"Gizartea distopia handi bat bilakatu da"
Bermeo bihotzean duelarik, Coloradon (AEB) bizi da Naia Ormaza Zulueta; ingurumen osasungarrirako eskubidean oinarritutako doktoregoa egiten ari da Boulder Unibertsitatean.

Zerk bultzatu zintuen ingurumen osasungarrirako eskubidean oinarritutako doktoregoa egitera?
Karreran zehar, klimarekin lotutako gaiek atentzioa ematen zidaten. Ildo horretatik jarraituz, aise arakatu nuen: klima aldaketaren dimentsio sozialak gure egunerokotasuna nola zeharkatzen eta baldintzatzen zuen aztertu nahi zuten ikertzaileekin batu nintzen. Azken finean, ingurumena inguratzen gaituen oro da: guk arnasten dugun airea, edaten dugun ura, ahora eramaten ditugun jakiak, gure bizia ahalbidetu duen lurreko klima bera. Dena! Kontua zera da, airearen kalitatea, uraren eskuragarritasuna edo muturreko klima-gertaeren inpaktuak ez direla berdinak munduko toki edo gizarte-maila ezberdinetan. Guztiok ez ditugu berdin pairatzen. Eta, zentzu horretan, arrakala erraldoi bat sortu dugu gure gizartearen baitan: ingurumen osasungarrirako eskubideak sistematikoki urratzen ditugu.
Nola definituko zenuke ingurumen osasungarrirako eskubidea?
Bi ataletan bananduko nuke. Alde batetik, eskubidearen betebehar sustantiboak ditugu. Elementu sustantibo hauek esaten digute pertsona orok aire garbia arnasteko eskubidea duela; edateko garbia den ura eta saneamendu-sare egokia eskuragarri izatekoa; elikagai osasuntsuak eta modu jasangarrian ekoitzitakoak eskuratzekoa; ingurune ez-toxikoan lan egin, ikasi eta jolastekoa; klima seguru batean bizitzekoa; eta, azkenik, biodibertsitate eta ekosistema osasuntsuak izatekoa. Bestalde, prozedurazko betebeharrak ere badira eskubidearen baitan, besteak beste, informaziorako sarbidea izateko eskubidea, erabakietan parte hartzekoa eta justiziarako eta konponbide eraginkorretarako sarbidea. Gainera, eskubide horiek guztiak errepresalietatik libreki izateko bermea ere aintzat hartzen du.
Nolako garrantzia du?
Eskubide bat denez, hasteko, tresna juridiko eta politiko bat da herritarrentzat, gobernuak eta ingurumenari kalte egiten dion eragile oro beraien erantzukizunetara lotzeko balio duena. Ez da etereoa: erabili genezakeen tresna bat da eta boteretsua izan daiteke. Bigarrenik, loteslea ez bada ere, nazioarteko aintzatespenak eskubide honen ezagutza zabaldu eta bere legitimitatea indartzen du. Egun, Nazio Batuen Erakundearen parte diren estatuen %80ak baino gehiagok biltzen du eskubide hau beraien legedietan. Beste era batera esanda, nazioarteko aitortza honek bidea ireki diezaieke falta diren estatuei beraien konstituzioetan eskubide hori jasotzeko, eta jada txertatuta dutenen artean, tresna honen erabilera normalizatzen hasteko. Azkenik, eskubide honek ingurumenaren eta giza eskubideen arteko harreman estua, korapilatua esplizitatzen du lehenengo aldiz nazioartean. Eta hori, gurea bezalako iker-taldearentzat, agian alde kuantitatiboagoan kokatzen garenontzat, funtsezkoa da. Nora begiratu behar dugun esaten digu.
“Argi ikus daiteke belaunaldi gazteak direla ingurumen-justiziako gaietan abangoardian daudenak, eztabaidatu beharreko gaiak bideratzen dituztenak”.
Zure ustez, nahikoa aitortzen al dira ingurumen-giza eskubideak nazioartean?
