dute SRKN ileapaindegian. Jarrain, danbor arradak lagunduta, irabazlea iragarri zuten: Mosketerak taldeak 100 euro eta kultur etxeko ekintzetarako bonoa lortu zituzten.
Antolatzaileak “pozik” agertu ziren lehenengo playback lehiaketak izandako erantzunagaz, eta atzoko saioa ikustera bertaratu zirenetako askok ere, datorren urtean parte hartzeko nahia erakutsi zuten.
Gaur, jarraipena.
Inauterietako ospakizunek gaur arratsaldean[martxoak 1], izango dute jarraipena Gernika-Lumon. 18:00etan dute hitzordua, Merkatu plazan, ume eta gazteentzako mozorro jaialdiaz gozatzeko. Jarraian, 19:00etan, Marroen inauteria jarraitu ahal izango da, Elai Alai Dantzari Taldearen eskutik. Hori bukatuta, txokolatada eta tostada janarekin amaitutzat emango dute eguna, merkatu plazan.
Ospakizunak ordea ez dira gaur bukatuko, bihar eta martitzenera arte askotariko eskaintzaz disfrutatzeko aukera izango dutelako gernika-lumotarrek. Bihar, esaterako, Busturialdeko Gaiteroen Dianaz, Marroen aurresku eta inauteri erakustaldiaz, trikitilarien kalejiraz edota lehorreko kukainaz disfrutatu ahal izango dute.
























































































































