Katixa Agirrerekin solasaldia antolatu du mugimendu feministak
'Amek ez dute eta Salve Maria: liburutik pantailara' jardunaldia antolatu du Bermeoko Mugimendu Feministak biharko [otsailak 28]: 18:00etan jarri dute hitzordua, Nestor Basterretxea aretoan.
Amek ez dute eta Salve Maria: liburutik pantailara jardunaldia antolatu du Bermeoko Mugimendu Feministak bihar [otsailak 28] arratsalderako. Bertan, Katixa Agirre idazle gasteiztarraren Amek ez dute eleberrian oinarritutako Salve Maria pelikula ikusteko aukera egongo da 18:00etatik aurrera, Nestor Basterretxea aretoan. Agirre ere bertan izango dela aurreratu dute. Proiekzioa bukatuta, idazlearekin solasaldian batuko dira.
Azaldu dutenez, «zaila» izan da Agirreren, udalaren eta taldekideen agendak bateratzea. Inauteriak tarteko, agian egun aproposa ez denaren beldur badira ere, uste dute «ekimen handia» lortu dutela: «Ekimen potentea lortu dugu. Euskal Herrian ez da oraindik horrelakorik egin». Hala, Bermeoko Mugimendu Feministak eta udalak bertaratzeko deia egin diote herritarrei.
Liburuaren egokitzapenak Mariaren, ama bihurtu berria den idazle baten historia kontatzen du. Mariak berri batekin topo egiten du: emakume frantses batek 10 hilabeteko bikiak ito ditu bainuontzian. Obsesionatu egiten da, eta infantizidioaren itzala «aukera zorabiagarri» bihurtzen da.