Galdera honi baietz erantzuteko eskubideak urratzeari uzteko bidean egon beharko ginateke, eta hori oso urruti ikusten dut oraindik.
Eta, nahikoa hezten gaituzte alor horretan?
Beti dago gauzak hobeto egiteko aukera. Hezkuntzari dagokionez, argi ikus daiteke belaunaldi gazteak direla ingurumen-justiziako gaietan abangoardian daudenak, eztabaidatu beharreko gaiak bideratzen dituztenak. Belaunaldi hauek gizartean tokia egiten doazen heinean, gai hauek gizartearen baitan iragaziz joango dira. Ados nago, heziketa da denaren funtsa, baina eskubideak bermatzeari dagokion gai honetan, David Boyd Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi ohiak argi esaten du: “Gizarteari eskubideak bermatzerako orduan, benetan huts egin digutenak gobernuak dira. Gehiago egin behar den arlo bati so egin beharko banio, gobernuak erantzule egitea da”. Gobernu bat herria babesten duen modelo bat izan beharko litzateke, baina errealitatea bestelakoa da: gaur egun hainbat dira eskubideak urratzen dituzten gobernuak ingurumen arloan.
Nola aldatu hori?
Nazioarte mailan, egoera zaurgarrienean dauden komunitateei arreta gehiago jarri behar diegu, gazteak diskurtsoaren zentroan jarri, historikoki baztertuta egon diren komunitateak entzun eta, batez ere, ingurumen kutsaduraren eragileak eta gobernuak artatu. Eta hauek artatzeko instrumentuak indartu. Maila indibidualagoan, sarritan hezkuntzari buruz dihardugunean, eskolara mugatzen gara. Baina familietan edota kuadrillan hezkuntza dinamikak ematen dira. Sortzen, ekoizten dugun edozertan ager daitezke irakaskuntzak, gogoetara bultzatzen gaituzten ideia berriak: artelanak edo abestiak testuliburuak bezain hezigarriak izan daitezke. Gojira metal taldeak edo Nakar post-punk taldeak egunero hezten naute. Beraz, norberak bere arloan eta bere nukleoan hainbat gauza egin ditzake, hainbat gai bultzatu, ideiak plazaratu. Eta azkenik, hezkuntzari dagokionez, gizarte bezala alor honetan hezi gaituztenen artean, herri-plataformak daude. Hauen heziketa-lana goraipatzekoa da, eta hauetan parte hartuz eta era kolektiboan antolatuz gai hauekiko sentikortasunean sakondu genezake gizarte bezala.
“Egoera nolabait pribilegiatuan gaude, unibertsitateak burbuila bilakatzen baitira AEBko gizartearen baitan”.
Atzerrian bizi arren, Bermeo bihotzean daramazu.
Benetan, bihotzean daramat. Oso kutuna da herria niretzat. Baina, lagunen eta familiaren berotasuna faltan botatzen dut, beraien egunerokotasunaren parte izatea.
Nolakoa da bizitza Ameriketan?
Uste dut nire bizipena ez dela adierazgarria: zortea izan dut iker-taldearekin eta inguratzen nauen jendearekin. Oro har, baliabideak eta lan baldintzak oso onak dira, eta ikerkuntza baloratzen dela esango nuke. Eta badakit horrek esperientzia baldintzatu didala. Egoera nolabait pribilegiatuan gaude, unibertsitateak burbuila bilakatzen baitira AEBko gizartearen baitan: espazio seguru samarrak, gehienak, 2025eko urtarrilera arte, behintzat. Pasa den urtarrilaren 27an, Donald Trump presidenteak agindu exekutibo bat sinatu zuen, gobernu federaleko aniztasun, berdintasun eta inklusio (DEI) programak bertan behera uzteko. Hau da, hauekin lotuta dagoen edozein diru laguntza federal izoztu edo ukatu da. Programa hauetan klima aldaketarekin lotuta dauden gaiak daude, gainera. Laburbilduz, gizartea distopia handi bat bilakatu da, oinarrizko eskubideak bermatzen ez dituen gobernu baten menpe dagoena.
