Mozorroak janzteko ordua ailegatu da
Tradizioz betetako inauterien koloretan murgilduko dira herritarrak. Jaia, kolorea, eta gastronomia izango dira protagonistak.

Irudimena aske uzteko garaia da. Azken egunetan prestatu dituzten mozorroei azken ukituak egin eta horiek kalean erakusteko prest daude Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrak. Han eta hemen, kalejirak, lehiaketak edota bestelakoak egingo dituzte aratusteetan murgiltzeko eta hainbat eta hainbat herriko txoko kolorez janzteko. Hala, jai giroa nagusituko da eskualdeotan, prestatu dituzten denetariko egitarauek hori baitute helburu: errespetuz jantzita, herriko txokoak giro onez betetzea.
Euskal inauterien tradizioa neguaren amaierarekin eta udaberriaren helduerarekin lotuta ei dago, eta hori ardatz izanik ospatuko dituzte ekimenak. Tradizio beteko jaiak dira aratusteak Mundakan. Eurentzat, ez dago aratusteena baino jai hoberik, horrela dio-eta Atorren kantuak. Hala, tradizioari jarraituta ospatuko dituzte aurten ere jai egun berezi horiek, gaur hasi eta martitzenera bitartean. Baina egun potoloena etzikoa izango da, herriko kaleak lamiek (18:00) eta atorrek (12:30) betetzen dituztenekoa.
Nabarmentzekoa da, baita ere, aurten Busturian herritarrek egingo duten antzerkia. Izan ere, Atxurkulu emakume taldekoek eta beraien deialdira batu diren herritarrek prestatu duten obra erakutsiko dute bihar, kultur etxean.
Gernika-Lumo Rio de Janeiroz mozorrotuko dute gaur, eta aurten lehenengoz prestatu duten playback lehiaketa da nobedadea; 19:30etik aurrera, Pasealekua eszenatoki bihurtuko dute.
Bermeon, zapatua eta martitzena izango dira egunik handienak. Martitzenean, hain zuzen ere, herriko ikasleak izango dira protagonista, kalejira erraldoiagaz; iazko formatuari eutsita, ikastetxe guztiek batera egingo dute kalejira, ibilbide beragaz, baina amaitzeko leku desberdinak izango dituzte. Tabernen Mozorro Lehiaketa ere egingo dute, ohi legez, martitzenean.
Eta, Lekeition eta Ondarroan ere, ikastetxeetako ikasleen desfileak izango dira martitzeneko plana. Lekeition, antzerkiak edo ikuskizunak ere eskainiko dituzte, eta Lekeitio 700 gaiaren arabera antolatu dituzte horiek. Ondarroan, aldiz, desfilearen ostean, Txirrimorraskik antolatutako jaia egongo da Itsasaurren.
Baina, martitzenekoak ez dira udalerriotan egongo diren desfile handi bakarrak: Aulestin, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Muxikan eta Mutrikun ere mozorroen desfileak egingo dituzte. Munitibarren, gaur eskolan egingo dute, eta bihar kalera aterako dira buruhandiekin.
Berriatuan, ikuskizun musikatuak hartuko du herria bihar, eta, haurrentzako jolasak ere ez dira herri handi zein txikietan faltako, Mutrikun eta Muxikan, kasu. Muxikan, aurten, Ugarten ospatuko dituzte inauteriak, diskofestagaz eta mozorro lehiaketagaz. Herri askotan, gainera, ez dira faltako tostadak eta txokolate janak.
Prestatutako guztia ospatu ostean, era eta egun desberdinetan agurtuko dituzte aratusteak herriotan. Mundakan, kalejira bategaz eta sardina errez agurtuko dituzte horrenbeste maite dituzten aratusteak, eta, Ondarroan, Musika Plazan erre beharrean, aurten Itsasaurren erreko dute Miel Otxin, plaza itxita baitago. Lekeitiarrek suzko zezenagaz esango diete agur inauteriei, eta, beste askok, aldiz diskofesten edo DJ-en musikarekin dantzan.
EGITARAUA
AJANGIZ
Gaur.
18:00. Musika, argazkiak eta
txokolate jana, kultur etxean. Mozorrotuta joateko deia egin dute.
ARRATZU
Astelehena, martxoak 3
19:00. Xaibor Disko Festa, plazan.
BERMEO
Gaur.
20:00. Goiko Plazatik hasita, kalejira Kanta Kanta Lorue taldearekin.
Bihar.
12:30. Lantzeko inauteriak, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik, eta KIETB eta Tiriki Trauki fanfarreakoen laguntzaz. Kalejira Goiko Plazan hasi eta Lameran amaituko dute.
Jarraian. Karro poteoa, Etxalaken eskutik.
12:30. Coro Maikaren kalejira kalez kale, Goiko Plazan hasita.
Martxoak 3, astelehena.
18:00. Tostada eta mozorro lehiaketa, Demiku Jubilatuen Elkartearen lokalean.
Martxoak 4, martitzena.
10:30. Herriko ikastetxe guztien kalejira, zikloka banatuta. Atalden hasiko dira, eta talde bakoitzak helmuga ezberdina izango du.
12:00. Erroxapeko Martxako emakumeak kaleak girotuko dituzte mozorro eta musikagaz, Lameratik hasita.
13:00. Ross Dantza Eskolakoen dantza erakustaldia, Lameran.
Arratsaldean. Nekatu arte dantza egiteko aukera, haur zein helduentzat.