“Entzute-prozesu bat egin nahi bada, Gernikako manifestazioa hastapen puntu egokia iruditzen zait herriak esan nahi duena entzuteko”.
Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz ze uste duzu?
Ingurumen zientzien ikuspuntutik sarritan gertatu den zerbait da Guggenheim Urdaibai proiektuarekin ikusten duguna, garbiketa ekologikoaren paradoxa: itsasadarraren garbiketa museo baten proiektuari lotutako mesede gisa aurkeztea. Kutsatuta dauden urak garbitzea ezin da mesede bezala aurkeztu. Ez da proiektu baten eskutik etorri behar. Gobernu baten eginkizuna herria eta herritarrak zaintzea izanik, Urdaibaiko urak garbitzea gobernuaren gutxieneko betebeharra izan da urak kutsatuta egon diren hamarkada hauetan zehar. Beraz, ingurumen-proiektu bat egin nahi bada, horrek inguruko biodibertsitatea eta ekosistemak osasuntsu mantentzean datza, eta horretarako ez da proiektu gehigarririk behar. Bigarrenik, sarritan errepikatzen den argumentu bat da eskualdeari ekonomikoki ondo etorriko zaiola. Honek analisi sakon bat eskatzen du, ezin da besterik gabe esan. Turismoaren literatura akademikoan sarritan erakutsi da lanpostuak sortzea eta natura kontserbatzea helburu dutela dioten proiektuek, lehenik eta behin, baliabide naturalen gaineko presioa areagotzen dutela (edo zuzenean haien sarbidea eta kontrola mugatzen dutela) eta interes pribatuei erantzuten dietela. Turismoaren azpiegitura-inbertsioak bultzatzen dituzte, eta hauek gutxitan dute bestelako erabilera bat; askotan, hazkunde-poloak sortzen dira, lurraldeak baztertuz eta desoreka geografikoak eraginez. Fenomeno hau ez da inolaz ere lagungarria eskualdeko beste sektore ekonomikoentzat, eta askotan eraikuntza horiek lur publikoak eta baliabide finantzario publikoak behar dituzte, eskualdeko sektoreen kalterako. Azkenik, eta arestian esan bezala, eskubideen prozedurazko betebeharren artean informaziorako sarbidea izateko eskubidea eta erabakietan parte hartzekoa daude. ‘Guggenheim Urdaibai bai ala bai egingo da’ bezalako baieztapenek ez diote herriari lekurik uzten. Abenduko Busturialdea-Urdaibairentzako Plan Estrategikoan ez zen Guggenheim Urdaibai proiektua eztabaidatu. Nolatan da hori posible eskualdeko “proiektu estrategiko” bezala izendatu badute? Entzute-prozesu bat egin nahi bada, Gernikako manifestazioa hastapen puntu egokia iruditzen zait herriak esan nahi duena entzuteko. Gardentasunez buruturiko prozesu bat falta izan da, hasieratik proiektuaren inguruko informazioa herriari eman diona, eta eskualdeko plataforma eta tokiko taldeak aintzat hartu dituena, eztabaida ireki eta benetako entzute-prozesupean.
Garrantzitsua al da tokiko komunitateak ingurumenarekin eta giza eskubideekin lotutako tankera horretako erabakien aurrean antolatzea?
Ezinbestekoa da, esango nuke. Herriak bere ongizatea tokiko komunitateei, gizarte zibileko taldeei, aktibistei, herri-plataformei zor die, besteak beste. Honek lan handia dakar, eta askotan, aisialdiko orduetan egiten den lan bat da, gainera. Beraz, gure eskubideak historikoki defendatu eta bermatu dituztenei, herri bezala, esker ona eta miresmena eskaini beharko genieke, eta ahal dugunok eta ahal dugun bezala, parte hartu.