17:00-19:00. Disko Txiki Festa Lameran. Euria baldin bada, San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpan.
18:30. Tostada txapelketa, Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean.
Martxoak 8, zapatua.
21:30. Vade Retro jaialdia Bermeoko Kafe Antzokian, Spookypheria Productions elkarteak antolatuta. Sarrerak aurretiaz eros daitezke 12 eurotan (Luma liburu denda eta bermeokokafeantzokia.com), edo egunean bertan leihatilan, 15 eurotan.
BUSTURIA
Gaur.
16:00. Guraso elkarteak antolatuta, tailerrak eta
txokolatea, Altamiran.
19:00. Mozorroen jaia, kultur etxean.
Bihar.
19:00. Busturiko aratusteak, kultur etxean, Atxurkulu Emakumeen Elkartearen eta herritarren parte hartzearekin.
Etzi.
12:00. Inauterietako dantzak auzoz auzo, Irrintzi Alai Taldearekin, San Kristobalen hasita.
EA
Bihar.
18:00-20:00. Gai librez mozorrotzeko deia, eta DJ Mitxel.
19:30. Txokolate jana.
FORUA
Gaur.
19:00. Dantza kalejira kultur etxetik plazara, Urdaibai Dantza Taldearen eskutik.
Ostean. Parte hartzaileentzat txitxiburduntzia.
Martxoak 4, martitzena.
17:00. Puzgarriak eta musika jolasak, aretoan.
18:00. Tostada txapelketa. Tostadak etxetik eraman beharko dira.
18:30. Txokolatada eta gozoki banaketa.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Etzi.
18:30-20:00. Inauterietako DIskofesta, herriko plazan.
GERNIKA-LUMO
Gaur.
17:00-19:30. Inauterietan Makilatu Liburutegian haurrentzako jarduera Udal Liburutegian.
18:00. Inauterietako kalejira adin guztientzat, Foru plazan hasita.
19:30. Bertso Poteoa Igor Elortza eta Aitor Etxebarriazarragarekin, Arrien Tabernatik abiatuta, Lilibertsoren eskutik.
19:30 Inauterietako I. playback lehiaketa pasealekuan.
21:00-22:00. Taberna parte-hartzaileetan (atean pegatinarekin identifikatuta) Happy Hour-a.
Bihar.
18:00. Haur eta gazteentzako mozorro jaialdia Merkatu plazan.
19:00. Marroen inauteriak Elai Alai Dantza Taldearekin, Pasealekuan zehar.
20:00. Txokolatea eta ogi xigortuen banaketa Merkatu plazan.
Etzi.
10:30. Busturialdeko gaiteroen diana.
12:45. Irrintzi erakustaldia Berbalagunen eskutik.
13:00. Foru plazan, Marroen Aurreskua, Marroen inauterietako erakustaldia eta Oilarraren Jokoa.
13:30. Trikitilarien kalejira Gazteak Kultur Taldearekin.
Ondoren. Ogi xigortuen banaketa eta Elai Alaiko Dantzarien ikuskizun ibiltaria kaleetan zehar.
17:30-20:30. Lurreko Kukaina eta haur eta gazteentzako parkea Merkatu plazan.
Astelehena, martxoak 3.
12:30-15:00. Urdaibai Kantagunea, musika ibilaldia kaleetan zehar.
17:30-20:30. Haur eta gazteentzako parkea, URE elkarteak antolatuta, Merkatu plazan.
Martitzena, martxoak 4.
17:30-20:30. Haur eta gazteentzako parkearen azken jardunaldia, Merkatu plazan, URE elkartearekin.
IBARRANGELU
Martxoak 8, zapatua.
12:30. Kalejira, Lorea Dantza Taldeagaz eta herriko gaiteroekin, pilotalekutik hasita.
18:30. Txokolate janaldia, Elixalden.
Ostean. Diskofesta.
20:30. Mozorro lehiaketa.
MORGA
Martxoak 8, zapatua.
13:00. Poteo musikatua.
14:00. M8ko elkarretaratzea udaletxearen aurrean.
14:30. Bazkari herrikoia Poli Jatetxean. Helduak 30 euro, umeak 15 euro.
18:30. Jolas jatorrak, adin guztientzat.Ç
20:00. DJ Gu.
23:00. Mozorrorik onenaren saria.
MUNDAKA
Bihar, Umeen Danborrada.
17:30. Herriko umeen danborrada, Jose Mari Egileor txistulari elkarteagaz eta Lamia eta Ator erraldoiekin batera.
Ondoren. Herritarren eta Gaztezar Dantza Taldearen dantza ikuskizuna, herriko plazan.
Etzi, Laminen eta Atorren eguna.
10:00. Kalejira, Jose Mari Egileor txistulari elkarteagaz.
12:30. Mundakako Atorrak.
18:00. Mundakako Laminen kalejira, Mundakako Laminen elkarteak antolatuta.
Martxoak 3, astelehena.
18:30. Kalejira eta buruhandiak, Katius-K Zabal Bandekin.
Martxoak 4, martitzena.
Goizean. Aratusteak, eskolan.
17:30. DJ Lander.
19:00. Katius-K Zabal Band eta buruhandiak.
12:30. Kalejira eta sardina erretzea.
MUXIKA
Etzi.
17:30. Haurren jolasak Ugarten.
19:00. Diskofesta.
Gero. Txokolate beroa, desfilea eta mozorro lehiaketa.